argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
Betidaniko haur-jolasen alde onak
  • Zazpi eta hamaika urte bitarteko espainar haurrak dira Europa osoko lodienak, eta munduan aurreneko postuan daude AEBetakoekin batera. Euskal Herriko haurrentzat aparteko azterketarik egin ez denez, Hegoaldekoak Espainiakoen maila berean daudela onartzea beste erremediorik ez dugu izango, zoritxarrez.
Jabier Agirre 2013ko maiatzaren 06a
Eskola-umeen artean gehiegizko pisuaren prebentziorako martxan jarritako Cuenca azterketak 9-11 urte bitarteko mila ume aztertu zituen. Hogei ikastetxe publikotako Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. ikasturteetakoak ziren haurrak eta horiekin bi talde nagusi egin ziren: kontrolekoa bata, eta esku-hartzekoa bestea. Eskola-ume guztiei aldagai berak neurtu zitzaizkien: gehiegizko pisuaren eta loditasunaren portzentajea, trizepseko azal-tolesaren lodiera, gorputzeko gantz kopurua, analitika eta gastu energetikoa. Azterketa ikastetxeko eskolaz kanpoko beste jarduera bat bezala planteatu eta bi urtetan zehar burutu zen (2004-2006).

Jarduera fisikoko programaren diseinuaren eta koordinazioaren arduradun Mairena Sánchez Lópezek adierazi bezala, “umeek adin horretan nahi duten gauza bakarra jolastea da. Horregatik, zer jolas mota aukeratu pentsatzen ibili ginen; nola arituko liratekeen eskola-ume guztiek parte hartu ahal izateko, beraien trebetasun edo sasoia kontuan hartu gabe. Eta ariketa fisikoa sartzea erabaki genuen, eskolaz kanpoko jarduera atsegingarri moduan, betidaniko jolas eta joko erakargarriekin: zaku-lasterketak edo kolore askotako pilota erraldoiak, esaterako”.

Jolas horiek astean hiru bider egiten zituzten, ordu eta erdiko saioetan. Bi ikasturtetan zehar eskola-umeak motibatuta edukitzeko, hiruhileko atxikipen-plan bat asmatu zuten: %70eko asistentzia gainditzen zutenei sari bat ematen zitzaien (kamiseta bat, txapel bat edo koaderno bat). Sariez gain, mahai-jokoak ere egiten ziren, jarduera fisiko jarraituak dakartzan onurak ezagutzera emateko.
Emaitzek adierazten dutenez, ume aktiboek bizi-kalitate hobea dute (aldagai guztietan emaitza hobeak lortu zituzten): autoestimuak gora egiten du, eskola-errendimendua ere hobea da, eta eguneroko bizimoduan muga gutxiago dituzte. Nesken emaitzak, gaineratu dezagun, mutilenak baino hobeak izan ziren.