Banderizoen bideetan

  • Bide erraz eta laburra dakarkizuegu oraingoan, ia guztiz laua. Aldapa gora ibiltzeari uko egingo diogu beraz, baina baita horrek ekarri ohi duen sariari ere: ez dugu, ibilbidean zehar, aparteko ikuspegirik bistaratuko. Erdikoari meriturik kendu gabe, zalantzarik ez da abiapuntua eta helmuga direla gunerik interesgarrienak; hariaren mutur batean Plentzia, bestean Butroeko gaztelua. Orain mende batzuk baino inguru lasaiagoak, inondik ere. Aspaldi ezabatuta daude eskualdeko jaun eta jabe ziren oinaztarren oinatzak.
Butroeko gaztelua
Unai Brea
XV. mendea, garai latzak Euskal Herrian. Ahaide nagusi, txiki eta ertainak elkarri mokoka zebiltzan, gerra amaigabean. Bizkaian, oinaztarrek Muxika-Butroe leinua zuten buru, eta haiek Butroeko gaztelua gotorleku nagusi. Kilometro gutxira, sasoi betean zeuden Plentziako ontziolak, lan eta lan. Muxika-Butroetarrek bazeukaten etxe bat bertan, baita hiri osoa kontrolpean izateko gogoa ere.

Garai hura irudikatuz, erraz ikusiko ditugu butroetar gerlazaleak Plentziarako bidean, edo handik bueltan, nola gaur egun Bilboko udatiar saldoak. Zaldiz, gurdiz edo oinez egingo zuten txangoa, ez daukagu daturik horren berri zehatzik emateko, baina aukera gehiagorik ez dago egia esanda, metro eta autorik ezean. Guk, ez zaldi ez gurdi, oinez ekingo diogu Plentzia eta Butroe lotzen dituen bideetako bati. Baliteke, nork jakin, orain dela bospasei mende bandokideek erabiltzen zuten haietakoa izatea. Oinaztarrak haiek, oinezkoak gu.

Plentziako pilotaleku inguruan hasiko da gure ibilbidea. Herrira metroz joanez gero, zubia zeharkatu beharko dugu; frontoia ia parez pare dago. Autoz joanez gero –Sopelatik etorrita BI-634 edo BI-3100 errepideak aukeratu ditzakegu–, pilotaleku ondoan aurkituko dugu aparkalekua, suertea lagun.

Lehenengo pausoak egin orduko aspaldiko marea-errotaren aztarnak ikusiko ditugu eskuman, beirazko hormak dituen etxolatxoaren babesean. Errepidean aurrera, 200en bat metrora dagoen errotonda handira ailegatuko gara. Ondoren, zuzen jarraitu behar da, Gandias auzora; errotonda atzean utzi eta berehala hasiko gara ikusten GR-280 ibilbidearen lehenbiziko ikur zuri-gorriak, aurrerantzean gure gidari. Gorlizko lurretan gaude dagoeneko.

XV. mendean ez zen asfaltoa existitzen. Guk, berriz, hori izango dugu oinen azpian tarte batez, Gandias auzoa zeharkatzen dugun bitartean eta haraxeago. Bidea bitan zatitzen denean, ezkerretara joko dugu, Koala haztegirako norabidea adierazten digun errotuluari jaramon eginez. Hamar minutu baino ez dira igaro ibiltzen hasi garenetik.

Etxeak bakanduz doaz. Auzoaren amaiera adieraziz-edo, iturria aurkituko dugu ezkerrean. Orain dela hamar urte berregin zuten, Udaletxeak bertan ipinitako errotulutxoak dioen legez. Ez da iturri gehiagorik izango bide osoan. Hortaz, goza dezala udal uraz egarri denak!

Larre, zuhaitz eta txaletak

Goranzko aldatza datorkigu jarraian, ibilbide osoan bakarra ia. Baina lasai, erretzaile amorratuenen birikek ere arazorik gabe eutsiko diote erronkari. Ordekara itzuli bezain pronto asfaltoa amaituko da, eta mendi-bidea hasi. Kilometro eta erdi egin dugu Plentziatik, eta bost kilometrora daukagu Butroeko gaztelua. Halaxe dioskun errotuluaren ondotik, Uribe Kostako ohiko paisaia ikus daiteke: orlegia nongura, muinoa muinoaren ondotik, eta hamaikatxo baserri edo txalet, belardi eta zuhaizti artean. Hemen eukaliptoa eta pinua dira nagusi, bertoko espezieen kalte.

Bidea zabala da hasieran. Gutxika-gutxika bajatuz joango gara, lehen igotakoa kitatzeko nonbait. Jaitsiera amaituta, estutu egingo da bidea, eta guregana hurbildu, laztantzeraino askotan, alboetako landaredia oparoa. Batzutan, sabaia ere osatuko dute zuhaixkek. Halako batean, eskumako aldean eta hosto artean, ura sumatuko dugu, ikusi baino. Bidearen hasieran atzean utzi dugun Butroe itsasadarra da, honezkero ibai huts bihurtuta. Gidari ezin hobea, bestalde. Izan ere, haren eskumako ibarretik egin beharko dugu hemendik amaierara arteko bide osoa.

Ibaitik hurbilegi egindako etxeak

Oraindik ere tartetxo batez ibiliko gara marearen eragin-eremuan, eta noizean behin kaioren batek edo bestek egingo digu diosala. Eskumako ibarrean, etengabe, Isuskitza urbanizazo eskerga izango dugu ikusgai. Hori du izen ofiziala, baina Abanikoa esaten diote denek inguruan. Isolatzeko gogoa eta dirua badituzu, erosi etxea hemen. Baina ez edozein. Auzokide batzuek arazo dezente eduki dute, euren etxeak ibaitik hurbilegi eraikita daudelako. Eraikitzaileek arazorik ez zegoela segurtatu zien, baina Espainiako Kostalde Legeak besterik dio. Auzia konpontzeke dago momentuz.

Arazo gehien izan duten etxeen parera heltzerako –erraz antzemango diezue, hain daude uretatik hurbil–, asfalto gainean izango gara ostera ere. Bat-batean agertu zaigu errepide berri hau, ezer ezetik, beheranzko aldapa baten erdian. Lehentxoago, GR-ren errotuluek gonbitea egin digute Lemoizko Andraka auzora igotzeko. Hortxe aukera. Kilometro bi besterik ez dira Andrakaraino. Gazteluraino, berriz, hiru falta zaizkigu.

Isuskitza auzoa guztiz atzean utzi eta gero, ibaia izango dugu interesgune nagusia. Baliteke inor ikustea piragua gainean, itsaso bila, baliteke ez ikustea ere. Seguru ikusiko –eta entzungo– duguna, bidean aurrera eginda, ur-jausi txiki eder bat da, harrizko zubi zahar baten hondarren ondo-ondoan hain justu. Bata zein bestea hurbilagotik ikusi nahi dituenak hobe du eskuman dagoen zurezko pasarelatik abiatu eta ibai ertz-ertzetik doan bidetxoari segitzea. Gero, atzera egin beharko da berriro, bide nagusira.

Gaztelua eta itzulera

Ur-jausiaren burrunba isildu orduko, txorien kantuak izango ditugu entzungai bakarra, non beste oinezko batzuen solasa ez den. Ibaia bera ere lasaitu egin da zeharo, ia gelditzeraino. Gu ez gara geldituko ordea, eta konturatu baino lehenago Butroeko gaztelua agertuko zaigu ibaiaren bestaldean. Metro batzuk aurrerago, zubitxoa zeharkatuko dugu eskumarantz. Oso litekeena da jende mordoa egotea inguruan. Besteak beste, gazteluaren itzalean ondo hazitako jatetxean, gazteluko bisitariz bapo hornituta. Bisitari horietako asko ezuste desatsegina hartuko zuten, bidenabar esanda. Web-gune askok gaztelua barrutik ikusteko aukera iragartzen badute ere, gaur egun ez dago sartzerik, aurreko orrialdeko koadroan zehaztasun handiagoz azaltzen denez.

Edozelan, merezi du gaztelura hurbiltzea. Jatetxearen albotik igaro eta gero, eskumara doan zubitxoa da horretarako bidea. Lorategi eder batean agertuko gara orduan. 45.000 metro koadro ditu, eta aipatzeko moduko ale bi: era bitxian makurtutako japoniar zedroa, eta 31 metro altu den pinu erraldoia. Erdi-erdian, gaztelua. Gure helmuga.

Etortzeko erabili dugun bide beretik itzul gaitezke, nahi izatera. Ordu eta erdi inguru baino ez da behar, beraz ez da astakeria. Beste aukera bat autobusa da –Mungiara edo Sopelara eramango gaitu–, baina ez da oso sarri igarotzen. Onena, tabernan eskatzea bai ordutegien bai geltokira ailegatzeko moduaren berri.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Leinu Gerrak
2021-07-28 | Pilar Iparragirre
Aramaio eta Arrasate elkarri begira
Bi esparru administratibotako herriak izan arren »Arabakoa bata, Gipuzkoakoa bestea», Aramaio eta Arrasate arteko giza-harremana administrazioek izan dutena baino askoz handiagoa izan dela azpimarratzen du Velez de Mendizabalek. Elkarri bizkarra emanez bizi izan diren arren,... [+]

«BANDERIZOEK EZ ZUTEN IDEOLOGIARIK, MOMENTUAN KOMENI ZENA BAINO»
Larrabetzuko biztanleak, adarraren deiak esnatuta, asalduturik irten ziren kalera 1444ko maiatzeko egun hartan. Behi bat jeizteko behar dena baino denbora gutxiagoan, borrokarako adinean ziren gizon guztiak eta emakume batzuk prest zeuden eurena defendatzeko. Oinaztarrak eta... [+]

GARAILERIK GABEKO GERRA
Bi bandoak bata bestearen aurka borrokan gizaldi eta gizaldietan. Amen.XIII. mendean hasi eta XVI. mendea arte ez baitzuten amaierarik izan haien arteko liskarrek. Eta orduan ere halabeharrez egin behar izan zioten uko elkarren aurka jotzeari. Bestela, eurengatik balitz,... [+]

Oinaz eta Ganboa: Esku batean zuzia eta bestean gezia

Zaila da borroka hauen zergatia azaltzea. Historiografiak hamaika esplikazio eman nahi izan dizkio. Lope Garcia de Salazar banderizoak, Bienandanzas e Fortunas kronika idatzi zuen Somorrostroko bere dorrean giltzapeturik zegoela. Hark idatzita utzirikoa oinarrizko iturri izan... [+]

Eguneraketa berriak daude