argia.eus
INPRIMATU
Patziku Perurenak dakienaz ikasi duena
  • Patziku Perurena ::Dakiguna ikasten

    Alberdania

    orrialdeak ::222

    prezioa ::17.50€

Pilar Iparragirre 2011ko urriaren 05a
Dakiguna ikasten
Dakiguna ikasten
Inguratzen duenaz etengabe gogoeta egitea gustuko duen idazlea da Patziku Perurena. Eta bere zenbait iritzi eta ikusmolderekin osatu du Dakiguna ikasten liburua. Behin eta berriz gogoan erabili ohi dituen gaiez dihardu obra berri honetan: hainbeste maite duen euskararen gainean –Eta zeinen guti dakigun gure hizkuntzaren barne historiaz?–; klasikoetatik hasita gaur egunekoetaraino arrastoa utzi dioten pentsalari eta poeten inguruan –Epikteto, Baltasar Gracián, Nietzsche, Mirande, Xalbador, Gil Bera, Sarrionandia, baita Goizuetan zein Leitzan ezagututako herritarrak ere–; naturak eskaintzen dizkion aberastasun ugariei buruz –Lurra: nire maite bakarra, nire maisu bakarra, nire liburu bakarra... Ongi leitzen ikasiko banu?–; edota Euskal Herriko gorabeherez. Orixeri jasotako hitz bat erabiliz, aleunka gai bildu ditu Alberdania argitaletxearen eskutik kaleratutako lanean. Artxibategietako miatzaile nekaezina, haietatik kanpo ere asko irakurria, asko ikusia eta asko ikasia da, dudarik gabe, Patziku Perurena. Honela ohartarazi du irakurlea: Ikasmin handia izanda ere, aurrez dakiguna besterik ez baitugu ikasten. Hala bada ere, esango genuke benetan merezi duela Dakiguna ikasten liburu ausartaren irakurketak.
«Nire lagunik onena gorrotoa hobekien bideratzen duena da»

Gorrotoak oso garrantzitsua dirudi zuretzat...


Gorroto sanoa, nolabait esateko, bizi atseginaren seinale da. Inorekin hizketan hasi orduko, nonahitik oharkabean ihes egiten duen bilisa da gorrotoa. Beti esan izan dut: nire lagunik onena gorrotoa hobekien bideratzen duena dela. Neu ere, ondo bideratu dudanean izan naiz neure buruaren lagunik zintzoena eta sanoena. Horregatik uzten dut jende asko alde batera: hizketan hasi orduko nabaritzen baitzaio ez dakiela ongi gorrotatzen. Eta niretzako, munduko botikarik hoberena da ongi gorrotatzen jakitea. Euskal Herriak, esate baterako, oso kalitate exkaxeko gorrotoa bizi du oraino.

Adiskidantza, berriz, ez ei duzu estimu handian.


Nik ez dut inoiz adiskidetasunik laudatu. Izaera partikular eta onskoak hondatzeko martingala, edo zitalak kontsolatzekoa ote den bai, nahi baino gehiagotan sumatu.

Eszeptiko samarra sumatzen zaitugu. Oker gabiltza?


Zer da izan ere eszeptikoa? Deus ez galtzekorik. Deus ez irabaztekorik. Sentitu bakarrik. Sentitu. Sentitu alfer-alferrik. Mila modutara sentitu. Eta ahaztu, eta berriz sentitu, eta sentitu...

Aztertzen dituzun euskal hitz anitzetatik, Monzonek antzezlan batean erabilitako amat harturik, zer diozu?


Besteren artean, hauxe: Oi, gure suteak, su etenak, su hiltzaileak! Zelan amatau? Noiz ikasiko ote dugu euskaldunok elkarren artean sua pizten eta itzaltzen geure neurritsu polit batean, honenbeste sute, su eten eta su hiltze antzuren gurpil zoro honen itzalpetik behingoz ateratzeko? Eta geure burua pittin bat pizten eta ernatzen hasteko?