Autoen keak bihotzeko
arazoekin du lotura.
Espainiako Estatuko hamalau hiritan egindako ikerketa epidemiologiko batek erakutsi du aireko substantzia toxikoek –batez ere automobilen konbustiotik datozenek, CO eta NO2 gasek, suspentsioan dauden partikulek eta ozonoak– epe laburrean bihotzeko arazoekin edo baskularrekin duten lotura. Kutsadura nabarmen gehitzen den egunetan, arrazoi horiengatiko ospitaleratze kopurua ere %1 handitzen omen da.
Iruñea, Bilbo, Bartzelona, Cartagena, Castelló, Gijon, Granada, Huelva, Madril, Oviedo, Sevilla, Valentzia, Vigo eta Zaragozan hartutako erregistroekin hainbat gauza argitu ahal izan dira. Arazo nagusia erregai fosiletan omen dago; zehatzago esateko, ikatzaren errekuntza ez osoak sortutakoetan eta petrolioaren eratorrietan. Pneumatikoen hondakinak, edo ibilgailuen ihes-tutuetatik ateratzen diren partikula txikiak –hamar mikra baino txikiagoak, PM10 deituak– airean dantzan dabiltza hirietan, haizeak hara-hona daramatzalarik, eta oso erraz sartzen dira gizakion arnas aparatuan.
Zenbat eta txikiagoak izan partikulak orduan eta arriskutsuagoak dira, biriketako albeoloak zeharkatu eta zirkulaziora pasa baitaitezke. Ondorioz, odola koagulatzeko gaitasuna eta plaketa kopurua gehitu egiten da, eta hipertentsioa edo erritmo kardiakoaren alterazioak ager daitezke.
Europar Batasuneko arautegiaren arabera, aireko PM10 partikula kopuruak 40 mikrogramokoa izan behar du gehienez metro kubikoko. Osasunaren Munduko Erakundearen gomendioek, berriz, 20 mikrogramotan ezartzen dute muga. Kontuan hartu behar da, gainera, partikula horiek sufre dioxido, nitrogeno dioxido eta karbono monoxidoarekin erreakzionatzen dutela, eta horrek are larriago bihurtzen duela kutsaduraren eragin kaltegarria.