argia.eus
INPRIMATU
Fiare
Europako banku etikoen sorburua?
  • Fiare euskal banku etiko eta solidarioaren proiektua da. Dagoeneko lanean hasi dira justizia sozialaren aldeko zerbitzua eskainiko duen bankuaren ideia Espainiako Estatu osora hedatzeko. Europar Batasuneko banku etikoen hastapena izateko asmoa dute.
Daniel Udalaitz 2007ko azaroaren 13a
Fiare bankua
Fiare banku etiko eta solidarioaren proiekutua daIñigo Azkona

Fiare Hego Euskal Herrian 2005ean sortutako banku etikoaren proiektua da. Ehun baino erakunde sozial gehiagok bultzatu dute eta Angel Toña katedraduna da finantza erakundearen buru.

Pasa den uztailean elkarrizketa teknikoak egin zituzten, Italian zein Frantzian, Nef-arekin (finantza elkarte frantziarrarekin) eta Banca Popolare Etica italiarrarekin. Proiektu europar hau ez da burutzen erraza izango, hiru herrialdek baino gehiagok osatuko baitu. Aipatutakoez gain, Suitzako, Belgikako eta Frantziako erakundeek ere parte hartu nahi dute proiektu horretan. Angel Toñak zera esan du: “Fiare Europa osoa hartzen duen eta tamaina garrantzitsu samarra duen bankuaren hastapena izan daiteke”.

2005ean Fiare aldizkariak ekarritakoaren arabera, ekimena hainbat euskal erakunde sozialetan sortu zen 2001az geroztik. 2003ra arte ez ziren Fiare Fundazioa sortzeko oinarrizko urratsak eman. Azkenik, 2005ean, Italiako Banca Popolare erakundearen laguntza lortu zuten. Urte berean, lehenbiziko banku-bulegoa ireki zen Bilboko Alde Zaharrean. Orain, Fiarek 10 milioi euroko gordailuak dauzka. Helburua, hiru urte barrurako 60 milioi euro lortzea da, errentagarriak izateko. Ez dute uste Hego Euskal Herrian horrelako kopurua lor dezaketenik, baina Espainiako Estatuko hainbat erkidegoren laguntzaz, 100 milioi euro baino gehiago lortuko dituztela uste dute.

Espainiako Estatuko kreditu kooperatiba sortzeko asmoa

Europako helburuez gain, Fiareren asmoa orain Espainian kreditu kooperatiba sortzea da. Erakundea “ohiko banku sistemaren ordezko finantza esparruan arituko da, irizpide solidarioen arabera”. Dagoeneko data jarri dute Espainiako Bankuak eman behar duen kreditu kooperatibaren fitxa lortzeko: 2010.

Espainiako Bankuaren laguntza ofiziala lortzeko gutxienez 8 milioi euroko kapital soziala lortu behar da Espainian. 1,5 milioi euro Hego Euskal Herrian lortzea espero dute eta gainerakorako loturak dituzte Katalunian, Madrilen, Valentzian eta Andaluzian. Urtea bukatu baino lehen, ordezkaritza ireki nahi dute Katalunian; joan den ekainean, hain zuzen, lehen mailegua eman zen. Hil berean, maileguak eman ziren Nafarroan, eta Gasteizen, lehenbiziko delegazioa ireki da. Fiare bazkideak lortzeko kanpainarekin hasi da, berehalako helburua lortzeko behar den gutxieneko kapital soziala osatze aldera.

Fiareko arduradunak baikor dira: “Solidaritateak ez du mugarik”. Euren iritziz, datozen hiru urteetan banku etikoaren proiektuak jauzia eman eta aurrera egin dezake elkartasunezko sare sozial gisa, kreditu kooperatiba berriaren bidez, eragin sozial eta eraldatzailea izan dezaketen jarduera ekonomikoak finantzatu ahal izateko.

Lau zutabeak

Sortuko duten kreditu kooperatibaren bidez, arduradunek “finkapen sozial indartsua duen herritarren bankua” lortu nahi dute, “horixe baita arrakastaren sekretua”.

Proiektuaren oinarrizko zutabeak lau dira. Lehenengoa: kredituak justizia sozialaren zerbitzura egon behar du, finantza jarduera etikoan lehentasuna duten elementuak honako hauek baitira: garapenerako lankidetza, gizartean baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzea, ingurumenaren babesa sustatzen duten eta gizarte-balio solidario eta eraldatzaileak sortzen eta hedatzen dituzten proiektuak. Bigarrena: Fiareren bitarteko lana herritarren sareen bidez egiten da. Hirugarrena: aurrezpen arduratsua, parte hartzea eta gardentasuna bultzatzea. Eta laugarren zutabea, irabazteko asmorik gabeko eta denon probetxurako proiektu alternatiboa izatea.