Dani Blanco
Urte batzuk igaro dira, haatik, eta ez alferrik. Orain nerabezaroa atzean uztear zaude eta ohartzen zara zure gela-bunkerreko paretak ikustea galarazten duten afixak eta mutazio aro horretan zehar maskor gisa erabili duzun parafernalia guztia beldurgarri arrotza egiten hasi zaizula. Ez zarela egiazki zu. Aske sentiarazi zintuena orain alienazio baten ikur bihurtu dela. Ez duzula moda desberdintzeko erabili, baizik eta berdintzeko. Familiatik askatzea ez dela prezio bat ordaindu gabe egin. Talde baten menpe egon zarela, taldearen joerak, gustuak, ideiak zure egin dituzula –eta horrek lotsatzen zaitu gehien– bestela onartuko ez zintuztela beldur baitzinen. Bakardadeak beldurtzen zintuelako. Bakardadeak beldurtzen zaituelako.
Baina orain, helduaroan sartu berritan, bakardadearen beldur direla beren buruari aitortzera iritsi diren beste jende batzuk ere ezagutu dituzu eta… ez zara hain bakarrik sentitzen. Orain moda ez duzu hain modu dramatikoan erabiltzen. Eremu sexualean –Houellebecquek esango lukeen bezala– ala lan-merkatuan ahalik eta itxura erakargarriena emateko darabilzu moda, instrumentalizatuz, estrategiak antolatuz. Eta batez ere, egoeren arabera janzkera aldatuz, zeren ongi baitakizu, orain, gehienetan kamaleoiaren antzera ibili behar dela munduan, euri tanten artetik busti gabe joan nahi baduzu. Nahiz egia den, tarteka eta zirkunstantzia berezi batzuetan, kontraste bortitza egitea probetxugarria izan daitekeela. Esaterako, hiru pertsonek prentsako zutabe-errelebo batean parte hartzen dutenean.
Aldatu dena, beraz, zera da, mimetismoaren mekanismoaren kontzientzia osoa duzula. Ez duzula askatasunaren edo errebeldiaren ilusioan sinesten. Baina kontuz, desenkantuaren eta zinismoaren ilusio simetrikoaren mehatxuaz ere jabetu zara. Zinismoaren mozorroa ere mimetismoz janzten baita.
Orduan datozkizu gogora irudi zenbait. Mimetismoaren fenomenoa zeinen sakona den frogatzen duten irudiak. Ohartu baitzara ohartu, urte luzeak elkarrekin bizi ondoren bikotekideek elkarren antza hartzen dutela, eta ez bakarrik janzkeran, baizik eta hazpegietan ere. Eta, gisa berean, behin baino gehiagotan ikusi dituzu paseatzen jabearen antza duten txakurrak (ala txakurraren antza duten jabeak –nola trenka ?–).
Kontua ez da beraz moda jarraitzea ala ez jarraitzea. Kontua ez da aske edo jarraitzaile izatea. Animalia txit sozialak gara, joera mimetikoa poroetatik darigu (adizki hau ere Euskal aditz batuan ziurtatua, alajaina). Afera ez da jabe ala txakur izan gura dugun, ezen beti izango baikara bai txakur bai jabe –proportzio aldakorrean, hori bai– baizik eta noren txakur edo noren jabe. Ez dakit, Jose Inazio, nire ttakun honen kolorea hartuko duen zureak, ala, aurrekoan bezala, kontraste bortitza aukeratuko duzun oraingoan ere.