Handik aurrera, gaztearen ametsa bizi artifiziala sortzea izan zen. Gaixorik zegoen batean, sukarrak jota, bere lehen proiektua bururatu zitzaion: musikari artifiziala sortuko zuen. Hortaz, ia gorputz atal guztiak mugitzeko gai zen txirularia egin zuen. Gainera, hilabeteak eman zituen giza azalaren antza izango zuen materialaren bila. 1738ko otsailaren 11n erakutsi zuen asmakizuna eta erantzun ezin hobea jaso zuen. “Arima ematea besterik ez zitzaion falta” eta antzekoak bota zituzten “mirariaren” lekukoek. Voltairek berak “Prometeo berria” ezizena ipini zion asmatzaileari. Ospeaz gain, lehen aurkezpen hark lanean jarraitzeko behar zuen babes ekonomikoa eman zion. Musikariaren azken bertsioa hamabi melodia jotzeko gai zen.
Baina Vaucansonen asmakizunik ezagunena urtebete geroago, 1739an, aurkeztutako ahate automata izan zen. Benetako ahateak bezala mugitzeaz gain, digestio-sistema artifiziala eman zion Vaucansonek: arto-aleak jan, digestioa egin eta gorotza iraizteko gai zen. Luis XV.a erregeari ahatearen bertsiorik garatuena erakutsi zion: begiak kliskatzen zituen, eta mokoarekin lumak orrazten zekien, benetako hegaztiek bezala. Erregeak, txundituta, miraria azaltzeko eskatu zion jenioari, eta hura gihar artifizialen, digestio-hodien eta erreakzio kimikoen sistema korapilatsuaz jardun zen luzaz.
Baina berehala, Frantziako meatzarien grebak asmatzailearen gainbehera ekarriko zuen. Agintariek meatzari artifizialak egitera behartu zuten Vaucanson eta, automaten aurkako sabotaje ekintza batean hainbat langile hil zirenean, errua berari egotzi zioten. Erbestera joan zen ihesi, eta bidean seme-alaba artifizial guztiak galdu zituen.
Mende erdi geroago, Goethe bera saiatu zen Vaucansonen lanak berreskuratzen, baina aurkitutako ale bakanak suntsituta topatu zituen. Ondoren, hainbat plano eta marrazkitatik abiatuta, 1739an aurkeztutako lehen ahatearen erreplika egin zuten –Luis XV.ak ikusitako bertsio osoagoaren planorik ez da gorde–. Gaur egun, ordenagailu eta Internet izeneko asmakizunak eskura dituztenek ondorengo helbidean ikus dezakete erreplikaren funtzionamendua:
http://www.youtube.com/watch?v=biXIZCL87to.
1782ko Paris iskanbilatsuan hil zen Vaucanson, ospea erabat galduta. Bizi zen artean inork ez zion jaramonik egin, adibidez, ehungailuak automatizatzeko garatutako ideiari. Urte batzuk geroago Joseph Marie Jacquard-ek heldu zion Vaucansonen hariari. Jacquard ehungailu ezagunaren sortzaile moduan sartu zen historian, eta Vaucansonek, berriz, tartetxo bat baizik ez du lortu bitxikerien historia txikian, kaka egiten duen ahate automataren asmatzaile modura.