Erraietatik begira

  • Duela gutxi jubilatu dira. Eta jubilazioa onartu dute. Ikastolak irakatsi omen die horrelako gauzak ametitzen. Hainbat hamarkadatan irakasle jardun eta gero begirada sakona dute, eta haien ikasle izan garenon bihotz zola arakatzen dute kolpe batean. Esperientzia horretaz baliaturik, ikastolaren iraganaz eta orainaz hitz egin dute: zer goldatu zen, zer aldatu den, zer jasoko den.
Ikastolen iragana eta oraina
Ikastolen iragana eta orainaDani Blanco
Gaur egungo ikastolen erraiak frankismoaren putzu lohituan daude sarturik. Buztinezko mundu hartatik sortu ziren eta XXI. mendera igaro, zuntz optikoaren txirristan. Asko aldatu dira gauzak 40 urte horietan, ibilbide luzea egin dute ikastolek: eztabaida gogorrak jasan, barrena biziberritzen duten ekitaldiak antolatu, erabaki zailak hartu... Milaka ikasle, guraso eta irakasle izan dira ikastolen taupada bakoitzaren odol emaile. Baina lokatza ur gazi bihurtu zuten irakasleak jubilatzen hasi dira orain, belaunaldi berriari paso ematen.

1960ko hamarkada hasieran sortu ziren lehenengo ikastola modernoak, heterogeneoak oso, egoera ezberdinetan haziak. Gero, diktaduraren kontrako giroa orokortu zenean, ikastolen mugimenduak beste dimentsio bat hartu zuen. Euskara berreskuratzeko motibazioak batu zituen guztiak, gizarte berri bat eraikitzeko gogoak. 1970. urtean 100 ikastola inguru zeuden jadanik eta hamar urte geroago 240 bat. Baliabide eskasiari, diktadurarik gabeko hezkuntza librearen ilusioa gainjarri zitzaion, hori zuten pizgarrri orduko irakasleek.

Hernaniko Erriogoardako irakaslearekin

Bere aitona Hernanira (Gipuzkoa) etorri zen lanpostu eta soldata hobeago bat eskaini ziotenean, errio-goarda zen. Ixiar Egigurenen etxera sartzean goizeko eguzki izpiek besarkatu gaituzte. Telefonoa hartu du ikastolara deitzeko, eskatu genizkion argazki zahar horiek lortu nahi ditu: “Bai bai, joango naiz bisitan –esan dio lankide ohiari– lasaiago zaudetenean”. Ikasturte hasiera da eta Langile ikastolan lanpetuta dabiltza, seguru Erriogoardako irakaslea gogoan izango dutela. Egiguren aurten jubilatu da guztiz, 40 urtez irakaskuntzan ibili eta gero. Lanbide horretan bokazioz sartu zen, nahiz eta hasieran bere aitari irakasle izateko ideia hori asko ez gustatu; frankismoko maistrak imajinatzen zituen hark, eta ez ikastolako andereñoak.

Egurrezko mahaiaren bueltan lehenengo atera den izena Elvira Zipitria izan da. “Zuk ezagutu zenuen, ezta?” galdetu diogu. “Bai, Donostiako etxera gonbidatu ninduten magisteritza egiten ari nintzela, lurrean eserita egoten ginen”. Elvira Zipitriak sortu zuen ikastolen aitzindari izan zen lehen etxe-eskola. Agian, lege zaharrean oinarrituta zegoen eskola hori, baina Egigurenen esanetan Elvira oso aurrerakoia zen, kanpoan ibilia.

Hain zuzen, bera ere kanpoan ibili da, Liman (Peru), eta nabari da betirako geratu zaiola Andeetako herriaren arrastoa. Allenderen urte kutsakorrak, hezkuntza erreforma, eskola berri baten sorrera... Jakina, Hernanira itzuli zenean guzti hura ikastolan aplikatzeko aukera izan zuen: “Pentsa zer izan zen, momentu hartan atrebitzea eskola publiko frankista batetik beste eskola diferente bat egitea, euskaraz erabat”, dio irakasleak. Freinet pedagogo ospetsuaren liburua hartu eta ulertzen zutena egin behar izaten zuten, eta horretaz gain lokalak egokitu, edo dirua bildu. “Lehengoan batek esan zidan: ‘Ya nos hacías trabajar eh! Con una hormigonera!’. Dena zen posible”. Bere hitzetatik asmatu dugu bitarteko faltarentzako erremediorik onena zein zuten: imajinazioa, “eta ilusio izugarria!”, gaineratu du Egigurenek.

Sistema berria, ezezaguna eta legalizatu gabea zen hura, eta normala zen gurasoek errezeloak izatea haurrak ikastolara eramateko garaian. Baina irakaslearen ustez gurasoak berak ziren beste guraso taldeak konbentzitzen lehenak eta horrek bidea asko erraztu zuen. Dena den, aitortzen du hasieran hutsune handiak izan zituztela programa eta edukietan: “Hasierako ikasleek ordaindu zuten hori, baina hala ere elegante atera dira bizitzaren aurrean”, dio.

Hurrengo “errenkarnaziorako” utzitakoak

Lehengo ikasleak gaurko pertsona heldu ikusten dituenean poza sentitzen du Ixiar Egigurenek, poza eta “lasaitasuna”. “Eta alderantziz? Ikasle batekin asmatu ez duzula sentitzen baduzu?”, bota diogu. Isilik gelditu da denbora luzez, begirada lausotu zaio: “Ikasi dut hori ere onartzen, batzuetan asmatzen da eta bestetan ez. Baina ni genetikoki optimista izan naiz beti”, azaldu du gero irribarre batekin.

Urteek ez dute barkatzen, ikasleak hazi egiten dira eta guraso bihurtu. Berdina al da lehengo eta gaurko gurasoen jarrera? Berdinak kezkak? Gizartea aldatu den bezala, aldatu dira portaerak: “Hasierako ikasle haiek, klase ondoren ikastolan geratzen ziren, ez zuten presarik amaitzeko. Orain, batek musika, besteak dantza, ortodontzia jartzea... Hori izugarri kanbiatu da”, dio berak. Baina ez da erraza ikastolen hasierako izaera berezi hura mantentzea, “koordenada zehatz batzuk eman ziren hori posible egiteko, garai pribilegiatua bizi izan genuen”.

Ixiar Egigurenek argi du etorkizuneko ikastolak irakasleen prestakuntza “humanoa” landu behar duela: ikasleak zer behar duen ezagutu, jakin zergatik diren ezberdinak, eta ezberdintasun horiek onartu. “Denok ateratzen gara seriean. Gurasoak sufritzen hasten dira hortzekin, horri atera zaiola eta nireari ez... Nahi ditugu berdinak, ezberdintasunak bertigoa sortzen digulako eta horrela ez dugu ekarpenik egiten, antzuak geratzen gara”. Pertsona bakoitzak bere gaitasunak garatuko dituen eskola berri bat nahiko luke hernaniarrak, baina hori beste irakasle belaunaldientzat utzi du: “Nire hurrengo errenkarnazioan egingo dut”.

Gustura ari gara irakaslearekin hizketan, baina goiza aurrera doa eta jubilatua dagoen arren bere zereginak baditu. “Informatika ikasi nahi nuke, oraindik asko geratzen zait”, dio. Erriogoardatik atera garenean eguzkia goian dago. Zarautzera (Gipuzkoa) abiatzeko ordua da, han dugu hurrengo zita.

Josu Txapartegi, irakasle “antzerkizalea”

Ikastolen historian eztabaida mingarririk bada, hori izan da publifikazioarena. Euskal eskola publikoaren auzia diktaduraren amaieratik hasi zen mamitzen eta 80ko hamarkadan hartu zuen indarra –Eusko Jaurlaritzak eskumen autonomikoak bereganatu zituenean–. Ikastolen sare berezia hezkuntza publikora egokitzeak ideia kontrajarriak sortu zituen abertzaleen artean eta 1993an ikastolek publiko edo pribatu aukeratu behar izan zutenean barne-zatiketa nabarmena ikusi ahal izan zen. Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolak bigarren aukeraren alde egin zuen.

“Pribatua ez! Ikastola ez da pribatua izan, jaio zen herritarren bihotzetik, estatuaren inposaketari herritar batzuek emandako erantzuna izan zen eta horri pribatu deitzeak mina ematen dit”. Garbi hitz egin digu Josu Txapartegik, ondo uler dezagun, nabari da irakasle izan dela. Bere ustez ezkerreko marxisten akatsa izan da pentsatzea gobernu publikotik datorrena defendagarria dela eta herritarrengandik datorrena pribatua, baztertu beharrekoa: “Chiapasen Mexikoko hezkuntza eredua aztertu zutenean, esan zuten: ‘Fuera! Guk sortuko dugu gure eskola’, indigenek sortutako eskola horri deituko diot nik pribatu?”.

Josu Txapartegi, Txapas, euskararen alde lan egiteagatik hasi zen ikastolan, duela 30 urte. Azkeneko 10 urteetan musika irakasle izan da egun erdiz –beste egun erdia maisu–; Tolosako (Gipuzkoa) Sakramentinoen komentuan ikasi zuen pianoa zertxobait jotzen, Salbador Garmendiaren eskutik. Lehenengo aldiz mutiko bat pianoa jotzen ikusi zuenean ez zuen ulertzen: “Nola jo liteke gauza bat eskuin eskuarekin eta ezkerrarekin bestea?”. Musika Plazako Arrano elkartera igo gara lasaiago egoteko. Bizitza konprometitua izan du Txapasek eta aurreneko sorpresa elkarteko paretan zintzilik aurkitu dugu: Amnistaren aldeko kantuaren partitura originala (Kalera kalera...). Berak idatzi zituen letrak 1976an eta Imanol Urbietak konposatu zuen musika. Baina orduan egilearen izena sekretu bat zen, “ezin genuen esan kantua zeinena zen, beldurragatik”, dio ahotsa jaitsiz, sekretua hautsi nahi ez balu bezala.

Kafe usain eta aulki hutsen artean hasi gara berriketan. Orduko gabeziez, ikastolan sartu zeneko giroaz, metodologiaz eta gurasoen jokabideaz... Esandako guztien artean arrazoi bat atera da garaile: “Umeari ematen diozun ezagutzen hamarretik zortzi, bizitzaren aurrean nola bizi ikasteko da”. Hala ere, Txapartegiren ustez ikastolek ezagutza zientifikoan, edukietan, gabezia handia dute gaur egun: “13 urteko haur batek ikusten du telebistan ondo egindako programa bat eta ordu laurdenean ikasten du irakasle batek hamar ordutan azalduko diona baino gehiago”. Ikastolen zereginak beste dimentsio bat hartu du zarauztarraren iritziz, soziologikoa, agian; jendarte txiki baten antzekoa izango omen da etorkizunean ikastola, haurrek beren bizimodua antolatzeko gune bat.

Curriculuma: enegarren erronka

1996an ikastolek euskal curriculuma sortzeko erabakia hartu zutenetik ur asko pasa da zubi azpitik. Pixkanaka, gero eta erakunde gehiago sartu da tartean, hasieratik jakina baitzen ekimenak herri osoarena behar zuela izan, ez soilik ikastolena. Pasa da beraz urte mordoska lehen urratsa eman zenetik. Hala ere, hunkitu egiten du ikusteak Txapas bezalako irakasle zaildu bati nola irekitzen zaizkion begiak curriculumaz hitz egitean. Gauza garrantzitsua izan behar du bederen.

“Nik orain biloba bat daukat, Garazi; eskolara sartuko da laster eta 17 urterekin atera, ibilbide horretan mundua nondik begiratuko duen funtsezkoa da”, dio aitonak. Frankismoan, euskara errekuperatzea zen helburua, baina hori ez dela nahikoa konturatu da Txapartegi, Oteizak ireki zizkion begiak: “Berak zioen euskara salbatuko dela euskara sortu zuen euskal gizaki hori berreskuratzean. Horixe da curriculuma”. Gaitz handi bat hedatu omen da ikastolaren historian ordea: politika egitearen beldurra. “Politika ez zela egin behar esaten zen eta zer pasa zen? Apolitiko bihurtu ginela, eta umeari herri honen izaera kontatzea popatik hartzera joan zela!”. Inor ez omen zen politikaz hitz egitera atrebitzen eta hori “desastre” bat izan zen Txapartegiren ustez, “drama” bat. Agidanean, antzera jarraitzen dute orain irakasleek eta Txapas seguru dago curriculuma egiterakoan zalantza berdinekin aurkituko direla, berdin mapak egiteko edo konstituzioak interpretatzeko.

Ondoko tabernara gonbidatu gaitu zerbait hartzera. Jendeak agurtu egiten du, denek ezagutzen dute: “Iepa Txapas, oso ondo atera zen aurrekoan emanaldia...”. Koru batean dabil eta ez dauka aspertzeko aitzakiarik. Ikastolan lantxo batzuk egiten ditu oraindik, baina berak dioenez molestatzen ari dela sentitzean utzi egingo du. Kaleko giroan sartuta, zirikatzea eta antzerkia egitea gustatu izan zaiola igarri diogu zarauztarrari: “Asko! Umeak probokatu egiten ditut, zaharrek probokazioaren aurrean disimulatu egiten dugu, baditugu gure defentsak, baina umeak prast! botatzen du. Edozein zorakeriarekin erantzuteko abilezia baduzu, umeak dena onartzen baitu, sortzen den hizkuntza libre hori oso polita da”.

Eguerdia da eta Zarauzko Musika Plazak inurritegi bat dirudi jadanik. Bertan utzi dugu Txapas, David Bodanisen E=Mc2 liburua eskuan duela, jendarte “txiki” haren erdian. Guk Legazpira (Gipuzkoa) egin behar dugu, Nekane Arin irakasleak bazkalostean espero baitu gure bisita.

Legazpiko ikastolako lehenengo
irakaslearekin berriketan

Nekane Arinek 21 urte zituen magisteritza amaitu zuenean eta ez zekien ikastola bat zer zen ere. Gurasoek 3 eta 4 urteko 41 haurren kargu utzi zuten irakasle hasiberria. “Lehenengo egunean haurrak esertzeko ohol batzuk besterik ez nituen, txotxak, orri batzuk eta arbela bat, beste materialik ez”, dio legazpiarrak. 40 urte geroago jubilatzeko ordua iritsi zitzaion –joan den urtean– eta hasierako ikasle horiek 44 urte dituzte gaur egun. Oraindik elkartzen dira afaritarako noizean behin, eta oraindik “andereño” deitzen diote askok.

Nekane Arin segituan ohartu zen ikastolako pedagogia ezberdina zela eta mugimendu berri baten aurrean zegoela: “Ikastola beti saiatu da bide berriak urratzen, beti egon da metodologia hobetzeko gogoa” dio. Urte batzuen ondoren heziketa berezia behar duten ikasleentzako gelan hasi zen lanean, agian, urteen poderioz atzemandako injustizia bati erantzun nahian: “Hezkuntza sistema honekin ez ditugu ikasleen gaitasuna eta erritmoa errespetatzen. Inor ez da nor haur bati esateko hamar urterekin ‘hau jakin behar duzu’, horrek porrota sentsazioa, autoestima falta eta frustrazioa sortzen ditu, eta indarkeria ere bai. Baina ez gara konturatzen lehenengo erasotzaileak gu garela, behartzen ditugulako jarraitu ezin duten bide batetik ibiltzera”. Gaur egun eskolen artean dagoen konpetentziak kalte handia egiten duela uste du irakasle beteranoak: “Estatistikak egiten dira-eta!” dio asaldatuta.

Legazpiko etxeko egongelan galtzamotzdun ikasleak ikusi ditugu argazkietan, alkimiak harrapatuta, hamarkada askotako ibilbidearen irudi dira. “Imajinatzen dituzu ikastolak beste 40 urte barru, Nekane?”. Erantzuna barrutik etorri zaio: “Ikastolak gizartearen isla dira. 2.000 urtetan ezer gutxi aurreratu dugu, teknologian beharbada bai, baina baloreetan... Zer dira ba 40 urte?”. Andereñoak atea itxi duenean, hausnarketa hori gurekin etorri da. Ikastolari agur esan dion irakasle belaunaldi baten zertzeladak pintatu ditugu hemen. Belaunaldi berriek margotuko duten koadroa nolakoa izango ote da?

Azkenak
Yemenen 68 hildako eragin ditu AEBen bonbardaketa batek

Petrolio-portu bateko sarraskia gertatu eta hamar egunera izan da erasoa. AEBek erasoak abiarazi zituztenetik 250 pertsona baino gehiago hil dira Yemenen. Oraingoan 68 pertsona hil eta 47 zauritu izan dira. Orain arteko bonbardaketa lazgarrienetakoa da.


2025-04-29 | Antxeta Irratia
Lakaxita: beste Irun posible baten erresistentzia 20 urtez

Beste bizi eredu  baten alde eginez, hainbat belaunaldik ikasteko, antolatzeko, esperimentatzeko eta trebatzeko aukera izan dute Lakaxitan bi hamarkada hauetan zehar. Gazte belaunaldi anitz ikusi ditu gaztetxeak, eta Jaion bestan, oraingo gazte mugimenduko kideak ez... [+]


Igor Peñalver (ELA Volkswagen): “Jarritako garraiatzaileekin osasun arazoak sor daitezke”

ELA, LAB eta CGT sindikatuek ibilgailu elektrikoak egiteko elektrifikazio prozesuan instalatutako olagarro edo garraiatzaile berria kentzeko eskatu diote Nafarroako Volkswageni. Elkarretaratzea egin zuten ostegunean eta atzorako greba eguna deitu zuten lantokian: 13:15etatik... [+]


2025-04-28 | Amanda Verrone
Lurrerako giza eskubidea: gaudenen eta eraman gaituztenen alde

Apirilaren 17an, Brasilgo Eldorado do Carajás-en egin zuten lurrik gabeko 21 langileen sarraskiaren 29. urteurrena izan da. Ordutik, La Vía Campesinak data oroitzen du Nekazarien Borrokaren Nazioarteko Egun gisa, lurrerako eskubidea defendatzeagatik koldarkeriaz erail... [+]


Argindarra itzuli da Euskal Herriko lekurik gehienetara, baina normaltasunera itzultzeko “orduak edo egunak” beharko dira

Gaueko 21:00etarako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako %85era itzuli da hornidura energetikoa, eta Nafarroan, berriz, %50era. Egoera okerragoa bizi dute Espainian eta Portugalen: hurrenez hurren, argindarra lurraldearen %25era eta %10era iritsi da.

Sare elektrikoa erabat erori da... [+]


Lizarrako Udalak txosnei jarritako debekuaren aurka protesta egin zuten 27 gazte epaituko dituzte maiatzean

Maiatzaren 22tik 23ra bitartean deklaratu beharko dute auzipetuek. Gazteek salatu dute instituzioak "geroz eta gehiago" ari direla mugatzen protestarako eta mobilizaziorako eskubide politikoa, eta 'Bajadikako 27ak' izenarekin sortu dute plataforma bat. Maiatzaren... [+]


Iparretarrak taldeko militanteen omenezko margolana aurkeztu dute Baigorrin

Felipe Bidart Iparretarrak taldeko kide ohiak Kazetari azaldu dioenez, "borrokan erori diren militanteak oroitarazteko" xedea du margolanak. Xabi Tapia Xabxab artista urruñarra da haren egilea, eta Baigorriko Lagundu elkarteak antolatuta egin dute aurkezpen... [+]


2025-04-28 | ARGIA
Uxue Alberdiren “Hetero” liburuaren aurkezpenak emango dio hasiera Azokaroari

Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren 6. edizioa ekainaren 7an izango da. Girotzeko eta azokaren eragina inguruko herrietara zabaltzeko, aurreko asteetan zehar sei ekintza kultural antolatu dituzte Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean. Lehena martxoaren 30ean izango da,... [+]


Euskal herritar bat epaituko dute bete hogei pertsonarekin batera 2021ean Bartzelonan etxegabetze bat geldiarazten saiatzeagatik

Maiatzak 8an abiatu eta ekainaren 3ra arte luzatuko da epaiketa. Guztira 35 espetxe urteko eta 200.000 euroko zigorra eskatu ditu fiskalak auzipetuentzako.


Norabidea erakusten duten zenbait ohar, Aritz Otxandianori gertatutakoaren harira

Harriduraz irakurri dugu prentsan Aritz Otxandianori etxean bertan bengalekin egindako erasoaren albistea. Berak sare sozialetan eman zuen gertatutakoaren berri. Bai bera, bai bere adierazpenak jasotzen dituzten hedabideak ahalegindu dira eraso hori makro-berriztagarriei buruzko... [+]


Mikel Gardoki omendu dute, haren erailketaren 50. urteurrenean: «Egia jakiteko garaia da»

50 urte bete dira Polizia frankistak Mikel Gardoki Azpiroz ETApm-ko kidea tirokatuta hil zuenetik. Egiari Zor fundazioko kideek eta Gardokiren kide Juan Miguel Goiburu Mendizabal 'Goiherri'-k hartu dute parte ekitaldian.


2025-04-28 | Gedar
Berrarmatzeari eta industria militarrari ezetz esan diete

PSOEren hainbat egoitza eta armagintzarekin lotura duten hainbat enpresa seinalatu dituzte, hala nola, ITP Aero, Dassault eta Lauak.


Kontserbadoreei aldea iraulita, liberalak faborito dira Kanadako parlamenturako hauteskundeetan

Astelehen honetan egingo dituzte Kanadako Komunen Ganberarako hauteskundeak, Trudeau lehen ministro ohia ordezkatu duen Mark Caneyk data aurreratu ostean. Liberalen lidergo aldaketak kontserbadoreei aldea nabarmen murriztea eragin du, eta inkesta gehienek bozetan garaile irtengo... [+]


Eguneraketa berriak daude