Haize berriak txistuarentzat

  • Txistua, soinu-tresna zaharkitua? Gehienentzako kalejira, fandango eta arin-arinaren bueltan geratu zen aspaldian. Afinazio txarra duela, gainontzeko soinu-tresnekin jotzeko ez duela balio, kalerako tresna dela… Jagoba Astiazaran eta Gaizka Sarasola, txistulari modernoen adibideetako batzuk izan daitezke. Txistua bizirik dagoelako; txistua garaikidea eta modernoa izan daitekeelako.
Joseba Zabalza
Jagoba Astiazaran zestoarra da, eta 21 urte dauzka. Urteak dira txistua jotzen hasi zela. Batxilergo musikala ikasi zuen, eta orain, goi-mailako txistu ikasketak egiten ari da Musikenen. Ikasteaz gain, irakatsi ere egiten du, eta dantza talde batzuetan ere jotzen du. “Gaur egun txistua ez dago kalejira, fandango eta arin-arinera mugatua. Gauza modernoak egin daitezke, eta egiten ari gara!”, dio ziur.

Hortaz, txistuaz musika garaikidea egiten da. Baina entzuleak erraz onartzen du?


Normalean musika tradizionalak lekua kentzen dio garaikideari, eta txistuarekin zer esanik ez. Baina bada musika garaikidea gustatzen zaionik ere. Durangoko Berziztu Txistulari Elkartea alor horretan lan handia egiten ari da. Beste soinu-tresnentzat idatzitako obren moldaketak jotzen ditugu, eta obraren bat edo beste ere estreinatu dugu. Durangon bertan musika garaikidea jotzen dugunean kontzertu arrakastatsua izaten da. Gero eta musika moderno gehiago egiten da. Gaur egun ohikoa da txistua harizko laukotearekin batera jotzea, edo metal boskotearekin, pianoarekin, akordeoiarekin…

Jose Ignazio Ansorena zaharkituta geratu da agian? Indarra eta eragina badituela esango nuke, txistulari ezagunena bera izango da…


Zaharkituta? Ezta pentsatu ere! Ansorena maisua da. Entzuleak ezagutzen ditu, badaki non zer jo, eta beti asmatzen du. Hein handi batean txistuak Ansorenari esker jarraitzen du bizirik. Instrumentua herrikoitzen jakin zuen. Mundu tradizionalean itota ez geratzeko lehen urratsa hezkuntza da, eta kontserbatorioan txistu ikasketak sartu eta ikasteko metodoak asmatu zituen. Txistu eta orkestrarako musika sorkuntzan ere ibili zen Tomas Araguesekin batera. Orkestrarekin jotzen txistua bakarlaria izatea eta Kursaaleko areto nagusia jendez lepo egotea instrumentuaren gorengo maila da niretzat. Musika tradizionalari eusten dio, baina garaikidea ere egiten du. Musikenen musika garaikideko irakasle izan nuen eta bere obra batzuk jo genituen, oso modernoak.

Hortaz, Ansorena ez dago zaharkituta. Baina, Euskal Herriko Txistulari Elkartea?


Ezta ere. Egia da Berziztu eta Txistulari Elkartearen artean “pike” moduko bat badagoela. Batzuk oso serio hartzen dute “norgehiagoka”. Batak edo besteak antolatutako kontzertu batean parte hartuz gero, beti izaten da baten bat “beste bandokoa” zarela esaten dizuna. Berziztuk musika garaikidea jorratzen du batik bat. Eta Txistulari Elkarteak biak, tradizionala eta garaikidea uztartu ditu. Ez zait zentzuzkoa iruditzen bata bestearen kontra aritzea.

Egoera onean al dago txistua?


Egoera ez da txarra, baina beste instrumentu batzuekin konparatuz gero, ez dago onenean ere. Jende gutxi dago txistu munduan. Musikenen Euskal Herri osoko hiru txistulari soilik ari gara ikasten. Bestalde, egoera onean ere badagoela esango nuke, bide berriei ekiten hasi delako, eta orain arte gutxi egin denez, egiteko asko dagoelako. Ideia oso kontrajarriak dituzten pertsonak daude eta…

Askok tradizioari lotuta jarraitu nahi dutela, alegia.


Txistua euskal kulturarekin oso lotuta egon da, sinbolotzat ere hartu da. Askorentzat tradiziotik ateratzea historia guzti horrekin haustea litzateke. Gaur egungo musika modernoa euskal kulturatik urruti samar dago. Gehienbat erritmoa eta hizkuntza mantentzen dira. Behin, Kepa Junkerari esan nion euskal kulturaren inguruan horrenbeste lan egin eta txistuarekin oraindik ez zuela ezer ere egin. Gorulari dantza maketa erakutsi zidan orduan, kuriosoa. Hondo elektronikoan txistua zegoen. Pixkanaka bideak irekitzen ari dira. Agirre danbolin-egileak esaten zuen danbolin berdea egin zuenean jendeak oso gaizki hartu ziola, baina orain, margotutakoak gehiago eskatzen dizkiotela! Hori ere modernoa da. Baita txistu eta silbote soilez grabatutako diskoak kaleratzea ere!

Hala ere, oraindik lan handia egiteke. Afinazioarekin adibidez?


Teknikoki gehiago hobetu behar da oraindik, hobeto afinatu. Behin, konpositore bati entzun nion esaten guztiz afinatua dagoen “txirula” badugula jada, flautina, eta txistua guztiz afinatuz gero, ia-ia flautin bat lortuko genukeela. Ez dakit horrenbesterainokoa ote den, baina antza izango lukete. Nire ustez, guztiz afinatutako txistuak kolorea eta xarma galduko lituzke. Bi txistu erabiltzea litzateke onena: tradizionala jotzeko bat, eta musika modernoa jotzeko beste bat, afinatuagoa.

Eta hezkuntzan txistuak behar al du aldaketarik?


Bai noski! Euskal Herrian txistulari eta, batez ere, txistuzale asko dago. Solfeorik gabe askok ikasten du txistua jotzen. Nik ez dut esango hori gaizki dagoenik. Horrela ikasten dutenek meritu handia dute, eta asko laguntzen du txistuaren zabalkundean. Baina gero, aurrera egiteko, oztopo bat izan daiteke. Beti alderatzen dut hizkuntzekin. Ahoz aho asko zabal daiteke hizkuntza bat, baina irakurtzen ez badakizu, beste hizkuntza batzuk ikastea zailagoa egingo zaizu. Musika ikasketak ez dira oso kontuan hartzen. Batzuentzat hobby bat besterik ez da, eta ezin da horretatik bizi. Nik ere pentsatu nuen “langabetuen ikasketak” zirela goi-mailako txistu ikasketak. Baina lanik ez dut falta! Gizarteak berak duen hezkuntzaren ikuspegia aldatu beharra dago. Eskoletan bertan, musikari beste ikasgaiei baino garrantzi gutxiago ematen zaio. Beste herrialde batzuetan, ordea, asko baloratzen dute, eta askotan, instrumentuak jotzen ere ikasten dute ikastolan bertan. Lan handia dugu aurretik!

Gaizka Sarasolak ere ikusten ditu akats batzuk gaur egungo musika hezkuntzan. Afinazio kontuek, berriz, ez dute asko kezkatzen. Esan dezagun musika “esperimentala” egiten duela. Lekuan lekuko hots eta soinuekin jokatzen du, eta txistuaren doinu tradizionalekin uztartzen ditu. 2004an Xabier Erkiziarekin batera grabatu zuen Ixuriak diskoa da horren erakusle.

Plaza eta aretoetan jartzen diren eszenatokiak urrunak iruditzen zaizkio Sarasolari, hotzegiak, jendeari adierazi nahi diona ondo helarazteko. Azken batean, “musika-tresnak gauzak adierazteko modu bat” baitira. Areto itxiak baino nahiago ditu labaderoak, aroztegiak, obretan ari diren lekuak, eta leku horien berezko sonoritateak aprobetxatu. “Folklorean oinarrituta nire ikuspuntua eman nahi izan dut”.


Emanaldi bereziak inondik ere! Baina jendea erakartzen al dute?


Batez ere Lesakan eman ditugu horrelako kontzertuak. Bertakoak izanik, herriko jendea etortzen da. Gazteak batik bat. Gauza berriek gazte jendea erakartzen dute. Aretoetan gehiago izaten dira haurrak eta zaharrak. Egia da ez dugula entzulego zabala. Ez da txistua horrela asko zabalduko. Hala ere, ez gara itsutu behar jendea erakartzeko asmoarekin. Modako instrumentu bihurtuz gero, jendeari gustatzen zaiona egitera mugatuta egongo ginateke. Hobe da bakoitzak bere bidea egitea. Berritu egin behar da.

Baina euskal kulturari eta tradizioari horren lotuta dagoen soinu-tresna batekin gauza berriegiak egitea gustuko ez duen jendea ere topatuko duzu.


Txistuak funtzio sozial handia izan du beti, eta alde hori da jendeak gehien ezagutzen duena. Nik ez dut funtzio sozial hori baztertzen, dantza taldeekin, festetan, dianetan... jotzen dut oraindik. Baina ez dut zertan horretara mugatu. Zerbait adierazi nahi nuen eta horretarako nire bidea egin nuen. Gainera, ez nuke esango zerbait berria egiten ari naizenik. Oso zaila iruditzen zait tradizioaren eta modernoaren arteko muga ezartzea. Azken batean, tradizioa ez bazen aldiro berritu, ez zen guganaino iritsiko. Nik inguruko berezko soinuekin uztartu dut txistua, inprobisatzen dut, baina doinu tradizionalak jotzen ditut. Inoren lana oztopatu gabe, nork bere iritzien arabera lan egitea aberasgarria da. Zenbat eta jende gehiagok lan egin, eta zenbat eta modu desberdinagoan, hobe.

Saiakera alternatiboak egiteko ere hezkuntza beharrezkoa izango da ordea...


Nork bere burua zenbat landu nahi duen, halako teknika beharko du. Agian, solfeoa ez dakienak gauza asko adieraz ditzake txistuaren bidez. Azken batean, horixe da instrumentuen zeregina, zerbait adieraztea. Polemika sortu izan da. Batzuen ustez, solfeorik ez zekiten txistulariek fama txarra ematen zioten txistuari. Baina eskola zaharreko txistulari onak asko dira.


Eta musika ikasi nahi duenak aurkitzen du arazorik?


Ikasi nahi duenak baino, gizarteak du arazoa. Musika eta, oro har, sorkuntza lana ez dira serio hartzen. Horrek ez du asko laguntzen musikatik bizitzeko erabakia hartzeko orduan. Gainera, kontserbatorioetako plan berriak gero eta goizago behartzen ditu ikasleak erabaki bat hartzera, eta hori oso zaila da.


Txistuaren egoera nolakoa dela uste duzu?


Ona. Txistulariak badaude. Herrietan behintzat asko daude. Gainera, bide berriak ireki nahi dituen gero eta jende gehiago dago, eta aniztasuna beti da ona. Agian harreman gutxi dago txistuaz mota desberdinetako musika egiten dugunon artean. Baina ez dakit harreman estuegia ona litzatekeen. Agian, batek bestea kutsatu eta denok antzeko gauzak egingo genituzke.


Proiektu berririk baduzu?


Xabier Erkiziarekin diskoa grabatu ondoren hainbat emanaldi eskaini ditugu. Baina beti gauza bera egiteak aspertzen gaitu. Egia esan, alfer samarra ere banaiz! Udan grabatu ditugu gauza batzuk baina beno, ez naiz Durangoko Azokarako propaganda egiten hasiko!

Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude