Lautada oinpean, trikuharriei itzulia

  • Laurogeita bost trikuharri inguru ezagutzen dira Araban; Aguraindik gertu, Arabako Lautadako goxotasunean, horien artean ezagunenetakoak diren bi daude: Sorginetxekoa eta Aizkomendikoa. Trikuharri horiek bisitatze hutsa Euskal Herriko txoko eder honetara gerturatzeko nahikoa aitzakia ez balitz, mendi txango erraz bezain ederra osatzea proposatzen dugu, lautada hautsiz mila metrotik gora altxatzen den Entzia mendilerroan barrena. Gozamen itzela eremu berdingabean.
Entzia mendilerroa
Entzia mendilerroa (Araba)Gorka Azkarate
Zortzi udalerrik osatzen dute Aguraingo eskualdea: Agurain bera, Dulantzi, Asparren, Barrundia, Burgelu, Gauna, Donemiliaga eta Zalduondo. Udalerri bakoitzak, halaber, Arabako Lautadan barreiaturiko herri eta auzo andana hartzen du bere baitan. Bizkaia, Gipuzkoa eta Euskal Herriko beste inguru konprimituagoetan ez bezala, paisaia eta ikuspegia zabaldu egiten dira eremu emankor honetan, distantziei beste dimentsio bat emanaz, ezinbestean.

Aguraingo erdigunetik abiatu eta Foru kaleari jarraiki herriko irteerarantz joanez hasiko dugu txangoa. Autobide nagusia zeharkatzen duen zubia igaro eta Opakuara eta mendatera doan eskualdeko errepidea hartu arte, auto artean egin beharko ditugu ibilaldiko lehen urratsak, oinezkoentzat propio prestatu gabeko asfaltozko eremu gorabeheratsuan. Okariz herria da, ordea, gure ibilbideko lehen mugarria, eta bertara joko dugu, Opakuara eramango gintuen bideari jarraitu eta ondoren ezkerrerantz joaz edo, hobe, aukeran, autobidea zeharkatu bezain laster Opakuako errepideari paralelo zaion nekazal bide lasaiago bat hartuz. Zangoak berotzeko baliagarri izango zaigun pare bat kilometro egin ostean, Donemiliagako Okariz herrira helduko gara. Udalerri berean dagoen Bikuña izango da gure ondorengo jomuga. Gorabehera handirik gabeko estreinako kilometro hauetan, benetako bakea eta barne atsedena aurkituko ditu ibiltari bakartiak. Hausnarketarako tartea, funtsean. Nekazal bide estu batek lotzen ditu Okariz eta Bikuña, eta luze baino lehen helduko gara azken horretara. Entziako mendilerroa gertu hauteman daiteke honez gero. Hortzak estutu eta lautadatik mendilerrora igotzeko ordua heldu da.

Legaireko soilgunea

Bikuña herritik abiatuz Bikuñako lepora doan bide zabalari jarraitzea da, ziurrenik, Entziako gailurreriara igotzeko biderik zuzen eta erabiliena. Oraingoan, ordea, bide ezezagun baina ezin ederrago bati jarraitzea proposatzen dugu: Mirutegi eta Surbe (Atau) gailurren arteko Atauko mendatera zuzenean igotzen den xenda paregabeari jarraitzea, alegia. Atauko harratetik Legaireko soilgunera heltzea, ibilaldian biziko dugun une zoragarrienetakoa izango da zalantzarik gabe. Harratearen azpiko baso itxiaren gerizpetik Legaireko zelai zabalaren argitasunera igarotzea betegarria da oso.

Harratera heldu eta ezkerrerantz joko dugu lehendabizi, Nafarroa aldera ikuspegi paregabea duen Surbe edo Atauko gailurrera (1158 metro) igotzeko. Parez pare izango dugu Beriain erraldoia, Entzia eta Urbasa mendilerroen ertz amaigabearen zelatari. Lautadaren bestaldean, gertu sumatuko ditugu Aratz eta bere inguruko gailur ezagunak (Allaitz, Allarte, Umandia, Arbarrain…) eta atzean Aizkorriko mendilerroa. Ekialderago, berriz, Aralar hegoaldeko tontorrak, aski ezagunak horiek ere, Putterri eta Artxueta kasu. Eguraldi ona lagun, Kodes eta Kantauriko mendikateek itxiko digute Surbetik izango dugun Araba hegoaldearen gaineko ikuspegi zabala.

Ikusmiraz gozatu eta atseden hartu ostean, Mirutegiko gurutzea dagoen muinorantz joko dugu, Legaireko soilgunea zeharkatuz; Atauko harrate ingurutik bigarrenez igaro eta Mirutegiko azken maldatxoari aurre egingo diogu. Arabako Lautadaren gaineko ikuspegi zoragarriaz gozatu badugu Surbeko gailurretik, Mirutegiko talaiatik izango duguna ere ez zaigu makala irudituko. Urrun xamar hautemango dugu Agurain, dagoeneko badaramatzagu-eta hamabi kilometro inguru ibilbidea hasi dugunetik. Mirutegin (1185 metro) dago Entziako gurutze famatua, baina gailur horretatik hurbil dagoen Ballo (1197 metro) da Entziako punturik garaiena. Legaireko soilgunea utzi, pagadi ederrean barneratu eta Bikuñako lepora eramango gaituen xendaren arrastoak bilatuz –kontu handiz jarraitu kairn edo harri-pilo arrastoei–, Opakuako mendaterako bideari ekingo diogu. Baso pista batetik Opakuako mendateko errepidera hurbiltzen goazen heinean, geroz eta gertuago sumatuko dugu Entzia mendilerroari jarraipena emango dion Arrigorrista gailurra.

Arrigorrista eta Santa Elena

Opakuako mendatean errepidea zeharkatu eta laster agertuko du xendak goranzko joera, Arrigorrista berezia jomuga. Ordu laurden inguruko igoera ederraren ostean, Entzia mendilerroko gailur ezagunera helduko gara. Ikuspegi mugatu xamarra eskainiko digu Arrigorristak (1153 metro), basoak eta landarediak ia guztiz ezkutatzen baitute punturik garaiena. Gaitz erdi, lautadaren gaineko ikuspegia ahalbidetzen duen leihatila bat badagoen. Parean hautemango dugu Arrizala herria, eta bertatik gertu Sorginetxeko trikuharria. Jarrai dezagun, hala ere, Entziako gailurrerian barrena garamatzan txangoa!

Arrigorristarako igoera nahasi xamarra izan bada zenbait unetan, gorabehera askorik gabeko ondorengo kilometroetan xenda eroso eta nabarmena izango dugu lagun, eta bizkor egingo dugu aurrera. Atxuri edo Larredez gailurrera igoko gara ia oharkabean (1103 metro), ibilbideak jarritako beste muino bat baino ez bailitzan. Arrigorrista atzean uztearekin batera xenda basotik irten denez, lautadaren gaineko ikuspegi panoramiko itzela berreskuratu dugu berriro. Eremu honetan, gainera, amildegiaren ertzetik bertatik egiten du xendak aurrera zenbaitetan, ibilbidea are ikusgarriago bilakatuz. Emandako pauso bakoitza dastatuz, San Juan lepora helduko gara. Lepo honetan lautadara zuzenean jaisteko ihesbidea topatuko dugu, luze gabe Egileor herrira doan bidexka, alegia. Guk, ordea, ibilbide zirkularra borobiltze aldera, gailurreriari jarraituko diogu, Santa Elenaren bila.

Agertu eta desagertzen den bidexkarekin jolasean, baina kairn arrastoei adi, aurrera egingo dugu, beraz, Santa Elena (1111 metro) gailurreraino. Mendi honen punturik garaiena basoan dagoenez, metro batzuk beherago dagoen talaia baliatu beharko dugu lautadari azken begiratua egiteko. Izan ere, Santa Elenaren oinean dagoen Luzkandoko lepora jaistearekin batera, gailurreria utzi eta Gereñu eta Alaiza herriak batzen dituen errepideranzko xenda hartuko dugu, Idiagaina, Itxogaina eta Gasteiz inguratzen duten gainerako gailurrak (Kapildui, Pagogan, Lendiz,…) hurrengo baterako utziaz.

Agurainera itzulera

Luzkandoko lepotik lautadarako jaitsiera ere ederra da zinez, txangoari amaiera ezin egokiagoa emango diona. Hankak hosto artean hondoratuz ametsetako baso bat igaro eta urmael bat inguratuz Gereñu Agurainengandik bereizten duen errepidera helduko gara. Errepidea jarraituz Agurainera heldu besterik ez zaigu faltako ibilaldi ezin ederragoa osatzeko. Egun zoragarria igaro izanaren sentipen gozoarekin helduko gara Agurainera. Ez dugu askorik behar zoriontasun betea erdiesteko.

Azkenak
Haurrak gara behelaino artean

Ardatzean haur filosofia izango duen Galdera Basatiak podcastak, ez alferrik, haur filosofia tailerretan barneratzeko asmoa du. Horixe hitzeman digu Iñigo Martinezek lehen atal honetan. Podcastaren zimenduak ezarri dizkigu, markoa marraztu, eta, batik bat, haurtzaroaz... [+]


Langileek epaiketari uko eginda, Guardian enpresak xake mate egin du Laudion, urte luzez jokaldia prestatu eta gero

Guardian Llodio fabrikako behargin gehienek epaitegira jotzeko bidea bertan behera utzi ondoren, multinazionalak lortu du nahi zuena: enpresa errentagarri bat ixtea erabateko inpunitatearekin. Ez da egun batetik bestera sortutako estrategia, eta bide luzea izan arren, erabat... [+]


2025-04-07 | Behe Banda
barra warroak
Zutitu berri denari

Testu hau balorazio bilera baten ondorio dela esan genezakeen agian. Ordea, balorazio bilerek sarritan uzten dute aho zapore lehor eta gazi-gozoa. Astearte arratsalde eguzkitsu bat da. 16:53. Balorazio bilerara konektatu, eta erabaki dugu limoizko karamelu bana sartzea... [+]


Lokizaldeako Euskararen Eguna
“Euskara gero eta gehiago entzuten da eskualdean, bereziki gazteen artean”

Aurtengo Lokizaldeako Euskararen Eguna Murieta herrian ospatu dute, larunbatean, goizean hasi eta ordu txikiak handitu arte. Zita garrantzitsua eta gozagarria da Nafarroako Lizarra ondoko eskualdeko euskaltzaleentzako.


Komunitateaz (eta III)

Komunitateari buruzko artikulu segida honekin hasi nintzenean, Antoine eta Antoine zeuden etxean, gazta-ganbara hutsik zegoen, hiltegirako bueltak asterokoak ziren eta hiru egunetik behin egiten genuen gazta. Hau idazten hasi naizenerako, Picardieko lagunak jaioterrira joan... [+]


2025-04-07 | Iñaki Sanz-Azkue
Suge arrantzalea, errekan barrena

Sugea entzun eta leku lehor bat etorriko zaio burura askori, narrastiek beroa behar dutela ondo barneratua baitu gizakiak. Suge guztiak ez dira berdinak, ordea; denek ez dituzte baldintza berak gustuko, eta horri esker dago, besteak beste, dagoen dibertsitatea. Bakoitzak bere... [+]


2025-04-07 | Jakoba Errekondo
Ustezko nekazaritza eta lur lantzea

Nekazariarentzat baratzea eragozpena besterik ez da. Egungo makina bat nekazari “aurreratuk” horrela pentsatzen du. Bere lanean ez dute baratzerik behar, ezta oilategirik, ezta sagarrondorik, ezta erlauntzarik ere.


2025-04-07 | Garazi Zabaleta
Soilik
Lursail txikian eta inbertsio erraldoirik gabe garatu daitezkeen proiektu agroekologikoak

Gasteizko Basaldea etxaldean dago kokatuta Soilik nekazaritza birsortzaileko proiektua, Abetxuko auzoan, eta Jaime Garcia, Joseba Vigalondo eta Javier Chaves dira bultzatzaileak. “Lehen sektorean, eredu agroekologikoan inkorporazio berriak bultzatzea da gure helburua,... [+]


“Errebeldia hazi egin da Argentinan, herri oso bat bultzaka ari da”

Argentinako Abokatuen Gremioa erakundean egiten du lan Laura Taffetanik (Buenos Aires, Argentina, 1963). Gobernuaren errepresioa pairatu duten maputxe ugarirekin lan egin du azken urteetan, eta Askapena antolakundeak antolatutako topaketa antiinperialisten barnean izan da Euskal... [+]


Ertzaintzak Etxarri II gaztetxea hustu du Bilboko Errekalde auzoan

Iragarrita zegoen moduan, Bilboko Errekalde auzoko Etxarri II gaztetxea hustu du Ertzaintzak 9.00etan abiarazi duen operazioarekin. Arratsaldean protesta manifestazioa egingo dute auzoan, 19:00etan Amezolako tren geltokitik abiatuta.


2025-04-04 | ARGIA
Langile bat hil da Agoitzen obra batetik jausita

Ezbeharra ostegunean gertatu da eta SOS Nafarroak 16:00 orduak jotzear zirela jaso du haren berri. Medikua, anbulantzia et Foruzaingoa bertarako dira, baina ezin izan dute gizona suspertu eta bertan hil da.


2025-04-04 | ARGIA
Euskaraldia Hika-rako 83 herrik eman dute izena

Aurtengo berritasuna da. Ahobizi eta belarriprest rolen artean aukeratzeaz gain, herritarrek Euskaraldia Hikan parte hartzeko aukera izango dute. Hitanoa erabiltzen ez den herrietan, toka eta noka, bien erabilera bultzatuko da, eta hitanoa bizirik dagoen herrietan nokaren... [+]


Eguneraketa berriak daude