Arteaz ez zen (asko) hitz egin. Urteurrena ospatzeko galan hango eta hemengo prokuradoreak izan zirela jakin genuen; Museoaren web gunean irakurri genuenez, oraingo euskal artisten erakusketa paratu dute “Hamargarren Urteurrena (sic) betetzeko dagoenean” –”dagoelako” ez zen hobe izango?–. Pulpitutik etorritakoak entzunda burutazioa mandeuliaren modura pasa da: konbentzitu egin nahi gaituztela. Oraindik, eta hamar urte dira, konbentzitu egin nahi gaituztela hartu zuten erabakiaren zuzentasunaz.
Ahaztu egin dute nonbait, Mendiko Sermoia behin esatearekin nahikoa dela bakoitzak gehien komeni zaiona uler dezan. Ez dela sinistran sinesten dutenak seduzitzen ibili beharrik honezkero. Are gutxiago aurreko asteetan Erromak, galtzak lanez betez, erdia baino gehiago Getsemanitik arrastaka preso eraman dituenean. Esan nahi dut, gauzak dauden moduan, inor ez dela Noe-ren arkarekin sartzen hasiko. Eta Judas ere azaldu da, saltsa guztietako perrexil. “Zorionak zuri” birika betez abestu, zilarrezko hogeita hamar txanponen kontua gorde eta museoak sei kilometro autobideren prezioa duela atera du mahai gainera. Merke atera zaio Jerusalemi tenplu berria.
Merke edo garesti, artearen berezko balioak ez du axola hemen. Gurutziltzatutako gizona, bi mila urte iraun duen artelana, ez zen txanponez ordaindu: mailu bat eta hiru iltze nahiko izan ziren, borrero kreatibo samar bat eta jendearen interesa. Interesik ez dago orain, ez artea sentitzeko, ez sustatzeko, ezta, sikiera, artistei jaten emateko ere. Hori ez dagoen bitartean, alferrik ariko zaizkigu sindikoak hasieran Jainkoak zeru-lurrak egin zituela kontatzen. Eta orain zoazte Jaunaren bakean, museora ere bai, nahi baduzue.