argia.eus
INPRIMATU
Izotza ez denean nahikoa hotz
  • Lanean hasi berria nintzen eta kide batek Zirkulu Polarrean egindako oporraldiaren berri eman zidan. Harrigarrien egin zitzaiona, antza, gaurik gabeko egun etengabea eta gauerdiko eguzkiak jendearen portaeran daukan eragina izan zen. Kalean ahalik eta ordu gehien emateko joera izaten dute, erlojuak markatzen duen orduarekin zerikusirik ez dituzten jarduerak burutuz, halako argia eta berotasun beharra eta nahia sentitzen baitute, barruan duten bizi gogoa ateratzeko. Zer izango ote da txanponaren bestaldea: gau luzeak eta itxiak dena umeltzen eta izozten duela ikustean? Amorrua, sumendia, onarpena, lurperatzea...
Bego Vicario 2013ko maiatzaren 03a
Bego Vicario
Bego Vicario, zinegileaIñigo Azkona
Aurtengo Donostiako Zinemaldian Eskandinabia aldeko parajeetan egindako film berrien erakustaldi ederra eskainiko zaigu. Han oso ezagunak eta sarituak izan direnak, eta hemengo inguruetan behin ere erakutsi ez direnak, denak batera gainera. Oso interesgarri egingo zaigu egutegia aldrebestuta eta eguraldiaren nahietara bizi diren gizaki europarrak ikustea, eta halaber, euren izaera diferenteak modu poetikoan ezagutzea. Fotogramen azpian dagoena begiratzen saiatzen bagara behintzat.

Interesgarria da azpimarratzea 38 film hauek komunean dituzten ezaugarriak, ziur aski Dogma 95 izeneko zine mugimenduak ezarritako arautegira hurbiltzen direlako, eta honek filmei –dramak, komediak zein bestelako generoak izan– bizitza errealaren berniza ematen dizkie, dokumentalaren zigilua oso garbi dutelarik. Batzuetan kamara sorbalda gainean filmatuta daudelako eta honek eszenan bertaratzen gaitu, edota soinua zuzen-zuzenean hartuta dagoelako, bere akats natural eta samurrekin. Iparraldeko zuzendari hauetako gehienen interesa egunerokoan dela ematen du, dena delakoa izanda ere pertsonaiak eta hauen egin beharrekoak, beti hurbiltzen dira haien eguneroko bizimodua ezagutzera eta bidebatez guri kontatzera. Ikuslea kuxkuxero sentituko da askotan pantailan agertzen diren gu bezain benetako pertsonen sekretuak ezagutuko dituelako, ez kontatu dizkiotelako, baizik eta ikusi egin dituelako, eta bere sekretuen pare onartuko ditu, oso antzekoak direlako, oso benetakoak.

Arestian esandakoa: zine honen ezaugarri argia izanda ere, ez da gutxiago filmen erritmoaren kontua. Kritikek, gehienetan, esan ohi dute lan lentoak edo motelak direla, apal, lauak. Haatik, kontuan hartu behar dugu pertsonaien sentimenduen eta sentsazioen transmisioa ez dela esandakoaren bitartez helarazten, euren joan etorrien bitartez baizik, aurpegien keinuez eta bizkar hezurren jarreraz, eta beraz, denbora apur bat behar izaten dugu hori guztia deskodifikatzeko. Honi gehitzen badiogu film gehienetan paisaia bera guztia besarkatzen duen beste pertsonaia bezala tratatzen dela –baten edo bestearen egoera animikoa kontatzeko lanabes zuzena delako–, bada, honen deskribapenerako travelling horizontal motelak ere maiz erabiltzen dira. Zine honen zaleak garenok ados gaude kritika hauekin guztiekin, alabaina, moteltze honek filmeari intentsitatea gehitzen diola pentsatzen dugu, eta ez alderantziz, munduko beste zine mota askotan bezala.

Sobriedadea edota soiltasuna litzateke gehien bat zine europar peto honek mereziko lukeen adjektiboa, gidoiaren ertzetan askotan istrionismoaren eta anabasaren pintzelkadak azaltzean, aktoreak izaten baitira sentimendu gordinenen eramaileak, noiz lehertuko beldur itxaroten dugun sumendi apalen agertzaileak. Hortxe datza nire ustez haien kulturak eta bizimoduak utzitako aztarna, negu luzetan eta ilunetan landu behar izan duten kontentzioa, kanpoan dena geldituta eta izoztuta dagoen bitartean bihotzaren barruan bizitzaren burrunbada segitzen duen horiena.