argia.eus
INPRIMATU
Abarrak
Balekoa (Elikatzen dugun sistemaz gogoetatzeko modukoa)
  • Filma: Leones por corderos (Lions for lambs). AEB, 2007. Zuzendaria: Robert Redford

    Film bat ikusi orduko, jeneralki, zer edo zer irakurri duzu berari buruz. Irakurri nuen kritikak iparamerikar sistema politikoa eta zuzendaria “azaleko demokrata”-tzat jo zituen. Film honekiko azaleko inpresioak dituzu nire hauek.
Mikel Asurmendi @masurmendi 2013ko maiatzaren 06a
Lions for lambs
Lions for lambs Robert Redfordek zuzendutako filma
Pelikularen aurrean nauzu jadanik. Hiru leku ezberdinetan garatzen dira berau osatzen duten istorioak, hirurek lotura daukate alabaina: irakasle baten (Robert Redford) bulegoa, senatari errepublikar baten (Tom Cruise) bulegoa eta Afganistango mendi tontor elurtsua. Dozena erdi bat dira protagonistak. Gerra sekuentzia eskas batzuk tarteko, bitarteko gutxirekin egindako filma duzu. Muntaketa xumea da. Pertsonaien arteko elkarrizketak dira filmaren oinarri eta berme. Gaia AEBen eta Ekialde Ertaineko (Afganistan, Irak...) herrialde arabiarren arteko gerra(k). Istorioak harrapatu nau. Gustatu zait zinematografiari dagokionez. Balekoa dut. Alejandro Gonzalez Iñarrituren Babel filma gogoratu zait: “Robert Redfordek, zuzendari eta gidoilari bera izaki, ez du Iñarrituk bezala Guillermo Arriaga gidoilariarekin gorabeherarik izango”, pentsu dut. “Botere gorabeherak, hots”.

Robert Redfordez beste, Tom Cruise senatariak nahiz Meryl Streep kazetariak ederki jokatzen dituzte beren rolak. Istorioa osatzen duten narrazioak ondo uztartuta daude. Konturatu orduko filma amaitu da, ia ohartu gabe irentsi dut istorioa. Bikain! Hollywooden dohaina, alajaina. Zer besterik eskatu film bati? Beno, bai. Filmak bizitzari eta garenari buruz gogoetatzeko parada ematea. Esate baterako.

Istorioari buruzko nire ikuspuntu ideologikoa nahi duzu honekin bukatzeko, noski. Hona: senatari errepublikarra senatari demokrata izan daiteke, baita Europako senatari sozialista edo popularra ere. Senatari errepublikarren aurrean dagoen kazetaria berriz, gutako edozein kazetari. Dihardugun hedabidearen botereak ezberdintzen gaitu, naski. Baina denok gara boterearen transmisio gailu, baita boterean –aldian-aldian– dagoenaren aurka ari garenok ere Aldez edo moldez denok elikatzen dugun demokraziaren –boterearen– araberako egituretan ari gara-eta. Filmeko –unibertsitateko– irakasle idealistaren rolean Europako edozein irakasle izan daiteke, Euskal Herriarentzat demokrazia aldarrikatzen duen ezkerreko edozein irakasle barne.

Amaitzeko, irakasle idealistak ikasle herritar lehoiak nahi ditu bildotsen beharrean. Nik bizi dudan demokrazia hollywoodar honetan, lehoiak otsoak dira eta bildotsak berriz mordo. Zernahi.