Irrikaren distira
Berrogeita hamar liburutik gora plazaratu ditu Antton Kazabonek, batez ere haur eta gazte literaturan. Ipuinak, nobelak, bertsoak eta olerkiak dira gehien lantzen dituen generoak. Eta hain zuzen ere, gaztetxoenei zuzendutako olerkiekin datorkigu Pamiela argitaletxean kaleratutako Irrikaren distira izeneko liburuan. Maitasunezko olerkiak dira batzuk –Zure bila nabilenean/ kamioa bide/ orbelak aire/ itzala lagun/ gau eta egun,/ (...) malura urrun/ gau eta egun/ Bidea elkarrekin goza dezagun.–; bizitzan egokitzen zaizkigun zenbait parada ilunei eskainitakoak besteak –Zenbat denbora/ lagun artean isolaturik,/ zaratapean gor,/ hizketan sentitu gabe,/ jende artean bakarrik–, eta bizitzako beste goiti-beheitiei buruzkoak ere bai: Gazteak ez daki/ zahartzaroa dela/ eskolako ikas mailarik zailena/ Orain arte denek gainditu duten/ azken ikas maila.