argia.eus
INPRIMATU
Landareak
Berezko beroa
  • Mandarinen eta beste garrazkien antzerako eragina du, agidanean, baratxuriak (Allium sativum) osasunean. Garrazkitik bat ere ez, baina garraztzat du askok baratxuria, pittin bat min edo beroa izateaz gain ahoko zuloan uzten duen usain estalaktita ez baita nolanahikoa. Horixe izan da baratxuria hortzez jo beharrean zeharka begiratuz arbuiatzeko arrazoi nagusia. Gordinik janez gero latz garbitu, nobedadeak ekar ditzaketen onddo eta bakterioak akabatu eta, adi, berotu egiten omen du, mariberotu edo martinberotu, alegia.
Jakoba Errekondo 2013ko maiatzaren 06a
Beroaldia zertzera ahoa itxita ezin azaldu, ordea, inorengana... Argentinarrak berotu diren arte. AEBtako Nekazaritza Departamentuko ARS Ikerketarako Agentzia entzutetsuarekin bat egin eta baratxuri gordinaren eta berotuaren arteko aldea ikertzeari ekin diote. Beraien ustez baratxuriaren mesederik eztienak bihotzak jasotzen ditu: sufredun tiosulfinatoek arteria presioa apaldu eta odoleko plaketa multzoak desegiten dituzte, nonbait. Munduaren erdiak baino gehiagok jan aurretik baratxuria erre edo egosi egiten duenez, horrek bere sendagaitasunean duen ondorioa aztertu nahi izan zuten. Baratxuri begiak oso-osorik eta zanpatuta egosi, labean erre eta mikrouhin labean eginda parez pare jarri zituzten. Ondorioa hauxe, zanpatu eta juxtu antzera erre edo egositakoak ederki eusten dio bere sendatzeko gaitasunari. Salbuespen argi eta garbi bat ere azaldu dute: mikrouhin labean egindakoek beren onura guztiak galtzen dituzte. Eta ez dute nonahi argitara eman, Journal of Agricultural and Food Chemistry Nekazaritza eta Elikagaien Kimika aldizkarian baizik.

Han, Argentinan, politikoen estiloan aberastu denaz “tiene más propiedades que el ajo” esaten dute, landarearen berezko gaitasunak eta lapurrak bereganatutako jabegoak adierazteko erabiltzen den hitz berarekin jokatuaz.