argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
Zaurien aurrean zer?
  • Zauria esaten zaio ehun bigunen, azalaren, osotasuna galtzeari. Izan daiteke kanpoko eragile batek sortua –labanak edo bizarra mozteko tresnak–, edo gerta daiteke gorputz barruko eragile batek, hautsitako hezur batek esaterako, zauria eragitea.
Jabier Agirre 2007ko abenduaren 04a
Zauria
Zauria
Zauri bat baloratzeko eta haren pronostikoa egiteko hainbat faktore hartu behar dira kontuan: zerk eragin duen –erorketa bat, traumatismoren bat edo punta zorrozdun zerbait bat izan den arrazoia–, nola sortu den zauria, haren garbitasun maila, sakontasuna eta hedadura eta inguruko beste organoren bat erasan duen ala ez.

Zauriaren ondorioz mina sentituko dugu, are gehiago gune mugikor batean edo giltzadura batetik gertu izan baldin bada. Zauriak odoljarioa eragin dezake, azaleko lesioa dela-eta leku horretan odol-hodiak –handiak nahiz txikiak– hautsi edo eten egin direlako. Zauria lokalizatua eta txikia baldin bada, bizarra egiterakoan gertatzen direnak esaterako, odol galera oso txikia izango da. Baina erasandako azalera handia bada, zauria azalekoa izanda ere, odoljarioa etengabea izan daiteke, eta seruma –odolaren zati argia– ere gal daiteke. Zauriak gune sakonagoak erasaten baditu, odol-galera handiagoa izango da, batik bat egitura baskularrak kaltetu badira. Arteria baten lesioak odoljario handia, taupakaria eragiten du; zain bat baldin bada, irtengo den odola ilunagoa izango da kolorez, eta mantsoago kanporatuko da. Azkenik, zauriaren garbitasunari ere erreparatu behar zaio. Zauria eragin duen objektua zikina edo herdoildua badago, gaiztotzeko aukera gehiago dago. Kontuz tetanosarekin.
Zauri baten aurrean gomendio batzuk bete behar dira:

- Ondo garbitu zauria, ur askorekin.

- Zauri txikiak, azaleko ebakiak edo erredura arinak produktu egoki batekin desinfektatu behar dira.

- Odoljarioa gerarazteko, zanpatu zauri gainean minutu batzuez.

- Zauria estali ala ez erabaki behar izaten da. Zikindu eta gaiztotzeko arriskurik balego, hobe da zauria estaltzea.

- Beti kontuan hartu tetanosaren aurkako profilaxia egiteko beharra dagoen ala ez.