argia.eus
INPRIMATU
Maltzagatik
Ibarretxeren galdeketa eta Loiolako akordioa
  • Ibarretxe-zapatero bilerak ez zuen aparteko informazio gehigarririk eskaini eta bere funtzio teorikoa bete zuen, lehendakariaren bidai-orriaren etapa bat agortzea. Eszenifikazioaz berba asko egin da eta Zapaterok Ibarretxeri eskainitako tratu berezia azpimarratu da: berdinen arteko tratua nabarmendu da Madrilen eta hemen. Miguel Sanz lehendakariari eskaini ez ziona, alegia, hori ere bereizi gura izan da.
Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko maiatzaren 06a
Baina susmo eta zantzu batzuk ere gero eta argiago azaleratzen ari dira: Madrilek itunik bideratzen ez badu, Ibarretxe ez da galdeketa zuzen eta gardenera abiatuko, abertzaleen eremuan konfrontazio demokratikoaz ulertu ohi den eskemari hasiera emanez. EAJn ez dago horretarako jarrera argirik eta euskal gizartean autodeterminazioaren aldeko indarren artean ez dago horrelako egoera batek eskatzen duen indar metaketarako baldintzarik eta seguruenik borondaterik ere ez.

Alde horretatik, ELA eta LABekoei ez zaie arrazoirik falta egunerokotasuneko borroka txikiagoetan amore ematen denean, nekez sinetsi daitekeela bat batean halako urrats handirik emango denik. Hobetuzeko kasua aipatu dute sindikatu abertzaleek, Jaurlaritzak irailean onartu baitu erakunde hau INEMeko diruarekin aritzea. ELAk eta LABek Jaurlaritzaren diruarekin finantzatzea eskatu ohi dute eta gero hori Estatuari ordaindu beharreko kupotik kentzea. Sindikatuen proposamena, dena den, ez zen berria, duela hiru urte Ibarretxeren Gobernuak berak, agerpen publiko arranditsuan, eskuratzeko falta ziren 37 eskudentzen transferentzia bideratzeko eskatu zion Madrili, eta egin ezean, bereganatu egingo zituela eta kupotik deskontatu. Ez da horrelakorik gertatu. Mesfidantzak, beraz, badu oinarririk.

Galdeketarik ezean zer, beraz? Hauteskundeen aurrerapen hutsaren hipotesia dago. Ibarretxek galdeketaren plana EAJren programaren lehen lerroan jarri eta herritarren sostengua bilatuko luke. Amets gehiegi halako bidaia motzerako. Bai-ez erantzun behar denean, eta Madrilen EAEko herritarren ordezkari gisa paratuz gero, Ibarretxek bildu lezake abertzalegoaren boto kopuru oso handia, baina hainbat alderdi bozkatu behar diren EAEko hauteskunde soil batzuetan ez, hauei nahi den berezitasuna emanda ere.

EAk, adibidez, mesfidati begiratuko dio Joseba Egibarri, botoa lehendakariaren inguruan bildu behar dela dioenean. Baldin eta aukera, 2001ean bezala, EAJ-EA berriz biltzea ez bada. Eta aukera honek bai, honek badu sinesgarritasun askoz handiagoa. Legitimoa erabat, baina ez luke zerikusirik Ibarretxek Legebiltzarrean irailaren bukaeran aurkeztutako gidoiarekin.

Gasteizko lehendakariak proiektu honekin hartu duen arriskuaz ere luze egin da berba. Hil ala bizikoa dirudi beretzat. EAJren baitan egin duen apustuak ere halakoa dirudi. Eta baliteke hala izatea. Arriskurako joera bereganatua bide du, baina tarte gehiagorik ere ez du. 2005ean Argiarako egindako elkarrizketan argi zioen azken aukera zela hau –irekitzear zegoen prozesuarena–, bestela etxera joango zela eta beste belaunaldi batek hartu beharko lukeela lekukoa.

Eta Loiola zer? Iruzkina hortzetik hortzera dabil: Loiolako lorpenak komunetik behera bota behar al dira? Eremu ez abertzalean bada ahots esanguratsurik pentsatzen duena Ibarretxeren galdeketarena oztopo besterik ez dela eta emankorragoa litzatekeela Loiolako haritik tiratzen jarraitzea, han herri honetako sentsibilitate nagusienen arteko akordio printzipio bat lortu zelako. Su-etena hautsita ere tira daitekeen hari bat bada, bada tira dadila.