argia.eus
INPRIMATU
Kain nafarrak
  • XIX. mendean zein XX.aren hasieran, Nafarroako eskuin politiko, mediatiko, erlijiosoak esaten zuen Foru Erkidegoan ez zela apenas hilketarik izaten, eta are gutxiago pasio krimenik. Tesiaren argudio nagusia zen pasioak ezin zituela itsutu nafarrak bezalako herritar fededun jator eta garbiak.
Juan Kruz Lakasta Zubero 2007ko abenduaren 03a
Juan Kruz Lakasta
Juan Kruz Lakasta kazetariaMikel Saiz
Hain justu tesi hori hankaz gora jartzeko xedearekin, iragan hamarkadan Victor Moreno idazle iruindarrak –Ramon Lapeskera ezizenarekin– bi liburu karrikaratu zituen aipatu aroan Nafarroan gertaturiko krimenak bilduz, betiere arreta berezia eskainiz pasio krimenei, hau da, bihotz –edo hankarte– kontuekin loturikoei. Prentsatik zein artxibo ofizialetatik egiazko hamaika kasu bildu zituen, gero bere lumaren literatur trinkoarekin kontatzeko. Lan eskerga horren fruitua, Caínes Navarros eta Crímenes en las calles de Pamplona, odolez ez zipriztintzeko zira eta katiuskak jantzita irakurri behar diren liburu interesgarriak.

Garai batean pasio krimen deitzen zituztenetako gehien-gehienak egun hilketa matxistatzat joko genituzke. Hartara, dokumentaturik dago gurean aspaldidanik, oso aspaldidanik existitzen dela emakumeenganako indarkeria. Argi uztea komeni delakoan nago, irudipena dudalako aspaldi honetan gero eta hedatuagoa dagoela genero indarkeria oro har, eta hilketa matxistak bereziki, etorkinen kontuak direla. Datuak haien erruz okertu direla. Badirudi berpiztu egin dela nafar jatorrok –berdin balio du euskal herritar jator guztiontzat– ez dugula horrelakorik egiten.

Gurean bikotekideak emakume bat hiltzen duen aldioro, hiltzailea edota hildakoa etorkina bada, komunikabideek berehala nabarmentzen dute nongotarra den, non jaioa den. Egunkarietan, hizki molde handienekin egiten dute. Gehienetan, tituluan. Bestela, azpitituluan. Aldiz, biok, borreroa eta biktima, euskal herritar peto-petoak badira, nekez jakinen dugu zehazki non jaioak diren. Agian, eta soilik agian, testuko hizki txikietan irakurri ahal izanen dugu. Telebistetako zein irratietako albistegietan gauza bera gertatzen da.

Hori guztiori horrela, deigarria egin zait zenbait erakunde ofizialek eta Amnesty Internationalek berak, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren karietara, mezu nagusitzat ibili izana emakume etorkinak direla indarkeria matxista modurik gordinenean pairatzen dutenak. Badakit egia dela. Badakit Euskal Autonomia Erkidegoan, genero erasoa pairatu duten emakumeen artean, etorkinak %30 direla, nahiz eta berez emakume guztien artean %5 besterik ez diren. Badakit hori salatzeak kontzientziatzen eta konponbideak bilatzen lagun dezakeela. Baina halere arriskutsua iruditzen zait, klixe arrazista indartu egiten duelako.

Datu estatistiko guztiak modu askotan irakur daitezke. Eta, nire uste apalean, gaudenetan egonda, ongi legoke nabarmentzea genero indarkeria pairatzen duten emakumeen %70 euskal herritar peto-petoak direla. Erasotzaile zein erasotu gehienak euskal herritar zintzoak direla. Ardura ez dela besteena. Errua gurea dela.

Gurea, euskal herritar peto-petoena. Eta gurea, kazetariena. Egunotan indarkeria matxistaren inguruan entzun dudan gogoetarik zentzuzkoenetakoa, Xabier Aierdi soziologoarena: ahalik eta lasterren frogatu behar da isiltasun mediatikoa konponbide moduan. Hau da, lagungarri izan daitekeela fokuak aldentzea gizonkeriak eragiten dituen heriotzetatik, inori ideiarik, eredurik, oihartzun mediatiko zabaleko mendekua gauzatzeko aukerarik ez eskaintze aldera. Guztiz zentzuzkoa dirudi. Ez diot beste inori entzun edo irakurri. Bitartean, aurrera segitzen dute reality showek, xehetasun morboso eta odoltsuz beteriko albistegiek, erruaren zama etorkinengan jartzen duten informazioek.