Sonia Raymundo, Rigoberta Menchú Tum fundazioko hezkuntza arloko aholkularia da eta Adela Ajquijay, Kaqchikel fundazioko zuzendaritzako kide eta soziolinguista. Gainerako zazpiak bezala, euskararen esperientzia ezagutu eta lekuan lekuko errealitateak elkartrukatzeko gogoz etorri dira.
Non hitz egiten dira hizkuntza mayak eta zein da euren jatorria?
Sonia Raymundo: Maya hizkuntzak Guatemalan, Mexikoko zati batean eta Honduraseko eremu txiki batean hitz egiten dira. Egun, 22 hizkuntza maya hitz egiten dira Guatemalan eta guztiek protomaya dute ama hizkuntza edo enbor nagusi. Guatemalako biztanleriaren %60 inguru indigena da eta gehienek hizkuntza mayak hitz egiten dituzte.
Zenbat maya zarete eta zenbat hiztun?
S. Raymundo: Guatemalan hiru milioi hiztun inguru gara, baina hori Estatistikako Institutu Nazionalak eta 2002an egindako atlas linguistikoak emandako datua da. Dena dela, gehiago dira. Kopuru horretan ez dira kontuan hartzen haurrak eta Guatemalatik kanpora joandako pertsonak. Esaterako, AEBetan badira maya hiztunak.
Adela Ajquijay: Urte batzuk igaro dira azterketa hartatik eta indigenen komunitateak azkar hazten direla kontuan hartu behar da. Gainera, Estatistikako Institutu Nazionalaren datua da eta Gobernuak gu minorizatzeko joera du. Beraz, ez da datu erreala.
Zein egoeratan daude egun hizkuntza mayak?
S. Raymundo: Hainbat ikuspegitatik ikus dezakegu. Egun maya hizkuntzek alfabeto bateratua dute. Horrez gain, besteak beste, hizkuntzaren korpusarekin loturiko ikerketa ugari egin dira eta baita gramatikaz idazteko ekimenak ere. Baina gaur egun dugun ahultasun nagusia normalizazio falta da.
A. Ajquijay: Egindako ekimenak erakunde pribatu eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GKE) eskutik etorri dira, eta ez hainbeste Guatemalako Estatuaren ekimenetik. Gobernuak babesa eman baino, gutxiengo komunitatetzat hartu gaitu, ez du ikusten gehiengoa garela eta ez ditu gure eskubideak errespetatzen. Esaterako, hezkuntzaren eremuan ez daukagu behar bezainbeste errekurtso, diru eta babesik.
Herri indigenek euren identitate eta hizkuntzak baztertu dituztela esan ohi da. Zein unetan zaudete mayak?
A. Ajquijay: Aipaturiko ekimenak aurrera eramaten ari direnek gure kultura errekuperatzeko konpromiso argia dute. Alabaina, komunitate gehienetan hizkuntzaren erabilera eta elementu kulturalen praktika alde batera uzten ari dira, Estatuak sortu duen diskriminazio politikaren ondorioz. Beraz, korrontearen aurka igeri egin nahi izatea bezala da. Hainbat urtez, kulturaren eta hizkuntzaren bazterketa sistematikoki egin da, eta horrek nabarmen eragin du.
S. Raymundo: Horrez gain, hizkuntzaren deskribapenaren arloan arreta handia jarri dugula eta eremu hori indartuta dagoela uste dut. Baina, batez ere gazteekin, lan asko egin beharra daukagu oraindik. Edonola ere, estereotipoek asko eragin dute eta, noski, gurasoek gaztelaniaren erabilera eskatzen dute eta ez hizkuntza mayarena, ez baitiote garrantzirik ematen. Hezkuntza Ministerioak asko dauka emateko eta onartzeko, oinarrizko curriculum nazionala dagoen unetik, hizkuntzaren eta kulturaren gaia, gai transbertsala izan behar da hezkuntza prozesuaren barnean. Ez da ikasgai soil eta isolatu bezala hartu behar, baizik eta Estatutik guztiontzat kulturen arteko hezkuntza elebiduna indartu behar da. Gaztelania hitz egiten dutenek ere, hizkuntza maya bat ikastearen alde egin behar dute. Horrela baino ez dugu lortuko Estatu elebiduna.
Zein eremutan hitz egiten dira egun hizkuntza mayak?
S. Raymundo: Familian hitz egiten dira bereziki. Eskoletan hezkuntza elebiduna ere txertatzen hasi da maila batean, arazo bat dago ordea. Nik matematikak edo gizarte gaiak ikas ditzaket, baina gaztelaniaz izango ditut klaseak. Gehienez, maya hizkuntzaren ikasgaia izango dut jatorrizko hizkuntzan. Gainera, ez da lehen hezkuntzako maila gorenetara ere heltzen ekimen hori. Unibertsitateari dagokionez, hainbat erakunde batu eta hizkuntza elementu transbertsal gisa ulertzen ere hasi dira.
Hizkuntza mayek ba al dute ofizialtasunik Guatemalan?
S. Raymundo: Hizkuntza Mayen Lege Nazionala daukagu eta berak erregulatzen du hizkuntzaren erabilera. Hala ere, gauden bezala gaude hizkuntza ofiziala gaztelania delako. Estatuak ez du debekatu, baina ez du ekimenik ere garatu. Lortu duguna hainbat hizkuntzaren estandarizazioa da, baina hori ere oso prozesu geldoa da. Esate baterako, Estatu mailan epaitegira edo osasun zentrora joan eta hizkuntza mayan artatzea ezinezkoa da.
A. Ajquijay: Hizkuntza Mayen Akademia da maila ofizialean lorpen handienetarikoa. Egitura zentrala du eta horren ostean 22 komunitate linguistiko daude. Hizkuntza politikan erabakitze falta dago eta finantziazio gabezia ere bai.
Administrazio publikoak zein jarrera erakusten du hizkuntza mayekiko?
S. Raymundo: Erakunde horiek indigena ez direnek eta hizkuntza mayak hitz egiten ez dituztenek zuzentzen dituzte eta horrek zerbait esan nahi du. Egungo Gobernua enpresariala da, Hezkuntza ministroa enpresaria da eta ondorioz hizkuntzarekiko arreta oso urria da.
Belaunaldi berriek nola ulertzen dute euren hizkuntza indigena, zein jarrera dute euren jatorriarekiko?
A. Ajquijay: Komunitate linguistikoaren kokapenaren arabera asko aldatzen da. Herrialdearen erdialdean, esaterako, hiriburuaren gertutasuna garesti ordaindu dugu, hizkuntzaren galerari dagokionez. Alienazio gehiago dago, kulturarekiko bazterketa gehiago. Ezagutu arren, jada ez da erabiltzen. Nekazaritza ingurutik hurbilago dauden eremuetan aldiz hizkuntzak hobekiago mantentzen ari dira.
Zein dira hizkuntza arloko hutsune eta arrisku nagusiak?
S. Raymundo: Niretzat normalizazio linguistikoaren falta da hutsune nagusia. Normalizazio linguistiko bat bagenu, aurrera gehiago egingo genuke. Baina hori maya hiztun guztion esku dagoen borroka da.
Etorkizuna nola ikusten duzue?
S. Raymundo: Guztiok ematen diogun bultzadaren araberakoa izango da etorkizuna. Hizkuntza ez dago galera prozesuan. Badira oso hiztun gutxi dituzten maya hizkuntzak, baina orokorki, erakunde guztiak elkartuko bagina eta helburu berbera bilatuko bagenu, hizkuntzak harago joango lirateke, eta harago joan beharra dute. Garaiz gabiltza hizkuntza indartu eta aldarrikatzeko.
Zerk bultzatu zaituzte hona etortzera?
S. Raymundo: Euskaldunok bizi izan duzuen esperientzia ezagutu eta egungo egoerara iritsi arte eginiko bidea ezagutzeko helburuarekin etorri gara. Argi dago, zuei asko falta zaizue, eta guri zuei falta zaizuenaren bikoitza falta zaigu. Hemen daramagun denboran gure asmoak gainditu ditugu, eta horrez gain, motibatu egin gara. Lanerako are gogo gehiagorekin itzuliko gara Guatemalara.