Errioxako ardoaren alde egiteko plataforma antolatu dute eta hor dira alderdi politikoak, gizarte erakundeak, elkarteak, ardandegiak, udalak eta jatorrizko deitura horren pean dauden gobernu autonomikoak. Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren (JDK) Kontseiluaren Batzordeak arbuiatu egin zuen, berehala, ardoaren erreforma.
Landaketen liberalizazioa arbuiatzea, oraingo etiketak defendatzea eta Errioxa JDK ardoa sustatzea dira plataformaren ardatzak. Europako Batzordeak nahi duen moduan egiten bada, eragin zuzena izango du ardotik bizi diren milaka familiarengan. Arabako Errioxan 2.000 ardogile baino ez badira ere, 11.000 dira ardotik bizi direnak. Errioxa osoan ardogileak 20.000 dira eta, ondorioz, milaka asko kaltetuak.
Europar Batasunak nolako erreforma nahi du?
Europako Batzordeak produkzio soberakinak kendu eta beste merkatuekiko lehiakortasun handiagoa lortu nahi du. Erreforma hori koordinatzen duen Europako Nekazaritzako Komisariak dioenez, “Europar Batasuna aitzindaria da sektorean, baina merkatu-kuota galtzen ari gara lehiakideekiko”. Lehiakide horiek Europako merkatuetan sartzen ari diren ardo txiletarrak, argentinarrak eta estatubatuarrak dira. Bruselak, lehiaketa horri aurre egiteko, merkatuan irteerarik ez duten ardoak kendu nahi ditu diru-laguntzak ukatuz. Hortaz, sektorearen erregulatzaile bakarra merkatua izatearen alde jokatzen du.
Erreformak bost alderdi ditu azpimarratzekoak. Hasteko, 20.000 hektarea mahasti erauzi nahi ditu 2008tik aurrera. Erauzitako hektarea bakoitzeko 7.174 euro emango ditu lehen urtean eta bosgarren urtean 2.938 euro. Bigarrenik, diru-laguntzak kenduko dizkiete brandyarentzat, Oportorentzat eta muztioarentzat alkohola destilatzen dutenei. Hirugarrenez, ardo guztien etiketetan uzta eta mahats barietatea jartzea nahi dute. Orain arte arau hori jatorrizko deiturek baino ez zuten bete behar. Laugarrena, “diru-hornidura nazionalak” landatutako azaleraren, produkzioaren eta gastu historikoaren arabera banatu nahi dituzte herrialdeetan. Eta azkenik, Batzordeak 120 milioi euroko erreserba gordeko du, Europar Batasuneko ardoa sustatzeko ekintzak finantzatzeko.
Erreformaren aurka euskaldunak zein espainiarrak
Erreforma honek, guztiek bezala, aldeko eta aurkako jarrerak sorrarazi ditu. Espainiako, Frantziako, Portugaleko eta Italiako bost jatorrizko deitura –jatorri deitura duten ardogileen %80– erreformaren aurka agertu dira. Ardogile euskaldunak eta errioxarrak sektorea liberalizatzearen, kontrolik gabeko etiketaren eta sustapen ahularen aurka daude, erabat. Euskal ardogileen eta gainerako errioxarren iritziz, 2014tik aurrera liberalizazioa abian jarriz gero, hau da, gaur egungo mugarik gabe mahastiak landatzen utziz gero, jatorrizko deitura hondatu egingo litzateke eta “mahastizain guztiak desagertuko lirateke”. Erreforma bere horretan egingo balitz, familia mailako mahastizaintza, ardogile eta ardandegi txikiak desagertuko lirateke eta Errioxa hiru latifundio handiren eskuetan geldituko litzateke.
Mahastizain euskaldunei eta errioxarrei mahastiak erauzteak ez dauka zertan kalte handirik eragin, produkzioa eurek mugatzen baitute kalitatea eta errentagarritasuna hobetzeko asmoz. Hala ere, nahiago dute erauzteko gastatzen den dirua komertzializatzeko eta egiturak modernizatzeko erabiltzea, prezioak eta errentagarritasuna bermatzeko. Baina jatorrizko deituren kezkarik handiena landaketen liberalizazioa da. Erauztea sustatu ondoren, Bruselak mahatsondo berriak landatzeko murrizketa guztiak kendu nahi ditu. Gaur, mahastiak lantzeko landatze-eskubidea behar da. Errioxa eta antzeko jatorrizko deituren kasuan eurek mugatzen dituzte landatu beharreko hektarea kopurua eta hektareako gehienezko produkzioa, eta horrela, kalitatea hobetzea lortzen dute. Europako Batzordearen erreformak ez du aukera hori aintzakotzat hartzen.
Erreformak arrakasta izaten badu eta Bruselak proposatzen duen eran egiten bada, enpresa handiek, Errioxako mahatsa erabiliz, beste herrialde batzuetan egin dezakete ardoa, baina hango jatorrizko deiturarekin. Horregatik daude erreformaren aurka Espainiako, Frantziako, Portugaleko eta Italiako jatorrizko deiturak. Bestalde, ardandegi handiak biltzen dituzten eta negozio-zifra handiak dituzten erakundeak, besteak beste, Ardoaren Enpresa Ardogileen Batzordea edo Ardoaren Espainiako Federazioa erreformaren alde daude.