Euskaltzaindiak “drogazale” hitza aholkatzen du "drogadikto" hitzaren ordez. Ondo irudituko zaizu, noski...
Jakina. Adikto, menpeko eta holako hitz peioratiboek drogetan aurki daitekeen alde ona ikusteko gai ez diren moralista ustelen ukitua dute.
Zuk ez al duzu kontrakoa egiten: drogaren alde txarra ezkutatu?
Nik ez dut ezer ezkutatzen, baina alde ona ere ezagutu behar dugula uste dut. Eta erabakitzeko askatasuna eduki behar dugula erabilera arduratsua egin ahal izateko.
Droga onak eta droga txarrak al daude?
Drogak erabiltzeko modu onak eta txarrak daude, drogek ez daukate gizakiok beraien aitzakiaz egiten ditugun astakerien errua.
Egin berri diren kontrolen arabera, hirutik batek droga hartuta gidatzen du. Eragiten dituzten istripuetan droga hartu ez dutenak ere hiltzen dira...
Edozein sustantzia legezko edo legez kanpoko hartuta, besteentzako arriskua sortzen duen gidaria zigortu behar da. Baina hasi berri diren kontroletan kontsumitzaile guztiak zigortzen dituzte, baita eragina aspaldi pasatu zaiona ere.
Hedabideetan zuk bezain ondo hitz egiteko, komenigarria al da maria erretzea aldez aurretik?
Maria hitz egin eta gero erretzen dut, inoiz ez lehenago, bestela gehiegi luzatu edo haria galtzeko arriskua dut. Idazteko, berriz, lagungarria izaten zait ia beti.
Mariari buruzko poema batean sartuko zenukeen bertsoa...
Sentitzen dut, baina oso txarra naiz bertsotan. Prosaz esan ahal dizuet maria lagun ona baina maitale jeloskorra dela.
Hedabideetan agertzearen erotikaz hitz egin zenezake?
Nik ez diot “puntu” erotikoa aurkitzen. Zalantzarik gabe, boterea ematen dizu eta jende askok zu ezagutzeak abantaila batzuk ematen dizkizu. Baina era berean, ezaguna izateak askatasuna kentzen dizu, paranoia sortzen dizu, ez da egia gehiago ligatzen denik, eta astun pila batekin toreatu behar da.
Zein da zure hobby gustukoena?
Sexua esango nuke, baina ez da hobbya, oinarrizko beharra baino. Beraz, klasiko jarriko naiz eta mendian ibiltzea eta baratza lantzea erantzungo dut.
Dena eraman nahi izaten duzu baratzera!
Zergatik ez? Baratza oso leku atsegina da. Txinako esaera zahar batek dio bizitza osoan zoriontsua izateko bidea baratza edo lorategi bat zaintzea dela.
Behin Zutik alderdiaren kartel batean ikusi zintudan, gaixo bat anbulatoriora eramaten... Modelo bat bezala posatzen azken finean!
Gizonok modelo berriak behar ditugula uste dut eta, lotsa eman bazidan ere, posatzeko konbentzitu ninduten. Eta ez zait damutzen, kanpaina polita izan zen.
Baina zure buruaren hain irudi ona ematea ez al da harrokeria bekatua?
Ni ez naiz ezeren eredu sentitzen, eta jendeak badaki horrelako kanpainak hausnarketara bultzatu nahi gaituen antzerki mota bat baino ez direla. Gainera, seguru nago batzuek esango zutela: “Begira Barriuso hori guai planta egiten!”.
Esaldietako bat hautatu mesedez: “Beste mundu bat posible da” ala “badira beste mundu batzuk baina honetan daude”.
Biak dira egia borobilak. Zergatik hautatu behar dut bata ala bestea?