argia.eus
INPRIMATU
Sofia maitea
Juan Ramon Makuso 2007ko azaroaren 12a
Horrela idazten du Jostein Gaarder-ek bere eleberri ospetsuko pasarte batean. Sofia, noski, eleberriko protagonistaren izena da. Eta eleberri horren muina filosofiaren historiaren moduko zerbait izatea da. Filosofia hitzaren esanahia, denoi, gure nerabe aroan, esaten zitzaigun jakinduriaren maitasuna zela. Noski, maite-maite, nerabetasunean, beste gauzez maitemintzen gara. Jakinduria ez zen sartzen nire eskemetan, behintzat ikuspegi klasikoan. Beste gauza bat zen, niretzat, jakin-mina, kuriositatea –Ur, maileguan hartzen dizut hitza–. Ez nuen erlazionatzen barruan nuen arra jakinduriarekin. Baina bai, urteak aurrera egin ahala, Aristoteles zaharrarekin topo egin nuen. Estagirakoak garbi utzi zidan gizakiak, izatez, jakin nahi duela. Eta kuriositatea edukitzeak, harribitxiekin topatzea dakar. Egunkariak horretarako aproposak dira. Hartzen duzu gurean dagoen egunkarietako bat, eta telebistako kritika zutabean honekin egiten duzu topo: ZDF alemaniar telebistako kate publikoan lasai asko aritzen omen dira Laukote filosofiko deituriko programa batean, hainbat filosofo, horien artean, Peter Sloterdijk. A ze pagotxa! Sofia maitea. Eta gu pozik Sautrelak 200 atal bete dituelako.