argia.eus
INPRIMATU
maltzagatik
Akatsa, akats edo propaganda arma
  • ETA-K BI LEHERGAILU jarri eta bietan kale egin duela? Agian bai, beste askotan ere gertatu dira akatsak. Baina akaso ez, eta egin dezakeenaren eta gauzatzen ez duenaren agerle ere izan daiteke. Nola neurtu horiek?
Xabier Letona Biteri @xletona 2007ko azaroaren 13a
Gehientsuenetan ageri-agerian ikusten denari ematen zaio garrantzia, baina azpimarratutakoaren azpian besterik ere agertzen da sarri. Hortik aurrera, interpretazio guztiak zabalik daude eta denak dira kontuan hartzekoak. Edozelan ere, denak adierazten du halakoren batean gertatuko dela ETAren jarduerak atzeraezinezko egoerarik ekarriko duela. ETAk min egin nahi duenean hala egingo du, lehenxeago edo geroxeago; horretarako duen gaitasuna ez litzateke zalantzan jarri beharko.

Iñigo urkullu izango da EBBko lehendakari berria. EAJk saihestu du duela lau urteko barne lehia gupidagabea. Besteak beste, Ibarretxe lehendakariaren egitasmoek ekarri dute kontsentsu beharra, bere asmoei aurre egiteak EAJren baitan oso egoera latza ekar zezakeelako. Josu Jon Imazek berak ere aitortu zuen zatiketa arrisku hori bere agurrean. Zatiketa arriskutik kontsentsura pasa liteke unean uneko akordio batez, baina azpian dauden planteamendu desberdinak estrategia politiko bateratuan ondo josteko askoz gehiago behar da.

Joseba Egibarrek Espainiako hauteskunde orokorretarako alderdi abertzaleen batasunaz hausnartzea proposatu zuenean, Iñigo Urkulluk halako proposamenak ez dagozkiola berari erantzun zion publikoki. Bere desadostasuna adieraz zezakeen beste era batera, politikariek badituzte halakoetarako baliabide ugari, baina Urkulluk publikoki eta zuzen-zuzenean Egibarren proposamena baliogabetzea erabaki zuen. Eta Egibarrek proposamen zehatzik ez zegoela eta berak hausnarketa besterik ez zuela eskatzen ere publikoki berretsi zuen, besteak beste ARGIAn.

Donostian hilaren 7an atxilotutako lau gazte aske geratu dira. Donostiako kale borroka sarearen desegitea iragarri zuen Barne ministroak atxiloketekin. Donostiako Segiren azpiegitura desegintzat ere eman zuen, aldi berean. Lau eguneko inkomunikazioa, tratu txarren salaketa, komunikabide askoren ohiko idazkera eta salaketa faltsuak... sarriegi errepikatzen den egoera.

Baina hizkuntzak kultura egiten du erabileraren poderioz eta Segiren egiturak desegiten direnean, laster datorkigu burura –gehienetan zeharka– ETAren komandoak bezala desegiten direla. Absurdoa da pentsatzea Segi edo honek ordezkatzen duena desegin litekeenik, baina saiatze horretara ohitzen ari da gizartea, inpotentzia, desinformazioa edo ezezagutzaren ondorioz.