Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2008-2009 ikasturtean ireki nahi du Bilboko Alondegian kokatuko duten Arte Eszenikoen Goi Mailako Ikastegia. Bertan eskainiko dituzten lau ikasturteak gainditzen dituzten ikasleek “goi mailako titulu ofiziala” jasoko dute. Kokagunea erabakita dagoen arren, ikastegiak zein eduki jasoko dituen oraindik ez dute zehaztu. Horretarako profesionalen laguntza izango dute agintariek. “Ahal dugun pertsona guztiak aintzat hartzeko prest gaude; ekimen publiko honetan, ahalik eta jende gehien hurbiltzea interesatzen zaigu, kalitate handieneko eskaintza bermatu ahal izateko”, adierazi du Tontxu Campos Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak.