Goztgi.kom-ek adierazten al du trikitia eta Gozategi tendentzia berrietara erabat egokitu direla?
Ahalegintzen gara. Aurreko diskoa [
Egunon, Elkar 2000]kaleratu genuenean gezurra zirudien gaur egun Internet eta SMSak hain presente egongo zirenik.
Kosta zaio trikitiari gaur egungo esparruan lekua egitea. Zer du alde?
Trikitia beti egongo da hor. Guk aurreneko diskoa kaleratu genuenean ez zegoen lehen planoan. Baina ordutik asko irabazi du. 1995eko
boom-etik bide luzea egin du, eta taldeek nortasun handia dute. Alde dauka gurea dela, euskal kulturaren zati bat.
“Mahaiek aulkirik ez duten herrikoa naiz”. Nondik ekarri konponbiderako falta diren aulkiak?
Borondate apur bat jarri behar dugu guztiok, eta egunero zerbait egin, ez bakarrik une puntualetan. Horrez gain, oso garrantzitsua da batzen gaituen guztiari erreparatzea, eta ez gure artean ditugun desberdintasun txikiei. Badirudi horrela jarraitzeko interes handia dutela batzuk.
Zuentzako garrantzitsua da musika bidegabekeriak salatzeko baliatzea?
Guk hala egiten dugu. Zer nota sartu baino, buelta gehiago ematen diogu zer esan eta zelan esan behar dugunari. Musikariok gehiago “busti” beharko ginateke. Musikariok jendeari komunikatzeko erantzukizuna eta zortea daukagu.
Zuen burua plaza taldeetatik kanpo ikusten duzue, rock taldeen artean, edo bi lekuetan?
Biak egiten ditugu, eta biei garrantzia bera ematen diegu. Hala ere, oso harro gaude plaza taldea ere izateagatik.
Gustura diskoetxe berriarekin eta Haritz Harreguy soinu teknikariarekin?
Orain arteko disko guztiak Elkarrekin egin ditugu, baina Babelmusik-ekin oso gustura gaude. Haritz Harreguyri dagokionez gure beste lan batzuetan ere esku hartu du, eta oraingoan bera izango da arduraduna. Lagun ona dugu eta konfiantza ematen digu berarekin lan egiteak; hori da garrantzitsuena.