argia.eus
INPRIMATU
Ines Intxausti
Berebar tabernan odaliska bat bezala sentitzen naiz askotan”
  • Herri honetako pertsona VIP askori laguntza
    psikologiko, emozional eta gastronomikoa eskainiz
    bizi da zornotzar (Bizkaia) komunikatzailea.
Fermin Etxegoien 2021eko ekainaren 30a
Ines Intxausti
Iñigo Azkona

Isabel Pantoja eta John Coltrane gurutzatzen diren lekuan, hor nonbait, ikusten zaitut.


Eta gustura. Ez ditut ghetto intelektualak gogoko. Ezta sekta politikoak ere. Ezin zara talde batekin identifikatu gogo berdinak dituzulako. Bestela ni Isabel Pantojaren kontzertuetan egongo nintzateke, oso ezagunak diren lesbiana batzuk bezala: “Isabel, queremos una hija tuya” oihukatzen.

Sarri (onaindia) ezagutzen duzu institutu garaitik...


Bai. Eta oso garden gogoratzen ditut berarekin bizi izandako hainbat gau eta egun. Eskola sozialeko irakaslea zen. Eta asko irakatsi zidan. Batez ere eskolatik kanpo. Umore beltzaz tindatzen zuen errealitatearen interpretazioa. Bratislavakoa zirudien durangarra baino.

Berebar tabernako ”faboritoa” bilakatzeko noraino ailegatu behar izan duzu?


Ba, askotan sentitzen naiz odaliska bat bezala Berebar tabernan. Batez ere emakume bakarra naizen gehienetan. Zeozer aitorrezina ea egin dudan galdetzen didazu?

Ez, aitortzeko moduko zerbait...


Batzuekin ondo mixtifikatu naiz. Badakizu, zibilizazioen arteko harremanak... Eta artikuluren bat edo beste ere burutu dut bertan, noski.


Zinebi film laburren jaialdian zaude lanean, Bilbo eta txikitasuna uztartzen dituen ekitaldi bakarra.


Bakar-bakarra. Bilbon dena baita handia. Halere, niretzat SS (San Schnabel)-go Zinemaldia gurea baino txikiagoa da... baparar.

Tamainaren garrantziaz ari zara beraz...


Tamainak norberaren tamainarekin parekatzeko dira, baina hartuko dizut pilota. Emakume handia bazara ez duzu Chiquitorekin konf/onartu behar. Eta berriz, emakume txikia izanda, Rocco sobera da zuretzat. (Ta ni, XL omen naiz?).

Egunkarian telebista kritika idatzi zenuen zazpi urtez eta Antonia dell´Ate bezain famatu bilakatu zinen.


Famatua izatea oso arriskutsua da. Ceacescu eta Teresa de Calcuta famatuak ziren/dira arrazoi ezberdinengatik. Ni famatu bilakatu nintzen mini-herri honetan. Eta etsai asko sortu nituen oso erraz.

Horrenbeste lagun dituzun horrek, hitz egiguzu etsaiez.


Ez da oso polita, baina ni ere ez naiz. Eta itsusiagorik badago. Etsaiak ez dira inoiz ausartu, baina lekuko batzuek haiek botatakoak entzun eta gero esan didatenak... Bizkarrezurra astindu dit. Eta ez daukat bizkarrezurtzainik.

Zure kirolik gogokoena?


Oso atsegin dut galdera. Zuk ondo baino hobeto dakizulako zein podiumetan ibiltzen naizen... Baina, aukeratzeko, golf-a telebistatik edo odola ematea...


Gerturik daukazu odola beraz.


Odola eman eta bizirik dirautenak odola eman eta hilik geratu direnak baino askoz ere gehiago dira gurean. Zorionez.


Berriki argitaratu den eleberri bateko ko-protagonista ere bazara, noraino irakur dezakezu?


Noraino idatzi dezakezun esango nizuke, aizu! Asko maite dudan lagun baten eleberriaz ari bazara eta sarri bezala Sarrirengana itzuliz: Ni e naiz hangoa diñotsut to!