argia.eus
INPRIMATU
Berri on-txarrak
  • Bi albiste, ona bat eta bestea txarra, hemengo bi ermitari buruz. Zein kontatu lehena? Amaierako utziko hoberena, goibelak ezabatzeko.
Anuntxi Arana 2007ko azaroaren 19a
Anuntxi Arana
Anuntxi AranaGaizka Iroz
Pantxika Beguerie-ren liburua, Le Pays Basque, de la superstition à la religion (Euskal Herria, superstiziotik erlijiora), 1982an argitaratu zen. Izenburuak iragartzen ez duen bezala –egiazko sinestea eta sineskeriak bereizteko temari men egiten dio–, Iparraldeko kaperen katalogo zabala eskaintzen du lanak: haien egoera, historia eta inguruko gertakariak.

Isturitzen bazen bat, Santa Eulalia izenekoa. Hara jotzen zuten isturiztarrek idorteak jotzen zuelarik. Barnean bazen patin txiki bat eta haren zolan errekatxo bat iragaten zen: hartan sartzen zuten santuaren irudia, euria eginarazteko. Eta haurrak ere sartzen zituzten, aski arin mintzatzen edo zutik ibiltzen ez zirenak, hain segur. Diotenez, hara eraman zuen bere amak Roger Etxegarai kardinala izango zena, haur zelarik, zerbait arrangura bazuela, naski.

Santua uretan sartzeko ohitura aski zabaldua da, Gaskoian hasteko, eta hots handia du Nafarroan edo Errioxan: santuari mendekatzeko egiten zutela esaten dute mihi gaiztoek, ez ziotenean barkatzen euria nahita bidali ez izana. Beti ere, euria ekartzeko jestu magikoa da. Leku batzuetan harri bat sartzen zuten ibaian, berezi bat bistan da; edo berdin ura isurtzen iturriko harriaren gainean.

Urari lotuak diren elizak eta ermitak zenbatu ezinak dira, baina askoz gutxiago barnean putzua dutenak; are gutxiago errekadunak...

Horiek gehienak galduak dira aspaldi honetan, eta haien lekuko izan den Santa Eulaliko kapera debaldetara joan da, peko errekara, esan genezake, zentzu propioan. Jadanik erortzear zegoela ikusi zuen Begueriek bere inkesta egin zuenean, eta orain badira hamar bat urte haren arrastoak ezabatuak direla: jabeak traktorea pasatu omen zuen gainean eta denak berdindu, hain ongi non gure informatzaileak ere ez baitzezakeen esan eraikina non izan zen zehazki.

Etorkizun hobea izango du beste kapera batek, hura ere hondamenetan egona. Uztaritzen da Otsanzko Madalena, Senpere eta Zuraideko mugan, eta hiru herrietako prozesioak errezibitzen zituela uste du Begueriek. Biziki zaharra dela diote, Sueboen, Alanoen eta Godoengandik ihesi joan ziren eliztarrek eraikia; eta San Leon apezpikuak, bikingoek hil zuten Baionaren ebangelizatzaile eta zaindariak, Otsanzen eman omen zuen meza Nafarroarantza zihoalarik. Jondone Jakueko bidean dago, bestalde, Aturri bazterreko Lahuntza eta Urdazubi arteko zatian.

Ospeak ez zuen kapera babestu, azken urte hauetan laharrek estali horma batzuk besterik ez zen. Baina iazko udaberrian garabi handi bat ageri zen haren gainean, eta senpertar batek jakinarazi zigun René Clément zinegileak erosia zituela hango etxe bat eta inguruko funtsak, kapera barnean dela, eta alargunak hasiak zituela berritzeko lanak. Senpertar hori oroit zen bere haurrean errogatibaz joanik leku hartara, jadanik sasiek erdi janda zegoelarik.

Lanak aitzina joan dira eta urri honetan Herria astekariak kapera berrituaren argazkiak erakutsi ditu, legenda hau daramatela: “Kapera xaharra aurtikia ikusi dugunentzat zer miresmena berritu honetara hurbiltzean!”.

Datorren udan benedikatu eta estreinatu gogo dutela gaineratzen du, eta, behin xendrak ongi garbiturik, bere ateak zabalik izango dituela handik gaindi ibiliko diren jende eta beilarientzat. Errogatibak eta superstizioak praktikatzen dituztenentzat ere, agian.