18/98 auziagatik atxiloketen aurkako manifestazioa BilbonJon Hernaez/Argazki Press
Ustezko etakideek Landetako Capbretonen egin zieten tiro guardia zibilei, hauek etakideen zaintza lanak egiten ari zirela. Espainiako Barne Ministerioaren esanetan, armarik gabeko guardia zibilek ezustean egin zuten topo etakideekin eta hauek ezagutu eta tiro egin zieten. Schengeneko akordioek polizi lanak norberen estatutik harago bideratzea baimentzen dutenean, ez da oso ulergarria guardia zibilak armarik gabe joatea, are gehiago etakideen zaintza lanetan arituz gero hauekin topo egin dezaketenean. Areago etakide eta frantziako poliziek aurrez aurre topo egindako zenbaitetan elkarren aurkako tiroak izan direnean.
Ikuspegi humanotik berdin dio A, B ala C hipotesia nagusitzen den, pertsona bat gehiago hil da. Baina analisi politikorako garrantzitsua da jakitea zer gertatu zen zehatz-mehatz, batez ere ETAk ez duelako atentaturik egiten Frantzian eta are gutxiago hildakoak eraginez. Denak adierazten du polizi eta iheslarien arteko harrapaketa joko arriskutsu horretan, oraingoan bi guardia zibilak atera direla galtzaile.
ETAk su-etena formalki hautsi zuenetik asko hitz egin eta idatzi da bere hiltzeko borondateaz. Atentatu batzuetan ez dirudi horretarako zalantza handirik zegoenik, bereziki Bilbon Gabriel Gines bizkartzainaren aurka egindakoan edo Getxoko epaitegietan jarritako bi lehergailuenean. Edozein eratan, pasatu behar zena pasatu da. Alferrik da ETA azkenetan dagoen ohiko musika. Denak adierazten du ETAk luze iraun dezakeela. Denak adierazten duen moduan orain elkarrizketarako deiak egitea alferrikakoa dela. Su-etenaren ostean alde bakoitza bere dinamika gogorrean murgildu da eta Espainiako hauteskundeak iragan arte jai dago. Eta ondoren, PSOEk irabazten badu bederen, ikusiko da, ez baitirudi negoziaziorako ate guztiak itxiak direnik. Hori ikuspegi baikorrena da, ezkorrenak beste bost-sei-zazpi urtetarako gatazka bortitza iragartzen du.
ZIKLO BORTITZ horrek, dena den, dagoeneko harrapatu ditu 18/98ko berrogeitaka auzipetuak. Gehienak espetxean dira jadanik, aurreikusten zen bezala espetxe zigor gogorrekin (9-18 urte artekoak). Egun bakarreko espetxe zigorra ere justiziaren aurkakoa litzateke, baina jasangarria. Idazteagatik, mugimendu sozial batekoa izateagatik, enpresa jardunagatik edota politikoagatik10 urte espetxean iragan beharrak eskizofrenia juridiko-politikoan jartzen gaitu. Ez da berria egoera, baina muturrera eramaten ari da eta, beti erakusten den bezala,
harago ere eraman liteke. Hori guztia Europako Batasunean, ustezko zuzenbide estatuan, XXI. mendean.
Larriena da neke eta etsipen giroak erantzun eta irtenbide bateratuetarako aukera blokeatua duela. Amorruaren beroak “borroka da bide bakarra” mahaigainera dezake, baina gaur egun arteko borrokak ez bederen, hori inozoenak ere badaki. Ibarretxeren galdeketa ekimena da argazki izoztu honetan ageri den orain arteko berrikuntza bakarra, eta berau ere gero eta aldapa malkartsuagoan ari da.
IÑIGO URKULLUREN jarrera oso esanguratsua izango da aldapa malkartsu horretan Juan Jose Ibarretxeren asmoek egin beharreko ibilbidean. Bizkaiaren indarrak eta kontsentsuak ekarri dute Urkullu EBBko lehendakaritzara, baina, orekaren bila, denak adierazten du berak ordezkatzen duenak Ibarretxeren politikaren kontrapisu egin beharko duela. Bere unea itxaroten jakin izan du eta une erabakigarrian heldu da EBBko lehendakaritzara. Aurrera urrats geldo baina tinkoarekin egiten duenetakoa da.
Ponentziek, dena den, errazago eusten diote kontsentsuari jardun politikoak baino. Lehen patata beroa esku artean du dagoeneko, martxoko Espainiako hauteskunde orokorretan: koalizio zabalean joan, EArekin ala bakarrik? Ez da erraz irudikatzen Urkulluk gidatutako EAJ koalizio zabalean, Ibarretxeren indarraren agerle litzateke hori. Hurrengoa ekainekoa: non jarriko du EAJk Espainiako Gobernuarekiko akordioaren langa? Eta ondoren super-aldapa: nola egin aurre galdeketari?