"Gustura itzuliko nintzateke Bilintxeko salmahaira"

  • Hogeita hamar urte bete ditu aurten Donostiako Bilintx liburu dendak. Sona handiko instituzioa gure saltegietan, euskarazko liburuari egin zion lekuagatik. Jon Jakak bertatik bertara bizi izan zituen dendaren hasierak eta hainbat urte egin zituen, salmahaiaren atzean. Ereindako haziak uzta eman du urteen joanean: Elkar megadendak ditugu gaur egun.
Jon Jaka
Dani Blanco

Bilintx liburu denda, Donostiako Fermin Kalbeton kalean. Bilintx, eta Jaka anaiak.


Jaka anaiotan, lau: Joseba zena, Goio, Xanti eta ni neu. Baina sortzaile taldean beste hiru lagun ere ageri dira: Sors anaiak eta Inazio Lizarraga. Horiexek hasiera-hasierako.

Nola izan zen dendaren abiatzea? Zertan zinen zu, adibidez, garai hartan?


Hemeretzi urte nituela sartu nintzen ni liburu munduan. Joseba zenak zerikusi zuzena izan zuen horretan. Zumarragan bizi ginen eta Irimo fabrikan ari zen lanean, makina erremintan. Lanez kanpo, berriz, etxez etxeko liburu salmentan ari zen. Halako batean, lantegia utzi eta erabat liburutan hasi zen. Liburua lanbide eta diru iturri. Ni ere Irimon ari nintzen lanean eta, hamasei urte nituenean, abuztuko oporretan, etxez etxe liburu saltzen saiatu nintzen ni neu ere, Gipuzkoan barrena, Josebarekin edo bera inguruan nuela. Ondo atera zitzaidan kontu hura eta horretan jardun nuen bi-hiru urtez. Horixe izan zen gure bataioa. Handik, Bilintx sortzera jo genuen, 1976an.

Zein liburu zenituzten etxez etxe saltzekoak?


Walt Disneyren Gauza harrigarriak bilduma, zazpi liburukoa. Euskarazko entziklopedia itxurakoa zen, izadiari buruzkoa: itsasoa, oihana, txoriak, giza arrazak… Irudi ederdun liburuak ziren. Itzultzaileetan, Xalbador Garmendia, Jazinto Setien, Larresoro –Txillardegi, alegia–, eta beste zenbait.

Ordurako, opa zenioten itzultzaileen izenari…


Bai, itzultzaile haiek ez ziren edonor. Bestalde, garai hartan furi-furian zegoen euskara batuaren auzia. Asko ziren aldekoak, baina kontrakoak ere baziren.

Eta?


Kontrako haiei euskara batura itzulitako liburuak saltzen saiatzea alferrik zen! Etxez etxe genbiltzan, baina ez gindoazen itsu-itsuan ere. Bezeroetako askok haurrak ikastolan zituzten. Kontzientzia maila handia zuten. Ez dut esperientzia txarren akordu handirik. Izan ere, mundu hori asko zaildu zen gero.

Orduan etorri zen Bilintx denda.


Euskarazko liburu askorik ez zegoen garaian. Edo baziren, baina sakabanatuta zeuden. Etxez etxeko salmenta egin genuen bitartean, besterik ere egin genuen: ikastoletarako material didaktikoa izan zitekeena bildu egileen eskuetatik, eta ikastolara eraman, jakin zezaten materiala bazegoela eta, nahi izanez gero, eros zezaten.

Bitartekari izan zineten…


Baina amateur lana zen. Dena dela, lan horrek jende askorekin harremanak egitea ekarri zuen. Izan ere, zenbait jendek bere liburuen autoedizioa egiten zuen. Gero, ordea, etxeko sotoan pilatzen zitzaizkion liburu haiek; hondatu ere bai… Hortaz, sare bat osatu genuen: alde batetik, egileak ezagutu genituen; bestetik, material haren premian izan zitezkeen ikastolak. Horretan ginela, bildutako liburuak duintasunez plazaratu beharra zegoela jabetu ginen. Franco hil zenean, eltzeak gainezka egin zuen, eta aurreko material hari erakusleiho duina eskaini beharra zegoela iruditu zitzaigun. Horrela sortu zen Bilintx, euskarazko materialekin eta euskal gaikoekin, erdaraz idatziak izan arren.

Franco hil aurreko giroan, nola mugitu euskarazko liburuak?


Klandestinitatea erabatekoa zen. Alderdi politikoak, sindikatuak, ikastolak… Dena zen ezkutukoa. Jendeak ahal zuen moduan egiten zuen lan. Guk erabiltzen genituen liburuak –ikastolakoak, esan nahi dut, dela Mateo Txistu, Txuri eta Gorri eta kikiriki, Umetxoak…– batetik bestera ibiltzeko eragozpenik ez zegoen. Kontua da, ikastola batek material horiek nahi izanda ere, ez zekiela nora jo. Hortxe zulatu genuen guk. Ordu arte, euskaraz ateratzen zen zenbait liburu –Auspoa bildumakoak, adibidez– ez zen liburu dendetan saltzen, harpidetza bidez eskuratzen zuen jendeak. Beste liburu asko, esan dut, sotoetan geratzen ziren. Bilintx liburu dendak hori konpontzera egin zuen. Handik atzera jendeak jakin zuen nora jo liburu bila.

Donostian ireki zenuten Bilintx, Fermin Kalbeton kalean.


Oraindik gogoratzen naiz nola ibili ginen Joseba [anaia] eta biok Donostiako Parte Zaharrean, denda irekitzeko toki bila. Guk hartu genuen lokalean Donostiarra koltxoi-denda zegoen. Katalanak ziren jabeak, erretiroa hartzeko asmotan zirenak. Txartela ere jarrita zeukaten: Se traspasa (Eskualdatzen dugu), 1.500.000 pezeta (9.000 euro). Hamabost eguneko sokatira eta gero, akordiora iritsi ginen. Eta hogeita hamar metro koadroko lokalaz jabetu ginen.

Egokitzapen lanak egin beharko zenituzten…


Bai. Esate baterako, dendak pertsiana batzuk zituen, guztiz herdoilduta. Aurreko hogei urtean pinturarik ikusi gabe zeuden haiek. Guk sosak urri genituen eta geuk pintatu genituen pertsiana haiek. Eta fatxada garbitu, pintatu… Apalategiak egin ez beste denak egin genituen; haiek arotzek egin zizkiguten.

Eta izena? Bilintx.


Garai hartan oso boladan zegoen horrelako izenak jartzea, kultur giroko mugimenduan, behintzat. Idazle, bertsolari edo antzekoen izenak ziren ohikoenak. Guri dagokigunez, Donostiako Parte Zaharrean ginen, Bilintx handik bertara bizi izandakoa zen… Liburu dendarentzat egokia izan zitekeela iruditu zitzaigun. Izena ere ezaguna zuen jendeak.

Inaugurazio ekitaldiko argazkiren bat ikusita nago…


Beraz, gutxi gorabehera zer izan zen badakizu. Eguerdi batez egin genuen, eta benetako gertakaria izan zen: Herri Irratiak zuzenean eman zuen ekitaldia! Joxe Ramon Belokik egin zuen emanaldia. Han ibili ginen gu, aurreko egunetan, pintatzen, txukuntzen… eta pasadizoan zebilen jendearen galderak erantzuten, zer denda mota ireki behar genuen, eta “liburu denda” esaten genuenean, zer eratako liburuak, jendeak. Guk, “euskarazko liburuak, eta bestelakoak: Ekonomia, Gizarte gaiak, Politika…”. Izugarrizko ikusmina zegoen. Baina, gainerakoan, oso ekitaldi xumea izan zen: pare bat lagunen hitzak, mokadua denentzat, eta lanera!

Dendan bertan ezagutu zintugun lanean.


Hasieran ni kanpoan ibili nintzen. Dendan Joseba eta Beasaingo neska bat egoten ziren: Maria Jesus Lizarazu. Laguntzen, berriz, Balere Bakaikoa. Ni bizpahiru urte geroago hasi nintzen dendan, hau da, Bilintx Esterlines kalera igaro zenean. Alegia, euskarazko produkzioa hazi zenean, Fermin Kalbetonen euskarazko eta euskal gaiko materialak utzi genituen. Esterlines kalean, gaztelaniazko materiala. Orduantxe hasi nintzen ni Fermin Kalbetoneko Bilintxen. Ordurako, Maribi Legarra ari zen han lanean.

Giro bereziko liburu denda, inondik ere.


Aurkezpen asko egiten zen han, eta aurkezpen gabe ere, idazle denak pasatzen ziren handik. “Denak” gaur egun baino gutxiago baziren ere. Idazle izatea ez zen nolanahikoa. Esanahi berezia zuen. Miresmen handia genion idazleari. Bilintxen bertan solasaldi handiak egiten ziren. Euskaltzaleen topaleku eta topagune izan zen, askoren biltokia. Jendeak denbora ematen zuen dendan, ordu erdi edo ordubete, liburuei begira eta berriketan. Jendeak denbora zuen orduan.

Topaleku eta topagune izateak onik nahi ez zizuetenen arreta ere bereganatu zuen.


1984ko azaroaren 20an Santi Brouard hil zuten. Bada, ondoko bi urteetan, egun horrekin batera, lehergailu bana jarri ziguten eskuin muturrekoek. Ez dut uste Donostian beste liburu dendarik izan zenik lehergailua jaso zuenik. Beste liburu denda bati, Lagun-i, kristalak txikitu zizkioten.

Gaur egun, ile-apaindegi edo taberna irekitzeko tirria du jendeak. Azkena da liburu denda. Zuek, Bilintx eta gero beste hainbat denda ireki zenituzten.


Bilintxek oso harrera ona eduki zuen. Bestalde, Bizkaitik eta Nafarroatik ere jendea etortzen zitzaigula konturatu ginen eta, ondorioz, Bilbon eta Iruñean antzeko zerbait behar zela erabaki genuen. Alegia, produktu eskaintza egin behar zen hiri haietan, euskarazko materialak han bizi zen jendeari hurreratu. Horrela etorri ziren Xalbador eta Urretxindorra dendak. Hutsunea ikusi genuen, eta hutsunea betetzera jo genuen. Gasteizen, berriz, duela gutxi arte ez dugu ireki, hutsunea beteta zegoelakoan. Baziren bi denda, lan hura egiten zutenak, eta guk ez dugu behin ere inorekin lehian jarduteko asmorik izan. Nahiago izan dugu elkarlana.

Ondoren etorri ziren herrietako “Bilintx”-ak.


Bergarakoa, lehena. Ixtera zihoan liburu denda zen, eskaini egin ziguten, eta hartu egin genuen. Gero, Irunen ireki genuen beste bat. Han ere, dendako nagusia erretiroa hartzekotan zen. Lehenengo beste pertsona batek hartu zuen eta gero guk, harekin adostuta. Tolosan, aukera bat baliatuz ireki genuen denda. Azkena, Gasteizkoa: liburu denda batek itxi, besteak ere bai, hurrena ixteko zorian… Bada, Arriaga ireki genuen. Iparraldean, berriz, Mattin megadenda ireki genuen, Iparraldeak ere zerbaiten beharra zuelakoan, nahiz eta han ez den Hegoalde honetako surik, ez indarrik.


“Jaka = lana” da esaera. Horrela al da?


Eskertzekoa da. Larre motxean haziak gara, hori egia da. Morroi egoteak eskolak adina erakusten du. Zuk Jaka esan duzu, baina Sors eta Lizarraga gu bezain langile edo langileago dira. Diruagatik lan egitea baino, proiektuaren alde egitea lehenetsi dugu beti: lan egiteko era profesionala, kultur proiektuarekiko konpromisoa, eta etekinen berrinbertitzea. Hiru horietan saiatu gara.


Banatzaile ere zeuek izateak hainbat lagunduko zizuen arrakasta izaten…


Osagarri da, nahiz eta ahalegintzen garen liburu dendak berak errentagarri izan daitezen, ekonomikoki buruaskiak. Dena den, esan dizut, gure kasuan, errentagarritasuna bi eratakoa da: ekonomikoa, eta kulturala.

Zertan da liburua gaur egun?


Bistan da ez duela bizi bere momenturik onena. Garai batean, izan ere, dirua egiten zen liburuarekin. Etxez etxeko bildumak saltzen eta, dirua egiten zen. Gaur egun gutxitu egin da liburu kontsumoa. Aisialdirako eskaintza hazi egin da. Telebista kateak, Internet… Gizartearen joera aisialdi pasiboa praktikatzekoa da, liburuak eskatzen duen jarrera aktiborik gabe. Hori da kontsumoa gutxitu izanaren arrazoietako bat. Bestalde, lehen kezka handiagoa zegoen. Irakurtzeak norbera osatu egiten zuen, jantzi –gaur egun ere bai–, baina premia hori guztiz barneratua zuen gizarteak, gaur ez bezala. Beste arrazoi bat, nahi baduzu, merkatu eta kontsumo ohiturak aldatu izana. Gure garaian, familian ez zen hiztegi entziklopedikorik faltako. Gero, CD-Romak egiten hasi zirenean, akabo. Ondoren, Internet… Hiztegi entziklopedikorik ez dago etxeetan. Haatik, kontsulta egiteko ez beste ezertarako erabiltzen da Internet.

Garai bateko nostalgiarik baduzu?


Garai ederra izan zen, polita. Bilintxen egin nituen urteak nostalgiaz bizi ditut, bai. Oso momentu goxoak igaro nituen han. Harreman mordoa izan nuen jende askorekin, iritzi truke handia. Oroitzapen politak ditut. Gustura itzuliko nintzateke Bilintxeko salmahaira. Bezeroekiko harremana izugarri baloratzen dut, oso aberasgarria da.

Anekdotarioa ere izan behar duzu zuk…


Hortik ere badugu, bai. Behin, etxekoandre bat etorri zitzaidan, Fernando Amezketarraren liburu eske. Eske, baina zera balitz bezala, Moisesen denborako liburua, eskuraezina… Eta liburu hura eskuratzen baino errazagorik ez zegoen. “Zenbat?”, berak, eta “300 pezeta” edo, nik. Bada, liburuak balio zuena eta beste bost duro eman zizkidan: “hori, kafe bat hartzeko!”. Beste behin, txinatar ezaugarriak zituen neska bat etorri zitzaigun, “egunon!”-ka. Niretzat, sekulako txokea izan zen. Gaur egun gauza arrunta da, baina orduan ez. Euskal Filologia egiten ari omen zen. Orain dela hogei, hogeita bost urte gertatu zitzaidan.


Liburu saltzailearen eta eroslearen arteko garai bateko harreman konfiantzazkoa ez ote da posible gaur egun?


Bai, zergatik ez. Ordukoa zaila da, beharbada, gertutasuna handia zelako. Gaur egun jende uholdea igaro ohi da Bilintxetik, orduan ez bezala. Duela gutxi arte, berriz, Bilboko Urretxindorran Karlos Zarragak harreman giro horri eusten zion. Gasteizko dendan, Rafa Etxegaraik eutsi dion bezala. Gaur egun saltzaile ari den jendea berria da oraindik, gaztea, eta denbora behar du harreman sare hori egiteko. Baina oraintxe ere badaude halako saltzaileaz galdetzen duten bezeroak. Hura ez badago, hurrena etorriko direla esan eta joan egiten dira.

Azkenak
2025-01-28 | Julene Flamarique
Turismoaren erregulazioa Baztanen: ostatuak kontrolatzeko plana onartu dute

Plan berriak Baztango bailara lau zonalde historikoetan bereiztea proposatzen du. Ostatu turistiko berriak irekitzeko araudia ere hartuko du bere gain, definitutako hiri iraunkortasun adierazleen araberakoa izango dena.


2025-01-28 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra baretzea ez da albiste ona batzuentzat

Duela hamar egun, urtarrilaren 18an, sinatu zen Txinako Kunming hirian Myanmarren agintean den Junta Militarraren eta Myanmarreko Nazio Aliantza Demokratikoaren Armada (MNDAA ingelesezko siglaz) matxinatuaren arteko su-etena. Ez da 2021eko estatu-kolpearen ondotik sututako gerra... [+]


2025-01-28 | Julene Flamarique
Autoeskolaz kanpo gidatzen ikasteko aukera planteatzen ari da Espainiako Gobernua, autoeskolak aurka

Eredu berriak ikasleek milaka euro aurreztea ekar lezake. Autoeskoletako irakasleek plana kritikatu eta errepideetan sor daitekeen arriskua mahaigaineratu dute. Neurri berriak “milaka irakasleren enplegua arriskuan jartzen duela” ohartarazi dute.


Lanbide Heziketako praktikak arazo-iturri izaten ari dira

Sistema duala abian da ikasturte honetan Hego Euskal Herriko Lanbide Heziketan, eta eredugarri saldu duten arren, arazotsua izaten ari da hainbat zentrotan: ikasle guztiek derrigorrezko praktikak egin ditzaten enpresak bilatzen “gorriak pasatzen ari dira” irakasleak,... [+]


Justizia feminista garatzeko beharra aldarrikatu du Emakumeen Mundu Martxak

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak indarkeria matxistari buruzko jardunaldiak egin ditu asteburuan Atarrabian. Sistema judiziala jarri dute ezbaian, justizia eta autodefentsa feministaren balioak aztertu dituzte.


2025-01-28 | UEU
Itsaso Bakedano Moreno
“Denok gara sexu-hezkuntzako erreferenteak”

"Sexu-hezkuntzaikasgeletatik haratago" ikastaroa emango du UEUrekin online Itsaso Bakedano Moreno (Baldorba, 1992) sexologoak. INCISEXeko Sexu-hezkuntza eta -aholkularitza masterra du, Biko Arloak-eko Training sexologia klinikoko formakuntza du eta Lanbide Heziketako... [+]


Bilboko Axel Hotelaren irregulartasunak salatu eta itxiera eskatu du EHGAMek

EHGAMek Axel hotelaren irregulartasunei jarritako helegitearen inguruko isiltasun administratiboaren ondoren, hotelaren itxiera eskatzen du eta hainbat eragileekin batera prentsaurrekoa eman dute.


Bretoierak hiztunen erdia galdu du sei urtean, azken ikerketaren arabera

Bretainian, bretoiera oso ondo edo nahiko ondo hitz egiten duten herritarrak %2,7 dira, 2018an baino hiru puntu gutxiago. 107.000 dira gaur egun. Hiztunak gazteagoak dira. Galo hiztunen kopuruak ere behera egin du, baina ez bretoierak bezainbesteko abiadan.


2025-01-28 | Estitxu Eizagirre
Urumeako Mendiak Aske
“Benetan behar duguna da aberastasun natural, kultural eta soziala errespetatuko dituen aldaketa ekonomiko eta soziala”

“Urumeako mendiak bizirik” herri-ekimenak jende andana elkartu du Hernaniko plazan. Mendi horietan egin nahi dituzten bi makroproiektu eolikoen berri eman du, ekarriko lituzketen kalteak azaldu ditu eta Urumea bailarako eta inguruetako herritar guztiei dei egin diete... [+]


2025-01-27 | Leire Ibar
Langile klasearen batasuna eskatu du GKS-ek faxismoaren eta gerraren aurka

Milaka gazte bildu dura Gazte Koordinadora Solizalistak (GKS) urtarrilaren 25ean Bilbon eta Iruñean antolatu dituen mobilizazioetan, "Euskal Herrian agenda belizista eta faxismoa normalizatu ez daitezen". Jendetza bildu da bi hiriburuetan gerra inperialistaren... [+]


Zarauzko EAJko zinegotzi ohi baten txaleta eraitsi egin behar dela ebatzi dute, legez kanpo eraiki zelako

Epaitegietan hamar urte bete ditu auziak, eta azkenean EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du beste epaitegi txikiagoek ikusten ez zutena: ez zela baserri zaharra "eraberritu", baizik eta askoz ere eraikin handiagoa altxatu zela eta behar zuen lekutik urrunago. Legez kanpo... [+]


Bengoetxeak errektore kargua hartu du eta EHUren finantzazioak segitzen du izaten eztabaidagai

Aparteko iragarpenik egin gabe, "askatasun akademikoaren eta izpiritu kritikoaren" aldeko aldarria egin du Joxerra Bengoetxeak EHUko errektore karguaren zina egin duenean, Ajuria Enean: "Ebidentzia zientifikoak ukatzen dituztenen aurkako euste-horma izango da... [+]


2025-01-27 | Leire Ibar
Dozenaka mila palestinar Gaza iparralde suntsitura itzultzen ari dira

Su-etenaren akordioarekin barnean, Israelgo armadak Netzarim korridorea ireki du. Ia urtebeteko erbestealdiaren ondoren, milaka palestinar euren etxeetara abiatu dira bidaia emozional sakonean. Trumpek gazatarrak Egiptora eta Jordaniara desplazatzea proposatu du, eremua erabat... [+]


2025-01-27 | ARGIA
Migrazio politikak salatu eta auzipetuak kargugabetzea eskatu dute epaiketaren atarian

2.000 lagun inguru bildu dira urtarrilaren 26an, Irunetik Hendaiarako martxan, Europaren migrazio politika “hiltzaileak” salatzeko. Korrika igaro zenean hainbat migratzaileri muga igarotzen laguntzeagatik auzipetutako ekintzaileei babesa eman diete. Ekintzaileak... [+]


Eguneraketa berriak daude