argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
“Marge” behiak esne gaingabetua ematen du
  • Hamaika ikusteko jaio ginen!, dio esaera zaharrak. Eta Dolly ardiarekin harri eta zur geratu baginen, zer esan Marge izeneko frisiar behiaren berri izan dugun honetan? Zeelanda Berriko behi hori baita, guk dakigula bederen, esne gaingabetua emateko gai den aurrenekoa. Eta hori berez ematen du, Omega-3 eta gantz poliinsaturatu ugarirekin batera. Bestela esanda, gaur egun esnekien industriak gantz eta kaloria gutxiko produktuak lortzeko artifizialki eta diru mordoa inbertituz egiten duen gauza bera, baina modu erabat naturalean.
Jabier Agirre 2021eko ekainaren 30a
Behiak
Behiak
Aparteko animalia hori 2001. urtean aurkitu zuten Zeelanda Berrian, beste lau milioi behiren artean, Via Lactia izeneko enpresa bioteknologikoko zientzialariek herrialde hartako abere guztien esnearen konposizioa zehatz-mehatz aztertzen zuten bitartean. Behiaren jabeak 175 euro jaso zituen animaliaren truke, eta ordudanik konpainiaren laborategi nagusian era guztietako probak eta azterketak egin dizkiote behiari.

Ale bakarra ote zen, edo bere “abilidadeak” beste behi batzuei ere transmititzea posible izango zen? Misterioaren jatorria genetikoa omen da, ikertzaileen arabera. Eta hala, Margeren ondorengoek eutsi egiten diote esne gaingabetua emateko ahalmenari. Arrak ere gai dira ahalmen bitxi hori oinordetzan jaso, eta ondoren beste belaunaldi batzuei transmititzeko. Aurrekoa gutxi balitz, Margeren esnetik ateratako gurina erraz zabaltzen omen da, baita hozkailutik atera berritan ere, eta hori margarinarekin bizno ezin zitekeen lor orain arte.

Zeelanda Berriko konpainiaren bozeramaileek jakitera eman dutenez, “gantz txarrik” gabeko esnea ekoitzi edo produzituko duten aurreneko behi talde handiak 2011. urterako egongo omen dira prest. Adituek diotenez, esne gaingabetu hori komertzializatzen denean, kontsumitzaileek esne osoaren alde egingo dute. Ez oraingoaren moduko esne osoa, “gantz edo koipe osasungarriak” baino ez dituen esnea baizik. Alegia, gantz ez-saturatuak, osasunerako mesedegarriak diren koipeak.