argia.eus
INPRIMATU
Michelin eta Sidenorren asmoak
Juan Mari Arregi 2013ko maiatzaren 06a
Michelin enpresa frantziarra eta Sidenorren jabe den Gerdau brasildarra albiste izan dira aurreko astean. Biek dituzte egoitzak Hego Euskal Herrian eta horiei zuzenean eragingo dieten neurriak hartzea erabaki dute. Michelin Gasteiz eta Lasarten dago kokatua, baina bere asmoek Gipuzkoakoan diharduten langileei eragingo die bereziki: 1.200eko plantilla 670ean utzi nahi dute, 530 aurre-erretiratuz eta bestelako neurriak hartuz. Guztira 800 behargin gera litezke lanik gabe Lasarte inguruan, Michelin pneumatiko lantegiarentzat lan egiten duten enpresak kontuan hartuz gero. Horrekin, zuzendaritzak enpresaren jarraipena ziurtatu du, baina sindikatuak ez dira fio, eta itxierara bidean lehen pausoa izan litekeela uste dute.

Bestalde, Sidenorrek enplegu-erregulazioko espedientea zabaldu du, hau da, aurreikusi egiten du 343 langile kanporatuko direla eta Azkoitia eta Gasteizko altzairu fabrikak itxiko direla. Egoera horren aurrean sindikatuak ez dira ados jartzen. Batzuek uko egiten diete hartutako neurriei, ekintza berezirik iragartzen ez badute ere. Aldi berean, euskal sare industriala suntsitu, lana deuseztatu eta gainerakoa prekarioagoa bihurtuko dela irizten diote. Besteek, enpresen jarduerek jarraitu ahal izateko gutxieneko kaltetzat hartu dituzte plangintzak. Aurrez izandako birmoldaketen esperientziak adierazten du bai sindikatu gehienek eta baita langileek ere neurri horiek onartzen dituztela. Hala erakutsi du lan murrizketa handiena jasan duen Sidenorren Gasteizko egoitzak. Egia da, halaber, horrek guztiak euskal industria sareari larriki eragiten diola. Eta agindutako bestelako lanpostuak ez dira ia inoiz iristen.