argia.eus
INPRIMATU
Lurra hezeago bihurtzen ari da giza jarduerarengatik
  • Lurra berotu ahala, atmosferak hezetasuna gordetzeko duen ahalmena handitu egiten da. Ozeanoen gainean dagoen ur-lurrin kantitatea asko handitu da, batez ere 1980. urtetik aurrera. Hazkunde hori ezin da azaldu besterik gabe arrazoi naturalak argudiatuz; horregatik AEBtako, Erresuma Batuko, Alemaniako eta Japoniako zientzialari talde batek horren zergatiaz ikerketa abiatu zuen.
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko azaroaren 07a
Lurra hezeago bihurtzen ari da giza jardueragatik
Ur-lurrina ageri da satelite bidezko irudi honetan. Azpian gure planeta omen dago.
Batetik klima-sistema simulatzen dituzten 22 eredu informatiko erabili zituzten, bestetik satelite batean kokatuta zegoen SSM/L izeneko sentsorearen neurketak. Ondorio nagusia zera da: hezetasuna handitzearen arrazoia ez da eguzki-irradiazioa handitu dela edota 1991. urtean Pinatubo sumendiak izandako eztanda izugarria, baizik eta erregai fosilen errekuntzagatik isuritako karbono dioxidoa.

Horrela, karbono dioxidoak berotegi efektuan dituen erantzukizunei beste bat gehitu behar zaio, hots, ur-lurrina sortzea, horrek ere berotegi efektua areagotzen baitu.

Egindako behaketen arabera, atmosfera berotzen den gradu bakoitzeko ur-lurrin kantitatea %7 inguru hazten da. Bestalde, ikerketak ez dio ondoko galderari erantzun: ur-lurrin gehiago egoteak euri gehiago egitea eragin al dezake?


Zientzia eta Teknologiaren Euskal Plana abian jarri du Eusko Jaurlaritzak
..

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak berriki iragarri du, Euskalduna Jauregian, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Plana. Plan horretan hainbat ekintza garatuko dira, baina hemen dagoeneko indarrean daudenetatik interesgarrien deritzogunak aipatuko ditugu.
Batetik, enpresek berrikuntza-agendak osatzea bultzatzen da. Horretarako aholkulari multzo bat jarriko da enpresen esku, doan edo ia doan.

Bestetik, aipatu agendetan zehaztutako ekintzak burutzeko “Aldatu” programa zabaldu da. Horren bidez hainbat ekintza finantzatu daitezke. Proiektu bakoitzaren aurrekontuaren %50era iritsi daitezke diru-laguntzak.

Zabaldutako programa horiek 2009. urtera artekoak dira oraingoz, eta administraziotik ematen diren diru-laguntzekin alderatuz jauzi kualitatiboa ekarriko dute. Diru-laguntza berriak eskuratu ahal izateko, enpresek epe ertain eta luzera begira jardun beharko dute.