Zein da zuen proiektuaren helburua?
Honekin hasi ginenean, gogoeta bat genuen buruan: haurrek eskolan dituzten familia eredu anitzak. Haurrek ikasgelan bizi duten egoera bat jaso nahi izan dugu: familiaren dibertsitatea. Gaur oso normala da, ikasgela batean, familia eredu “tradizional” batean (aitak, amak eta seme-alabek osatua) bizi den haur baten ondoan, bestelako familiak dituzten haurrak eserita egotea: guraso bananduen haurrak, adopzioan hartutakoak, bi ama edo bi aita dituztenak, atzerriko haurrak, amarekin edo aitarekin bakarrik bizi direnak... Guretzat denak dira familiak, maitasunak lotzen dituelako. Eta horixe azpimarratu dugu proiektu honetan.
Labur esanik...
Maitasuna dela familiak egiten dituena, odolezko loturen gainetik, aurreiritzi moral, sozial edo bestelako kontsiderazioen gainetik.
Eta zer ikasiko du haurrak bilduma honi esker?
Ba, dibertitzea dela inportanteena; ongi pasatzea baita ikasteko modurik onena; sormena lantzeko, lagunak egiteko... Horretan haurrak azkarragoak dira. Desberdintasunak onartzeaz lezioa ematen digute
Oraingo honekin amaitutzat eman duzue bilduma?
Bilduma bera bai, baina gogoetaren espiritua ez, jakina. Guk puntu bat azpimarratu dugu, eta hortik aurrera etorriko dira horren inguruko proiektu asko. Eta ez gure argitaletxean bakarrik, beste batzuk ere hasi dira bide hori jorratzen. Hori pozgarria da guretzat, gure proposamena sozializatzen ari delako.