argia.eus
INPRIMATU
Garagardo tsunamia
  • Londres, 1914ko urriaren 16a. Hiriburuko erdigunean uholde bitxia jasan zuten. Tottenham Court Road kalean, besteak beste Meux and Company Brewery garagardo fabrika zegoen. Fermentazio upel itzela zuten bertan, 22 oineko altuera zuen eta egun hartan 511.920 litro zeuzkaten gordeta. 29 metalezko uztaik eusten zioten upelari, baina mantentze kaxkarrak eraginda, edukiontzi erraldoia lehertu egin zen. Ondorioz, 8.500 upel hautsi eta guztira 1.224.000 litro garagardo isuri ziren bat-batean. Fabrikako horma hautsi eta Tottenham Courtetik behera St. Giles auzoraino iritsi zen tsunami berezia.
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2013ko maiatzaren 06a
Kalte handiak eragin zituen olatuak. Besteak beste, bi etxe bota zituen. Tavistock Arms pubeko hormak ere behera egin zuen eta tabernaria hiru orduz egon zen azpian harrapatuta. Emakume hura ez zen hil, baina garagardo itsasoak bederatzi lagunen bizitza eraman zuen. Zortzi itota hil ziren; bederatzigarrena, ordea, intoxikazio etilikoak jota. Ez zuen inoiz horrenbeste garagardorik doan izango, eta aukera aprobetxatu nahi izan zuen nonbait.

Ez zen bakarra izan. Gaur egun Londresko gunerik garestienetakoa dena langile auzune txiroa zen XIX. mendean, eta St. Gileseko biztanleek etekina atera nahi zioten zorigaiztoko gertakizunari. Batzuek, azken hildako hark bezalaxe, garagardoa zuzenean edatea erabaki zuten, beste batzuek eskura zuten edozein edukiontzi hartu zuten ahalik eta garagardo gehien gordetzeko. Baina beharrak imajinazioa zorrozten omen du eta gutxi batzuek negozio beltza asmatu zuten. Hildakoren bat etxean gorde eta berau ikusteagatik sos batzuk ordainarazi zizkieten morbo bila hurbildutakoei. Berria berehala zabaldu zen hiri osoan eta bisitari uholdea etorri zen garagardoaren ondoren.

Meuxentzat, aldiz, negozio kaxkarra izan zen. Milioi litrotik gora garagardo galtzeaz gain, ekoitzitakoaren gaineko zergak ordaindu berri zituzten, eta ezbeharrak eragindako kalte-ordainen epaiketaren zain zeuden gainera.

Ziurrenik Londresko biztanle askok hainbatetan eskatuko zuten, euren otoitzetan, garagardo erreka batean bustitzeko ametsa egia bihurtzea. Agian horrexegatik, agian garagardo konpainiak ordurako zigor gogorra jasoa zuelako, epaileek ez zuten Meux erruduntzat jo; “Jainkoaren ekintza” izan zela ondorioztatu zuten.