Luther Blissett, Q
Dena da pixka bat arraroa, pixka bat diferentea eta pixka bat azaldu beharrekoa Luther Blissetten Q-n. Egilea, hasteko: izena entzunda futbolsofian katedradunari A.C. Milan taldean 1980ko hamarkadan jokatu zuen aurrelari jamaikarra etorri zaio burura. Formateatu diskoa. Nom de plume bat duzu Luther Blissett, pseudonimo bat, atzean egile kolektiboa gordetzen duena. Europa osoko kultur ekintzaileek erabili izan dute deitura hori. Q nobela mugimendu horretako lau kide bolognarren fruitua da, 1999an argitara emana.
12 hizkuntzatara itzuli dute Q, –”etxeko” erdaretara ere bai– eta kritikariek Umberto Ecoren Arrosaren izenarekin alderatu dute. Konparazioak gorrotagarriak dira, zer esanik ez horrelakoak, baina nobela honi merituren bat aitortu behar zaio. Bat, irakurterraza izanda ez dela modan dauden eleberri historikoen txikle bideetatik abiatzen.
Argumentua dugu beste puntu indartsua; istorioa Alemaniako lurraldeetan abiatzen da, Luterok hasitako Erreforma bururaino eraman nahi duten anabaptisten altxamenduarekin. Protagonista behin eta berriro ibiliko da ihesean, Erromako Giovanni Pietro Carafa kardinalaren aginduetara dabilen Q izeneko espioiaren hatsa lepazurrean. XVI. mendeko erlijio gatazken irakurketa marxista –edo– eskaintzen du nobelak; gaur egungo Europaren alegoria izan nahi du istorioak. Anabaptismoa 1960 eta 70eko hamarkadetako mugimendu ezkertiarren pareko azaltzen da. Europan derrigorrez ezkutuan ibili behar du protagonistak eta azkenerako Otomandar Inperioan aurkituko du sosegua.
Gure garaien ispilu: ezkerretik idatzitako istorio onak ere ez dira boterearen jazarpena salatzetik harago joaten. Ez dago alternatibarik, bizirautea baizik. Ispilu hautsiak, inondik ere: Mondadori argitaletxeak zabaldu dizu mundura liburua, Marina Berlusconik –esan behar al dut noren alaba den?– kontrolpean duen argitaletxeak.