Sortzez Albacetekoa bada ere, 35 urte daramatza Euskal Herrian Jesús Algaba doktoreak. Espainiako Otorrinolaringologia Elkarteko lehendakaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko Otorrinolaringologiako irakasle titularra da. Donostiako Erietxeko eta Gipuzkoako Poliklinikako zerbitzuetako buru ere bada bera.
Belarriek gorputzeko atal ahantziak dirudite askotan.
Hala da, askotan gertatzen da hori, ez baitiogu entzumenari behar duen arreta jartzen. Ikusmena edota hortzak, esaterako, asko zaintzen ditugu, belarriak ordea ahaztuta ditugu eta ez ditugu behar bezala zaintzen; ez zaintzeaz gain, kaltetu egiten ditugu, zaratarekin adibidez.
Beraz, zaratak entzumena lesionatzen du?
90 dezibeliotik gorako edozein egoera kaltegarria da entzumenerako. Trafikoa, obrak, diskotekak, aurikularretatik musika entzutea… Horrek guztiak gogor eragiten dio entzumenari. Epe motzean ez da ondoriorik nabaritzen, baina denbora luzez horrelako egoeretan egonez gero, etorkizunean pertsona horrek entzumen galera izateko arriskua du. Zarataren eraginez sortzen den gorreria lesio motela bezala ezagutzen da, epe luzeko eragina baitu; horregatik, zaila da antzematen.
Geroz eta gazte gehiago joaten omen da otorrinoarengana.
Zoritxarrez. Entzumen azterketak egiten ditugunean, berehala ohartzen gara zarataren eraginez sorturiko entzumen galera duela gazte askok. Gaixoa ez da gai 4.000 frekuentzian –tonu altuan– dauden soinuak entzuteko. Normalean, lantegietan zarataz inguratuta dauden gazteen kasua izan ohi da, ez baitute entzumena behar bezala zaintzen. Eta beste gazte askok orduak pasatzen dituzte aurikularrekin musika bolumen altuan entzuten.
Fisiologikoki nola eragiten dio zaratak entzumenari?
Barraskilo izenez ezaguna den egituraren barnean aurkitzen diren zelula ziliatuak hondatu egiten dira lehen aipatu dugun 4.000 frekuentzia horretan. Behin galdu dena ezin da berreskuratu, zarataren ondorioz sorturiko entzumen galera lesio atzeraezina baita. Ez dago tratamendurik ez eta kirurgia egiteko aukerarik ere. Irtenbide bakarra kanpo-protesia edota inplante-protesia litzateke.
Prebentzioa litzateke jorratu beharreko bidea?
Lesioa atzeraezina denez, oso garrantzitsua da prebentzioa. Modu jarraian zarata bortitzak entzutea saihestu behar da eta langileek belarriak babestu behar dituzte. Gainera, berebiziko garrantzia du noizean behin otorrinoarengana joan eta entzumen azterketak egitea.