Perfektuak
Rodrigo Muñoz Avia idazle madrildarrak hamar urtetik aurrerako neska-mutikoentzat sortutako Los perfectos kontakizunak irabazi zuen azken Edebé Haur Literatura saria. Fernando Reyk egindako itzulpenari esker irakur dezakegu orain euskaraz. Familia perfektuaren seme izateaz gogaiturik dagoen hamaika urteko mutikoa da protagonista. Bere familia zelatatzeagatik bizi behar izaten dituen ezusteak azaltzen dira liburuan. Alex –hala deitzen da mutikoa– ez da akatsik gabea: besteak beste, azken ebaluazioan bi suspentso izan ditu. Dena den, badu lagun handi bat, suspentsoak eskuratzen bera baino trebeagoa dena. Baina haren bultzadari esker ezagutuko du Alexek hobeto bere familia.