Iñigo Azkona
Bestetik, bi eskala: nazionalismoarena eta ideologiarena. Hauetan, jendeari eskatzen zaio bere burua definitu dezala 0tik 10a artean: 0 euskal nazionalismoa edo ezker muturra da eta 10 espainolismoa edo eskuma muturra.
Ikusten den moduan beren burua euskaldun huts dutenek nazionalismoaren eskalan 2,01 puntuazioa ematen dute, hots, nazionalismo sutsua, eta ideologia eskalan 3,49 ematen dute, eskalako ezkerrekoenek. Beraz, batez beste, euskaldun hutsa oso abertzalea sentitzen da eta gure gizarteko ezkerrekoena.
Beste muturrean, beren burua espainiar huts dutenek nazionalismo eskalan puntuazio espainiarzale handiena agertzen dute (7,0) eta ideologia eskalan (5,0). Hau da, oso espainiarzale eta ez hain eskumako ideologian.
Batez besteko matematikoa 5,0 puntuan badago, Erkidegoko batez bestekoak adierazten digu euskal gizartea nahiko abertzalea dela nazionalismo eskalan (3,9), eta nolabait ezaugarritzeko, sozialdemokrata ideologian (4,0).
Taula honek beste hainbat kontu adierazten ditu:
1. Eskala ideologikoan gure gizartea polarizatua ez dagoen bitartean –muturren arteko puntuazioen aldakortasuna 1,5era mugatzen baita–, eskala nazionalistan aldea 5 puntukoa da. Beraz, askotan esaten denaren kontra, beste arazo batzuk tratatu gabe geratzen direla, gure gizarteko arazo erabakiorra identitatearen ingurukoa da, horrek baldintzatzen baititu aukerak eta jarrerak, ez ideologia ezker-eskumakoak.
2. Nazionalismoaren eskalako aldeak adierazten du baita ere oso zaila duela herri honek irtenbide adostu bat bilatzea.
Gizartearen batez bestekoa 3,9an dago, beraz egungo Estatutuak ezin du gizarteak nahi duena bete. Alabaina irtenbide erabatekoa ezin da euren burua euskalduntzat edo euskaldunagotzat sentitzen dutenetara mugatuta bilatu. Jokoak hirukoitza izan behar du eta politikoki nabaria den moduan hiru publiko hartu behar ditu barnean: euskaldunak, euskaldunagoak eta identitate bikoitzekoak.
3. Laburtzeko, gure gizartea ekonomikoki aberatsa da, oso aberatsa, ongizate maila handikoa eta zaila da arazo ideologikoengatik hausturarik sortzea, horretan oso publiko antzekoak baitira nazionalismo bietakoak. Baina, horren ondoan, ia ezinezkoa da identitate nazionalen haustura gainditzea.
Ezintasun horri aurre egiteko ez du balio joko indibidualak, kolektiboak baino. Ez du balio epe laburreko estrategiak, luzekoak baino. Ez du balio gehiengoak, kontsentsuak baino. Irtenbidea ez dago Estatutuan, baina zoritxarrez Independentzian ere ez. Etorkizuna politikan dago, goi mailako politikan.
Amaitzeko, duela hiru urte beste ikerketa batean oinarrituta gurutzaketa berbera egin genuen eta hauek orduko emaitzak:
Ezberdintasunik ez, betikoan jarraitzen dugu: edo politikak kasu egiten dio gizarteari edo berriro denbora ederra alferrik galduko da! Hori gerta ez dadin goi-mailako politika behar da, baina zoritxarrez azken lau hilabeteek erakutsi digute nondik doazen joerak! Konfesatuak har gaitzala Jainkoak!