argia.eus
INPRIMATU
Amak semeari jarriak
  • I

    Entzun artean danba atean
    eta goizeko zazpiak
    gehiegi ez du babesten justu
    manta beltzaren azpiak.
    Orduan baino ez du hartzen lo
    gau gabeko amestiak,
    baina argiak zulatzen ditu
    etxeko gela guztiak;
    pertsianaren beste aldetik
    sartu nahi du eguzkiak
    zuloetatik barrote gisa
    sartzen baitira izpiak.
Xabier Paya @xabipaya 2007ko abenduaren 18a
Xabier Paya
Xabier Paya bertsolariaIñigo Azkona
II

Ene kuttuna, zer moduz zaude?
Etorri altzora, Urko,
amatxok zerbait esan nahi dizu
ez duzuna sinistuko:
gauean alde egingo dugu
denak lokartu orduko
eta ez gara sekula berriz
Algortara bueltatuko...
negarrez hasi arren ideia
ez duzulako gustuko,
erabakia hartuta dago
eta ez dut aldatuko.

III

“Zergatik joan behar dugu ba?”
duda nabari zaizunez
isil-isilik gelditu zara
nirekiko begirunez.
Zure lekua, zure etxea,
leku hau da zure ustez
eta ez duzu ulertzen zertan
egin nahi dudan nik ihes,
baina oraindik umea zara
dena ulertu ezinez:
galdera ez da, “zergatik”, seme,
baizik eta “zergatik ez”.



IV

Ez duzu argi zein asmo dudan
ezta geldituko garen,
baina afari gozo batekin
eman didazu atseden:
azkar amaitu guztia eta
lokartu zaitez lehenbailehen
ea ekaitza iristerako
aterpe onean zauden.
Ni sukaldean eseriko naiz
dena garbitu ondoren,
ea zu berriz esnatzerako
eguzkia irteten den.

V

Mantsotzearen alde ez dauden
erlojuaren orratzak,
beheko krisketa ireki eta
entzuten diren urratsak,
gerrikoaren marka moreen
estalki ez diren galtzak,
manta gainean jarri ezean
markatu zitezkeen hatzak,
arnasa eten nahiko luketen
lepo gaineko behatzak...
ez dakit nola izan ditudan
orain arteko zalantzak.

VI

Piztia lana amaitu eta
sartu da bere zulora,
baina tartean esnatu zaitu,
piztu du negar-bolbora:
Lasaitu, Urko, hementxe nago,
etorri nire altzora,
ustekabean, ordea, ezin
altxatu zaitzaket gora,
minak indarrak ahitzen dizkit
sorbaldatik ukondora
agian orain dauzkadan zauri
beltzengatik izango da.



VII

“Ez dut joan nahi, ez dut joan nahi”
oihu dagizu ozenki
niri, ordea, barruak diost,
“behingoz atea ireki”:
komeni zaigun bidea zein den
hautatzen baldin baneki!
Orain artean amatxok dena
egiten zuen ederki,
baina etxeko erabakiak
neuk hartuagatik beti
inoiz ez nuen zure aitak ni
jipoitzea erabaki.

VIII

Zurrunga hotsa eta bihotza
izuzko takikardian,
karroan sartu eta tapatu,
gertu gaude atarian.
Ez dut begirik bota atzera,
damurik ez aurpegian,
kalera irten eta metrora
bultzatu zaitut abian.
Ez dut ulertzen, ez dakit nola
ihesaren histerian
seguruago sentitzen naizen
etxetik at gauerdian.

IX

Metrora igo eta astiro
loak hartu dizu gaina
ea urruntzen zaigun urrunen
heriotzaren kodaina;
agian ondo ez da irtengo
ihesaren artimaña
baina gaur lasai egin lo, Urko,
hemen duzu bizkartzaina.
Erabakia bion artean
hartzea hobe zen baina
badakit maita zintzakedala
bertan gelditzeko aina.

Doinua: “Arratsaldeon eta musu bat”.