argia.eus
INPRIMATU
Osmosia erabili energia sortzeko
  • Norvegian energia zentral baten prototipoa eraikitzen ari dira energia osmotikoan oinarrituz. Zer da osmosia? Kontzentrazio desberdinak dituzten bi soluzio mintz baten bidez bereizi ondoren, ura kontzentrazio txikiagoa dagoen soluziotik kontzentrazio handiagoa dagoenera igarotzea.
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko abenduaren 10
Hurum
Hurum Hiria, NorvegiaHurum hiria
Norvegiako hego-ekialdean dagoen Hurum hirian egongo da zentrala, eta haren funtzionamendua ur gaziaren eta ur gezaren elkar-ekintzan oinarrituko da. Proiektua zuzentzen duen Statkraft partzuergoaren arabera, paper-lantegi batean gauzatu nahi da proiektua 2008ko amaiera baino lehen. Norvegiar prototipoan, ur gazia dagoen biltegian ur geza sartuko da eta ondorioz gertatuko den presio handitzea elektrizitatea sortzen duten turbinei eragiteko erabiliko da. Hala ere, instalazioa apala izango da: bi eta lau kilowatt arteko potentzia baino ez du emango. Statkrafteko arduradunek esan dutenez, prototipoaren helburua teknologia hori baliagarria izan daitekeela frogatzea da.

CNRSko zientzialari Gérard Pourcelly-ren arabera, egungo teknologiarekin mintzaren metro koadro bateko lau watt inguru sortu daiteke, beraz hamar kilowatt kontsumitzen duen apartamentu batentzat 2.500 metro koadroko mintza beharko litzateke. Datu horiek ikusita, garbi dago osmosiaren teknologiak dezente egin beharko duela aurrera emaitza egokiak lortu ahal izateko.

Algak, hidrogeno iturri


Gauza ezaguna da energia berriztagarri iturrien artean hidrogenoa dela interesgarrienetakoa, baina jakin badakigu zein zaila den hidrogenoa kopuru handitan eta merke lortzea. Oraintsu, Genevako (Suitza) Unibertsitateko David Rochaix ikerlariak iragarri du algetatik hidrogenoa modu iraunkorrean lortzerik badagoela.

Horretarako, Chlamydomonas alga berdearen geneak manipulatu dituzte. Alga horiek estres egoerara eramanda, hidrogenoa ekoizten hasten omen dira. Aldi berean, euren fotosintesia moteltzea lortu dute, bestela oxigenoa sortuko bailitzateke, eta hori sortutako hidrogenoarekin nahastuko litzateke ura sortuz.

Dena dela, momentuz lortu dena laborategian baino ez da lortu. Orain, eskala handiagora eraman nahi dute ikerketa, ea gauza bera gertatzen den.