argia.eus
INPRIMATU
India azkar higitzen da
  • Orain 50 milioi urte Indiako plaka kontinentalak Asiakoarekin talka egin zuen eta horren ondorioz Himalaiako mendikatea sortu zen. Plaka kontinentalak higitzen direla ezaguna da, baina Indiakoak duen abiadura Formula 1-ekoa dela esan daiteke. Urtero 20 zentimetro mugitzen da, eta gainerako plaka kontinentalek 20 edo 40 milimetro baino ez dute egiten.
Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko maiatzaren 06a
Postdameko (Alemania) Lurreko Zientzien Laborategi Nazionalean, Rainer Kind-en lan taldeak hain abiadura handiaren arrazoia topatu duela adierazi berri du. Antza, Indiako plaka kontinentalen sakoneran dago gakoa: Indiako plakarena 100 kilometrokoa da, eta gainerakoena 180 eta 200 kilometro artekoa.

Orain dela 140 milioi urte kontinente guztiak elkarturik zeuden, Gondwana erraldoia osatuz. Banatzen hasi zirenean plaka kontinental bakoitzak bere bidea hartu zuen, eta orduz geroztik Indiakoa izan da gehien higitu dena. Bistan da zergatia.

Uste baino lehenago hasi ginen gizakiok itsasoan murgiltzen

Nazioarteko antropologo talde baten arabera, orain 160.000 urteko hominidoak egungo gizakiaren ohiturak garatzen hasi zirenean, Afrika hegoaldean eta itsasertzean bizi ziren.

Hegoafrikan dagoen Pinnacle Point inguruan Indiar Ozeanoaren bista izugarri ederra dago; orain 164.000 urte han bizi ziren gizakiak egun ditugun ohituren aitzindaritzat jotzen dira. Aipatu leizean molusku oskolak, erabilitako harriak eta tresnak topatu dira, eta horien azterketatik orduko gizakia itsasotik ere bizi izan zela ebatzi da.

Orain arte gizakiaren eta itsasoaren arteko harremana 100.000 urtekoa zela uste zen, baina aipatu aurkikuntzak 60.000 urtean aurreratu du harreman horren historiaren hasiera. Topatutako tresnak geziak eta makilak dira nagusiki; horien erabilera orain 40.000 urte hasi zela uste bazen ere, egindako aurkikuntzen arabera 120.000 urte lehenago hasi ziren erabiltzen.

Gainera, hematita izeneko pigmentuaren erabilera ere frogatu da. Pigmentu horrek gizaki modernoen ohiturekin erlazioa du, hainbat erriturekiko lotura baitauka, baina zaila izan da orain arte errituon hasiera datak ematea.