Zapaterok ETAri musu-truk utzi ote zion Moncloako giltza?

  • Euskal politikako solas-lekuetan zaharrak berri entzuten hasiak gara beste behin ere.

    Solasen doinuak ezagunak egiten zaizkigu, tamalez. Betikoen aurkako espetxeratze aginduak eta betikoen aurkako bonba hotsek errealitatearen alde latzera ekarri gaituzte enegarrenez.
Bake eta normalizazio prozesua. Hasiera edota esaldi hau bera erabili genuen orain urte bat euskal gatazkak bizi zuen egoera aztertzeko. Bakea eta normalizazioa ekar zitzakeen –Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko nahiz euskal alderdi politikoen arteko elkarrizketek bidera zezaketen– prozesu politikoa zalantzan ikusi genuen, baita prozesu politikorik izan ezean aro politiko berririk ez zela izango ikusi ere. Egun, argi dago, prozesurik ez dago, eta, gaurko egunez, aro politiko berri baterako aukerarik ere ez.

Duela urte bat (2006ko azaroa) ugariak ziren prozesuari buruzko espekulazioak eta interpretazioak. Hiru mugarri nagusi izan ziren prozesura iristeko ibilbidean: Batasunaren Anoetako Proposamena (2004ko azarokoa). ETAren su-eten iraunkorra (2006ko martxokoa) eta Espainiako Rodriguez Zapatero presidenteak Diputatuen Kongresuan ETArekin elkarrizketak abiatzeko aditzera eman zuen erabakia (2006ko ekainekoa).

Iazko azaroan ere, “prozesurako balizko ibilbide orriko etapa batzuk ez zirela behar bezala itxi” idatzi genuen. Gure interpretazio soila zen, noski. Ibilbideko trena edota gidoia anbiguoa ote zen genioen, halaber. Handik gutxira, abenduan, ETAk Barajasko atentatua burutu zuen eta PSOEk prozesua amaitutzat jo. Prozesuaren amaiera argiago geratu zen hartara, eta nondik norako batzuk “argitzen” joan ziren geroago. Argitzen diogu, atentatua izan baino lehenago eta ondoren, prozesuaren testuingurua osa lezaketen hainbat gertaera ezagutuz joan ginelako apurka-apurka. Gertaera horietako nagusia (2006ko azaroan bertan) “Loiolako bilerak” izan ziren, PSOEk, EAJk eta Batasunak burutuak. Gertatua ez dugu zehatz-mehatz ezagutu, noski, ondorioak bai ordea.

Antza, PSOEk dioenez, ezker abertzalearen proposamena –Hegoaldeko lau herrialdetako autonomia eta erabakitzeko eskubidea jarri bide zituen mahai gainean– ez zetorren bat ordurarte proposatutakoarekin. Batasunak dioenez, EAJk bat egin zuen PSOEk proposamenari emandako ezetzarekin. Josu Jon Imazen esanetan Batasunak –ETAren aginduz– 180 graduko bira eman zion bere ibilbideari, baita Batasunak Anoetako Proposamenaren zentzua aldatu zuela esan ere. ETAk, berriz, Espainiako Gobernuari beste “egutegi” bat mahaigaineratu izana leporatu zion eta EAJri PSOEren estrategiarekin bat egitea. Trenek taka egin zuten nonbait. Harrezkero, matxuratutako trenak ibili ziren atzera-aurrera burdinbideetan. Maiatzean burutu omen ziren ETA-Gobernuaren eta PSOE-Batasunaren arteko azken bilerak. Ekainean ETAk su-etenaren amaiera eta bere fronte guztien erabilera iragarri zituen.

ETAren azkeneko gogoeta aipagarriena hauxe izaki: ETAk ez dio beste negoziazio prozesu bati ekinen berriz, aldez aurretik euskal alderdi politikoen artean “akordio politiko erresolutiboa” ixten ez bada (Zubate 112. zenbakia).

Garai zaharrak berri

Prozesuak iraun zuen bitartean eta berau amaitu ostean gertakari politiko esanguratsuak izan dira. Hona, besteak beste, mugarri batzuk: Nafarroako herritarren gehiengoak espero zuen UPNko Gobernuaren aldaketa ez izatea eta ondorioz, frustrazioa.

NaBairen eta PSNren arteko nafar gobernua osatu ezinak PSOEk Espainiako Estatuarekiko duen morrontza agerian utzi zuen, baita PSNk PSOErekiko duen menpekotasuna berretsi ere. Bestalde, EAJ barruko bi joerak areago azaleratu ziren. Orain arte Imazek eta Egibarrek bideratuak eta aurrerantzean EBBko buru berria izango bide den Iñigo Urkulluk bateraraziko dituenak.

Halaber, berriki, Eusko Jaurlaritzaren proposamen berria ezagutu dugu EAEko Ibarretxe lehendakariaren ahotan. Ibarretxe Planaren bigarren ekitaldia edo Ibarretxeren ibilbide orria ere deitua. Eskaintza politiko berrian lehendakariak herri galdeketa iragarri du 2008ko urriaren 25erako. Aldi berean, Arnaldo Otegi, Juan Mari Olano, Joseba Alvarez eta Oihana Agirre kideez gainera, Batasuneko Mahai Nazionalaren hamazazpi kide espetxeratuak izan dira ETAko kideak izatearen akusaziopean. Baltasar Garzon epailearen erabaki arbitrarioak zuzenbideko edozein estatu zalantzan jarri du berriz ere, are zalantzagarriagoak dira baina, Zapaterok euskal auzia konpontzeko zituen ustezko nahiak edo ahalak.

Ekainaz geroztik, ETAren atentatu saiakera gehienak ezerezean utzi zituzten Espainiako nahiz Frantziako poliziek. ETAk Durangon –Guardia Zibilaren kuartela helburu– zein Zarautzen –Ertzaintzaren egoitza helburu– burutu zituen bi ekintzek pertsonen bizia akabatzea jomuga zuten susmoa piztu zuten. Bilbon, urriaren 9an, PSE-EEko Galdakaoko zinegotzi Juan Carlos Domingoren bizkartzain Gabriel Ginesen aurka egindako atentatuak duda-muda guztiak uxatu ditu. ETAk jomuga guztiak itu edo helburu direla berretsi du. Alegia, 2003ko maiatzetik 2006ko urrira bitarte ETAk ez zuen inor hiltzeko jomugan hartu. ETAk, azkenekoz, Bonifacio Martín eta Julian Embid poliziak hil zituen Zangotzan. Harrezkero, hildakoak atentatuen alboko ondorioz izan dira. Barajaskoak, kasu.

Bide orria eta jarduera armatua

PSE-EEko presidente Jesus Egigurenek –prozesuaren diseinatzaile nagusietako bat izan omen dena– prozesuaren oinarriak sendoak zirela aditzera eman zuen honen abiapuntuan. Prozesuaren amaiera begi-bistakoa izanda ere, horren garrantzizkoa –izan– den prozesua abian jartzeak Espainiako Estatuaren eta ETA erakundearen –euskal gatazka biziarazten duten bi aldeen– arteko indar korrelazioa aldatua zela ulertu genuen, baita bi aldeek gatazka bideratzeko eta auzi politikoa ebazteko aukera politiko berriak landuak eta onduak zituztela ere. Prozesuak porrot egin arren, ETAren jarduera armatu mugatuak PSOEko Gobernuari irtenbide politiko negoziatua gauzatzeko zirrikitua utziko zion esperantza genuen. Gabriel Gines bizkartzainaren aurkako atentatuarekin ba al dago esperantzarako zirrikiturik?

Negoziazio prozesuak frakasatu arren, honen ondorengo garaia ez zela Lizarra-Garaziko ondorengoa bezala izango barneratu genuenok oker geundela pentsatzen hasi beharra daukagu. Alabaina, galdera da: ETAk orduan ekin zion beste ziklo antzeko bati ekitekotan al dago? Prozesua gauzatzeko erabilitako oinarriak eta zubiak zutik atxikitzen ahal dira ETAren ofentsiba hilgarri berri baten ondoren? Areago, prozesuan aritutako aldeek prozesu baterako beste oinarririk ez dagoela badiote, elkarrizketaren eta akordio politikoaren aurrean beste alternatibarik ez dagoela badiote, zer berri ekar dezake ETAren jarduera armatuak? Posible izango al da prozesu berri bat eraikitzea jarduera armatuaren ziklo odoltsu baten ostean? Ibarretxeren ibilbide orriak eta ETAren jarduera armatuak izaterik ote elkarren ondoan?

Moncloako giltza

Eusko Jaurlaritzaren proposamenak lau mugarri ditu bidean, Ibarretxeren bide orrian urrats nagusiak bezala joak. Espainiako Gobernuko presidenteari itun politikoa eskaintzen dio Ibarretxek. Akordioa eman daiteke edo ez. Akordioarekin edo gabe, erreferenduma egingo omen du Ibarretxek. Artean, erreferenduma egiteko baimenik ez badago, hauteskundeak aurreratu eta berauek baliatu litzake erreferendum moduko bat gauzatzeko. 2008ko urriaren 25ean, erreferenduma egin ezean herri kontsulta ez loteslea burutzeko prest bide da lehendakaria. Halaber, alderdien arteko akordioa balitz, 2010eko bigarren seihilekoan, negoziazio prozesuaren akordioa berresteko erreferendum erabakigarria proposatzen du. Bien bitartean, ibilbide orriak berak hamaika xenda izan ditzakeenez, Downing Streeten adierazpenaren antzeko batek akordio –EAEko lehendakariaren eta Espainiako presidentearen arteko harremanen bidez– berrietarako bidea zabaldu lezake.

Dena da posible, politika posiblearen artea baita. Gure inozentzian, galdera pare bat: Espainiako Kongresurako hauteskundeak datorren ekainean izaki, pentsa al daiteke Zapatero izanen dela presidente Ibarretxeren bide orria garatu bitartean? Hau da, Zapaterok onetsi zuen prozesuaren bitartez Moncloako giltza ETAren esku jarri zuen. Giltza musu-truk utzi ote zion?

Azkenak
Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak

Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.


Armarri-zimitz jaspeztatua
Gonbidatu gabeko turista

2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu... [+]


2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Gintonikaren ezkontza

Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.


Aurkezle eta umoregile bat salatu dute, hainbat emakumeri eraso egiteagatik

"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]


2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Eguneraketa berriak daude