Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
Ensenyar la llengua lanean gramatikaz beste ari da Solà. Askotariko idazlanak bildu ditu bertara, izan hitzaldi, izan artikulu, katalanez batzuk, gaztelaniaz beste batzuk. Alabaina, xedea bat bera da orrialde guzti-guztietan: katalanaren egoera linguistiko, sozial eta politikoari dagozkion alderdiak lantzea. Asmo horretan, 1991 eta 2003 bitartean idatzitakoak bildu ditu egileak liburura.
Eta, izatekotan, handiagoa da optimismoa lehenengo lanetan, azkenetan baino. Esate baterako, hizkuntzaren egoera dramatikoa marraztu du egileak amaierako ataletan. Jakinaren gainean da autorea bera, eta ez du inork kargu hartuko dion kezkarik. “Norbera izan behar da egiten duen diagnostikoaren arduradun, bai eta haren ondorioz datozkeen ekintzen arduradun: nire ardura, berriz, zera da, eguneroko errealitate milaka aurpegidun hori ezagutzea eta nire auzokideei ez ezik, kanpoko interesatuei ere jakinaraztea”.
Zapalketa sotila
Espainiako hizkuntz egoera aztergai duela, Solàk Franco diktadorearen erregimena ekarriko du gogora, esanez askotan bortxaz ezarri zuela “estatu bat, nazio bat, hizkuntza bat” ideologia. “Gaztelania ez besteko hizkuntzak jazarri egin zituzten, eta hizkuntzaren indarra –ordukoa zein garai batekoa–, zenbat eta handiago izan, orduan eta handiago izan zen jazarpena bera ere. Uste dut ez dela exajerazioa esatea katalana lehenengo lekuan zegoela eta, ondorioz, askoz ere zapalketa sotilagoaren biktima izan zela. Gaur egun ere [1994an idatzia da testua], lehenengo lekuan dago eta, estutuz gero, esango nuke horrexegatik direla gehiago eta handiagoak aurrera egiteko jartzen zaizkion eragozpen politikoak”.
Berrehun orrialde baino gehiago ditu liburuak eta osorik da irakurtzekoa. Bertan asko dira kasuak, baina bat bakarra kausa: katalanaren normalizazioa. Kasuak berak ere, kontuan hartzeko modukoak dira makina bat. Esaterako, 1994ko azaroaren 8an, Espainiako Erret Akademiak eskutitza bidali zion Gobernuko presidente Felipe Gonzalezi. Bertan, hizkuntza gutxituren bat hitz egiten den komunitateetan, gaztelaniarentzako berariazko babes neurriak hartzeko eskatzen zioten. Solàk dio, CIUk eta PSOEk urte bat lehenago egin zuten akordioaren ondorioz etorri zela Akademiaren erasoa. “Akademia bezalako erakunde bat horrelako joko zikinean sartzeak agiri zaparrada eragin zuen: era askotako idazkiak argitaratu ziren, ofizialak, erakundeetakoak eta pribatuak, arestian aipatu dugun erakundearen kontra. Bada, xehetasun bat, baina ez bigarren mailakoa, lehenengo-lehenengokoa baizik, (…) agiri zaparrada eta guzti, akademikoak ez ziren jabetu beren eskutitzak zuen neurriaz, eta are gutxiago onartu zuten oker egina. Beraz, bi mundu mental (eta emozional) dira, konponezinak”.
Katalanaren egoera korapilatsua argitara ekartzeko asmotan, askotariko alderdiak lantzen ditu Solàk. Hitzean eta hortzean, eta zernahitarako, Espainiako Konstituzioak ezartzen duen muga behin eta berriz errepikatzen jarduteko tirria dutenek badute zer eta non irakurria irakaslearen lerroetan: “Espainiar konstituzioak gaztelania ez beste diren hizkuntzen aipamen laburra egiten du (…) ‘berariazko babes eta errespetua izango duten kultur ondare’ direla dio, baina ez dago haiei dagokien lege orokorrik, eta, ondorioz, konpontzen zailak diren gatazkak gertatzen zaizkigu askotan: adibidez, armada, botere judiziala, hedabideak eta garraiobideak tarteko direnean”. Beste pasarte batean irakurriko dugu Solàk duen iritzia: “Mundu honetan, inondik ere, inork ez du beste inor salbatzeko asmorik, zeharo alderantziz baizik –gizakiok egiten ditugun hitz zuri horiek gorabehera; alegia, kortesia gorabehera–”. Horra, bada, iturriko ur garbia bezain garbi, Solàren jarrera-iritziak.
Diskurtso berria behar
Joan Solàk badaki negarra jotzen ari dela, nekagarri litekeela. Gaur egun EAEko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren arduradunek ere horixe egotzi diote gizarte eragile askori, etengabe negarra jotzen jardutea. Bestelako mezuak eskatu dizkiete, diskurtsoa aldatzeko… Joan Solà ere jabetu da arrisku horretaz. Badaki. “Neure buruari galdetzen diot ea kexuek esperantzarako bidea zabal dezaketen: bizitza-legea da handienak txikiena desegitea, eta gure kexuak bizitza sen horrexen ondorio dira. Katalan hiztunok biziraun nahi baldin badugu, modu eraginkorragoan defendatu beharko gara. Ez dakit nola, baina modua aurkitu beharko dugu (…). Bestelako balio sistema, etorkizunean kohesionatuko gaituen sinbologia berria osatu beharra dugu. Oraingoz, betiko balio klasikoak besterik ez dugu: elkartasuna, askatasuna, berdintasuna”.
Eta ispiluari begira jarrita, zer egin behar dugu euskaldunok? Nola babestu, nola jardun negarra jotzen ez ezik…