argia.eus
INPRIMATU
Teleskopio erraldoien arteko lehia
  • Txileko Atacama basamortuan teleskopio erraldoien azken belaunaldia instalatu nahi dute. AEBetako hainbat unibertsitate eta erakunde biltzen dituen GMT (Giant Magellan Telescope) partzuergoa da horren erantzulea. Hain zuzen ere, bi teleskopio biki instalatuko dituzte, orain arte jarritakoetan handienak.
Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko maiatzaren 06a
Teleskopio bakoitzaren lente primarioak zazpi segmentu izango ditu bere baitan, eta horietako bakoitzak 8,4 metroko diametroa. Segmentu bat erdian egongo da, eta gainerako seiak petalo baten itxuran banatuta. Lente sekundarioa goian dago kokatuta, eta bertan azpiko segmentuek igorritako argia bilduko da.

GMTren lehenengo segmentua 2005ean irten zen Arizonako Unibertsitatetik eta une honetan lixatzen dihardute; lan hori oso garrantzitsua da eta ez da 2009 arte amaituko. Amaieran, zimurrik handienak 25 nanometro baino txikiagoak izango dira. Lehen lau segmentuak 2013an amaituta edukitzea espero dute. Lan guztia, berriz, 2016rako.

Baina GMTrena lehen teleskopio erraldoien belaunaldia izango bada ere, Thirty Meters Telescope (TMT) iparramerikar partzuergoa 30 metroko diametroa izango duen teleskopioaren inguruko proiektua aztertzen ari da. Horren kokalekua Txile izatea aurreikusi da baita ere, Cerro Tolar delakoan hain zuzen.

TMTko nagusiak 2009an hasiko dira proiektua garatzen eta 2016rako instalatuta izatea espero dute. Europa ere ez da atzean geratuko txapelketa horretan: E-ELT deituriko teleskopioak 42 metroko diametroa izango omen du eta 2010ean instalatuta egon behar luke. Lasterketa honek agerian uzten du etorkizunean espazioko kontuek izango duten garrantzia, lehen ez bazuten.

Astiroago joanda, gehiago kutsatu

Ibilgailu arinek, hots, monobolumen eta kirol-autoek, ez dute ohiko ibilgailuek baino askoz kutsadura gehiago sortzen normalean –%0,5 gehiago, besterik ez–, baina kopuru hori izugarri aldatzen da aparkaleku itxietan.

AEBetako ikerlari-talde batek Baltimore (Maryland) hiriko zortzi solairuko aparkaleku batean egin du azterketa. Ikusi dutenez, ibilgailu arinen kopurua asko igotzen denean poluzioa ez da proportzio berean igotzen, modu esponentzialean baizik. Egoera horrek gizakiarengan du eragina, batez ere, kutsatzaile batzuek minbizia sor baitezakete.

Lortutako datuak ezin dira estrapolatu, baina hain harrigarriak izaki, ikerketa beste hainbat lekutara zabaltzea erabaki dute. Antza, ralentian edo oso abiadura txikietan, ibilgailu arinek sortutako kutsadura asko handitzen da, abiadura handietan sortutakoarekin alderatuz.