argia.eus
INPRIMATU
Alkate aberatsei jarriak
  • I

    Alkate aberatsak
    dira diruzale
    boto erosle eta
    proiektu saltzaile.
    Etxez bete dituzte
    auzo eta kale
    inoiz ez dute eman
    pausorik debalde
    borrokatzen baitute
    diruaren alde.
Aitor Sarriegi @asarriegi 2007ko azaroaren 19a
Aitor Sarriegi
Aitor Sarriegi bertsolariaMaddi Soroa
II


Gaur alkateak dira
kategorikoak
geuk botoz, Jaunak eskuz
hautaturikoak.
Ustez ez badira hitz
hauek neurrikoak
informa zaitezte ta
izan kritikoak
zenbat kobratzen duen
zuen herrikoak.


III

Dieta eta prima,
hau kakanahastea!
Liberatua edo
langile askea...
Sailburu zahar edo
kontzejal gaztea
dena da bat eginda
lau irabaztea
gogorragoa baita
lanean hastea.

IV

Herria zerbitzatze
izenean denak
eman zituzten noizbait
zerrendan izenak.
Bi aldiz azaldu ta
jaso hogeirenak
hilabete amaieran
ez dauzka problemak
“zerbitzua” horrela
ulertzen duenak.


V

Enpresa pribatutik
pixka bat harago
aurrera egiteko
Udala han dago.
Baina karguan egon
ezkero luzaro
eskaileran ezin da
joan beherago
erretiratzen dira
maila bat gorago.


VI

Eta bitartean gu,
inutilok pozik
goizero lanera ta
eskertuaz kasik.
Baina nik nola esan
haiei agur hitzik
azkenik ez baitira
lapurrak ez ezik
negozio bateko
langileak baizik.