argia.eus
INPRIMATU
Demokraziak eta demokraziak
  • Ekainaren 10ean, Belgikako Legebiltzar Federalerako 150 legebiltzarkide eta senaturako 40 ordezkari hautatzeko hauteskundeak izan ziren. Ohikoa denez alderdi politiko guztiak irabazle irten ziren oihuka. Orduz gero, azaroa aurrera doan arren, alderdi politikoek ezin izan dute agintzeko akordio orokor bat itundu.
2007ko azaroaren 27a
Antton Egiguren
Antton Egiguren apaizaDani Blanco
Hainbeste arazoren artean, Bruselas-Halle-Vilvoorde (B-H-V) deritzona dago.

Belgika Europako bi kultura handien artean kokaturik dago: zelta-germanikoa eta latin kulturen tartean alegia. Herrialde ttipia izan arren (30.528 km2) nazioarteko hainbat gerla ezagutu duen lurraldea da: Europako Gudalekua deitu izan zaio.

Kultur aniztasuna bertan erabiltzen diren hizkuntzetan nabari da: %60k holandesa (Flandrian kokatua) hitz egiten du, eta %40k frantsesa –Walonian kokaturik eta bertan talde ttipi batek alemana ere hitz egiten du–. Beraz, hiru hizkuntza ofizial elkarrekin bizi dira.

Belgika sortu zenetik (1830ean) gaur arteraino, hainbat arazo handietako bat hizkuntzarena da. Hizkuntza arazoak konpontzeko 1962an konstituzio bat onartu (%75ak onetsia) eta lurralde osoa hizkuntza mugekin (taalgrenzen) egokiturik geratu zen, lau herrialde nabarmen osatuz: holandesa, frantsesa, alemana eta Bruselan –inguruko hemeretzi udalerriekin– elebitasuna. Probintzia eta udalerri guztiek lau eskualde hauetako zati izan behar zuten. Aldaketarik izatekotan, hizkuntza eskualde bateko %75aren gehiengoz bakarrik buru zitekeen. Baina honek ez zuen auzia zuzendu.

Denborarekin, Flandriako bilakaera ekonomikoa zela medio, Walonia aldeko jendeak iparraldera eta Brusela inguruko udalerrietan kokatuz batera, euren hizkuntza –frantsesa hain zuzen– Flandiako lurraldean ere zabaldu ahal izateko “erreztasunak” (faciliteiten) eskatu zituzten. Hauek onartuak eta 1970eko Konstituzioan legez jasoak izan ziren. Baina alderdi politikoek ezin izango zuten ez hauteskunde kanpainarik egin ezta botorik jaso ere Flandrian bizi ziren waloinarrengandik.

Denborarekin Flandriara igaro ziren waloniatarren kopurua, jatorrizkoak baino are handiagoa bilkaturik, Waloniako alderdi politikoek Flandriako alderdian kanpaina politikoa egin dute eta botoak jaso dituzte. Flandriak egoera hau gaitzetsi eta konponbide bat eskatu du joan den hogeitabost urte hauetan: lege arauak bete eta benetako federalismoaren praktikan jartzeko. Walonak horren aurka joanez, Flandriak Belgikaren zatiketa oihukatuz aldarrikatzen dutela desinformatzen gaituzte prentsan. Baldin islamdarrek gure herrietan inoiz gehiengoa lortzen badute, arabiarrak izan behar ote du hizkuntza ofiziala?