Uda ostean berotasuna

  • Greziar mitologiak kontatzen duenez, Prometeok sua lapurtu zion Zeusi gizakiaz errukitu eta hauei indar pixka bat eman asmoz. Azkenean, zigortu egin zuten Jainkoena zen elementu hau gizaki ahulen eskura jartzeagatik. Mitoak mito, Jainkoen beldurrak egia bilakatu eta asko dira urtero gizakiaren erruz erretzen diren baso, sastraka eta belardiak. Euskal Herrian urrian hasi zen sute denboraldia eta apirilera arte iraungo du. Nahiz eta sute kopuruak gora egin munduan, azken urteetan nabarmen egin du behera Euskal Herrian, honezkero, lotsagorrituta behar duen Prometeori zigorra kentzen lagundu nahi bagenio bezala.
Nicolas Regerat
Nicolas Regerat Hendaiako suhiltzaileen kapitainaDani Blanco
Beren ohiko tenperaturetara ezin bueltatu dabiltza oraindik ere Grezia edo Kaliforniako lur sail berotuak. Euskal Herrian 1982 eta 1989. urteetara egin behar da atzera garai goriez hitz egiteko. Milaka izan ziren erretako hektareak, eta hura bizitu zutenen memoriaren sail bat ere garrek belztu zutela esan liteke. Ordutik ez da hain egoera larririk izan, eta azken urteotan beheranzko joera garbia da administrazioetako estatistikei begiratuz gero. Hala ere, uda igaro eta eguraldi hotz eta euritsuak hasi diren arren, basozain eta suhiltzaileek sasoi honetan pizten dituzte alarma guztiak, gure lurraldean sute arriskua urritik udaberrira arte luzatzen baita.

Gutxi izango dira Gipuzkoan Donostia, Lasarte, Astigarraga eta Usurbilgo mendiak Juanito Zapirain basozainak bezain ondo ezagutzen dutenak. “Bizitza karanbola bat da”, dio irribarrez. Txiripaz ez omen zen geratu baserrian, eta kontuak kontu, mendizain izateko oposizioetan eman zuen izena. Lehen urteetan Elgoibar (Gipuzkoa) inguruan ibiltzea egokitu bazitzaion ere, ondorengo hamalauak Donostialdeko txoko-bazterrak zaintzen daramatza. Bakarka edo binaka, goizetan lan aktiboagoa egiten dute; adibidez, inguruak gainbegiratu, isuriren bat izan bada hara joan eta neurriak hartu, ehiztariak kontrolatu edo mendira joan nahi duen kamioiren bati baimena eman. “Beti dago zerbait egiteko”, dio. Bere lana gustuko bide du, betidanik izan baitu naturarekiko miresmena, eta horren adibide da ongi zaindutako koaderno bat erabiltzen duela inguruko enborrik handienen perimetroei buruzko oharrak hartzeko. Hamalau urtetan aurrera eramandako azterketa honen bidez, zuhaitzak hazten nola doazen erraz ikusten da. Adibide bat hartuta, “Markes basoko haritza” lehen aldiz 2003an neurtu zuenean 3,50 metroko perimetroa zuen eta 2007an 3,70ra hazia zen. Hala ere, bat baino gehiagoren garapena “haizeak botata” hitz tristeekin moztu behar izan du.

Errenteriako (Gipuzkoa) Zapirainen hitzetan, mendia ezagutuz gero, gauza jakina da Kantaurialdean hezetasun handia izaten dela udan; beroa egin arren, noizean behin euria ere egiten duenez, landaredia berde-berde izaten da. Berde den lekuak hezetasuna badela esan nahi du eta horrek ez dio suari aurrera egiten uzten, horregatik, umidurak behera egin ahala igotzen da sute arriskua, zer esanik ez hego haizeak hauspo-lana egin dezakeenean. Araba eta Nafarroako mendiek itsasotik datorren hezetasunari eusten diote eta horrek mikroklima hezea sortzen du Euskal Herrian. Nikolas Regerat Hendaiako (Lapurdi) suhiltzaileen burua Zapirainekin bat dator: “Udan mendiak sobera berde izaten dira eta hor ezin surik sortu”. Udazkenetik aurrera tenperaturek behera egiten dute eta landaredia lehortu egiten da. Otea, garoa eta orbela, besteak beste, lehor-lehor eginda geratzen dira lurrean geruza antzeko bat sortuz. Egoera horretan asko handitzen da sute arriskua, berotegi efektua eragiten baitio lurzoru idorrari. Euririk egin gabe egun batzuk daramatzanean, hego haizearen laguntzarekin, nahikoa da zigarrokin bat mendiak pixkanaka su hartzeko.

Azken urteotako beheranzko joera

Dena den, administrazioek emandako datuen arabera, sute kopuruan beheranzko joera garbia ikusten da Euskal Herri osoan. Muturreko adibide bat hartuta, duela 25 urte, Arabaren laurdena ke artean joan zen, 2.667 ha erre baitziren 105 sutetan. Iaz, berriz, probintzia berean 25 ha erre ziren 38 sutetan. Estatistikei erreparatuz, zenbakiak txikitzen joan dira eta azken urteotako mailarik baxuena izan zen 2006koa –ikus hurrengo orriko taula–. Aurten marka horiek hobetzeko bidetik doazen arren, oraindik ez dituzte datuak plazaratu.

Estatistiketarako txostena egiteko sute bakoitzaren ondoren basozainek duten ustea hartzen da kontuan. Txosten horiek urte amaieran plazaratzen dira eta urtearen balorazioa egiteko balio dute, bertan aipatzen baitira kalte, kostu eta kausak. Adibidez, Gipuzkoako iazko datuei so eginez, deigarria da basozainek tximistei egotzi dizkietela suteen %2, nekazal erreketei %5, larreen erreketei %7 eta nahita emandakoei %33.

Kalte egin nahi duen norbaitek suaren jokaera ezagutzen badu, mendiko moto bat hartu eta metxero batekin mendi osoak kiskal ditzakeela erakutsi dio esperientziak Zapiraini. Gutxi direla uste duen arren, bere ustez piromanoak dira arriskutsuenak eta Euskal Herriko mendietan izaten diren suteen atzean interesak izaten direla ziur dago. Mendizainaren iritziz, baimena izan edo ez, artzain askok suak pizten dituzte inguruak txukundu edo larrak hartutako belazeak garbitzeko. “Pare bat piromano bakoitzeko, milaka nekazari edo artzain arriskutsu daude”. Horren harira, Nikolas Regerat suhiltzaile lapurtarrak 2000. urteko otsailean gertatua ekarri du gogora: “Ezterenzubin (Nafarroa Beherea) tragedia handia gertatu zen orduan, artzain batek piztutako suak mendian zebiltzan bost pertsona inguratu eta bertan hil baitzituen”. Baina Regerat kapitainak uste du piromanoak ez direla hain gutxi uste du: “Azken urteetan behera egin du sute kopuruak pertsona horiek ez dutelako aukera onik ukan surik pizteko, baina parada izaten dutenean ez dute galtzen uzten”. Gainera, ziur dago gauez pizten dituztela, errazago hanka egiteko.

Piromanoak gutxi ala asko izan, gehiago dira gizakiaren axolagabekeria edo hasiera batean kontrolatuta piztu eta eskuetatik ihes egindako txinpartak. Bizkaiko Aldunditik diote istripuz edo nekazaritzako arloetan egiten diren garbiketengatik, sutea sortu duenaren kontroletik haratago joaten bada, larrialdietara egiten dutela dei. Kasu hauetan erantzuna emateko denbora laburra izaten da eta suteak amatatzeko baliabideak epe laburrean jartzen dira. Bizkaiko Alduntidik diotenez, mendiko bide sare onei eta suteen prebentzioan lan egiten dutenei esker salbatzen dira mendi-sail asko urtero. Hego Euskal Herrian 263 basozain daude mendi eta basoak zaintzen.

Suteen errudunak harrapatzea ez da lan samurra izaten, kea zeruan nola, hala desagertzen baitira hauek. Piromanoek neurri guztiak hartzen dituzte ez ditzaten harrapatu. Egun, eragindako kaltearen araberakoa izaten da ordaindu beharreko zigorra. Ez dira gehiegi aldatzen kopuruak probintzia batetik bestera, eta adibidez, Gipuzkoan urraketa arinak 1.000 euro arteko zigorra dute, larriek 10.000 artekoa eta oso larriek 100.000 eurorainokoa. Larritasuna kalteak konpontzeko kostuaren eta denboraren arabera sailkatzen da. Kode penala aplikatuz, kartzela zigorrak ere ezar daitezke: sua piztu baina sutea ez badu eragin, sei hilabete eta urtebete artean; sutea sortuz gero, urtebete eta bost urte artean; eta sutean pertsonen bizia arriskuan jarri badu, 10 eta 20 urte arteko kartzela zigorrarekin zigor daiteke eragilea. Regerat suhiltzailea pozik da legeak ere gogortzen ari direlako denborarekin. “Ezterenzubiko gertaera tristearen ostean, adibidez, prefetak legea gogortu zuen suak noiz eta nola piz daitezkeen zehaztuz”.

Sutearen jatorria identifikatzeko, kataluniarrek oso teknika aurreratuak dituztela dio Zapirainek. Belar eta adaxken zein alde dagoen beltzago aztertuta, haizearen norabidea zehazten dute, eta horrekin batera, sua nondik etorri den. Honela, pixkana-pixkana, mendi oso bat kiskali ostean, sua piztu den metro koadroraino hel omen daitezke eta bertan pospolo bat aurkitu.

Basoberritzea eta prebentzioa

Sutea izan ondoren, baso ingeniarien esku geratzen da basoberritze plana egitea. Lurzoruaren ezaugarriak, basoaren altuera, mendiaren forma, inguruko erreken ugaritasuna eta beste zenbait faktoreri begiratuz erabakitzen dute zein diren berriz ere landatzeko zuhaitzik egokienak.

Sua geratzeko baso itxiak, pagoak, izei sailak eta antzeko ezaugarriak dituzten zuhaitzak behar izaten dira. Bigarren maila batean leudeke haritz eta urritzak, suari bere neurrian, baina aurrera egiten uzten baitiote. Azkenik, eukalipto eta pinuek suaren aurka ez dute ezer ere egiten eta azkar hartzen dute su, izan ere, hauek erraz baimentzen baitute lurrean sastrakak jaiotzea, eta horiek dira suteen kausa nagusiak. Euskal Herriko basoetan pinua da nagusi, baina orain, pixkana-pixkana, beste zuhaitz motak ari dira ereiten. “Suteen ondoren beti horiek landatzen zituztenean, atzean interes ekonomiko argiak zeuden. Orain berriz, pinu-egurraren balioak behera egin du eta ekologia indar-hartzen doa, CO2aren aurka hobeak baitira haritz edo pagoak, eta aisirako ere, zer nolako ezberdintasuna bazter guztiak sastrakez betetako pinudi batetik pasioan ibiltzearen edo haritzek sortzen duten gerizpe txukunetik ostera egitearen artean!”, dio Zapirain basozainak.

Etxeak berreraiki, kalte ordainak jaso, eta azkenerako lur eremuaren zati bat berriz ere berdatzen joaten da. Alabaina, dena lehen zegoen bezala geratzea ezinezkoa izaten da. Lur eremu publikoetan hazitako basoa izanez gero, berriz ere erein egiten da. Zapirainen hitzetan, pribatua bada, askotan nazkatu egiten dira basoa zaintzeaz eta ez dute berriz ere landatzen. Hala egin nahi badute, instituzioen aldetik diru laguntza bereziak jasoko dituzte kaltetuek.

Administrazio guztiak bat datoz: sutea gertatu ostean, sutearen kausak bilatzen dituzte eta planifikazioan egindako akatsik ikusten badute, hori konpontzeari ekiten diote. Su ebakiak egin, mendira heltzeko pistak hobetu edo elektrizitate zutoinen bat izan bada txinpartaren sorburua, neurriak hartzen dituzte. Honez gain, sentsiblizazio kanpainak egiten dituzte, biztanlegoaren kontzientzian eragin asmoz.

“Egungo gizarte aurreratuan denetik dugu: basozainak , suteen aurkako sentsibilizazio kanpainak hedabideetan, suhiltzaileak beren kamioi, helikoptero eta abarrekin; baina kontua da, gure aiton-amonen garaian apenas izaten zela suterik mendietan”, dio Errenteriako mendizainak. “Lehen jende asko nekazaritzatik bizi zenez, mendiak txukun-txukun izaten zituzten eta honez gain, esango nuke jendea ez zela hain axolagabea”. Azken urteotako beheranzko joera euskal biztanleria kontzientziatu egin denaren seinale litzateke, baina bai Nikolas Regerat eta baita Juanito Zapirainek ere lanean jarraitu beharko dute, gerta daitekeen edozein gorabeherari aurre egiteko. Denboraren joanarekin, errenteriarrak koadernoan zuhaitzik sendoenak markatzen jarraituko du eta agian, ez du paper zuriko zuhaitzen garapenik “kiskalita” hitz beltzarekin erre beharko.

Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Lore Lujanbio
“Zaintza lanak ez dira jarduera zehatz bat; produkzio-erlazio patriarkalek ekoizten dituzte”

Tesia amaituta, pozik dago Lore Lujanbio. Militantziarako denbora gehiago du, besteak beste. Mugimendu transfeministaren erronkez galdetuta, hauek identifikatzen ditu: neoliberalismoak mugimenduaz egin duen apropiazioari heltzea, faxismoaren eta erreakzio heteropatriarkalen... [+]


Eguneraketa berriak daude