argia.eus
INPRIMATU
Errentagarritasuna
Joxerra Garzia 2007ko abenduaren 03a
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia irakasle eta idazlea
Errentagarritasuna kulturan, alegia. Prezioaren eta ordainetan jasotzen denaren arteko erlazio egokia besterik ez da errentagarritasuna. Horrela esanda, ez dut uste inork zalantzan jarriko duenik formula hori. Komediak gero datoz, formula aplikatzen hasi eta prezioa eta ordainetan jasotzen dena zehazterakoan. Kulturaren alorrean behintzat, ez dira horiek kalkulu errazak.
Zein izan da, esaterako, Guggenheimen prezioa? Dirutan zenbat kostatu den ere ez dakit nik, baina ez dut uste dirutan bakarrik kalkulatu behar genukeenik museoaren prezioa. Egitasmoa sortu zenean kulturgintzan zihardutenei galdetu, ea zenbat buruhauste, haserre eta itolarri kostatu zitzaien titaniozko museoa. Ordainetan, berriz, zer eman digu Guggenheimek? Onura batzuk begi-bistakoak dira: Bilboren itxura-berritze miragarriaren ardatz izan da museoa, ez dut ukatuko. Kulturgintzako gauzak kulturgintzari dagozkion irizpideen arabera ebaluatzearen aldekoa naizen aldetik, ordea, ez dut ulertzen nola izendatu duten museo titanikoa “euskaldun unibertsal”.

Neure inozoan, uste nuen euskalduntasunean sakontzea zela unibertsal izateko bide bakarra. Antza denez, ordea, bada horretarako hori baino bide errentagarriagorik. Batzuentzat, behintzat.