"Bankuari lapurtzea ohorea da niretzat"

  • Cervantesi otu izan balitzaio Lucio, ez zukeen Kixoterekin hainbeste denbora pasako. Sherlock Holmes detektibea bere kapelu eta guzti desagertuko zen Arthur Conan Doyleri hatzen puntan azaldu izan balitzaio Lucio. Uderzoren irudimenetik pasa izan balitz Lucio, Asterix eta Obelix aspaldi erori ziren erromatarren eskuetan. Baina ez, holako pertsonaiak naturari baino ez zaizkio bururatzen.
Lucio Urtubia
Lucio Urtubia, anarkistaAmets Arzallus
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Asko idatzi da Lucio Urtubiari buruz, eta oraindik ere idatziko da. Baina zein da, zuk, oheratzerakoan, biloba txikiari kontatuko diozun istorioa?


Kontatuko diot nola ni haurra nintzela gure amak mirariak egiten zituen. Ez geneukan ezer, ezertxo ere ez, eta hala ere moldatzen zen ez zegoen lekutik atera eta guri urdaila betetzeko. Mirariak egiten zituen gure amak, eta ez da oraindik idatzi horri buruz, ez da egon oraindik pertsona inteligenterik orduko emakumeen indarrari eta argitasunari buruz idazteko. Ba nik kontatuko diot nire bilobari hori. Eta gero erantsiko diot, nik zortea eduki nuela, nahiz eta baldintza txiroenetan bizi, idazten eta irakurtzen zekien ama bat eduki nuelako, eta zortea eduki nuen berriz ere, kartzelan denbora asko pasa zuen aita bat izan nuelako. Eta aitak, kartzelan, hezkuntza bat hartu zuen, ikasi egin zuen, eta afaldu eta gero beti nire arreba txikiek mahaiaren gainean dantza egiten zuten, eta gero aitak istorioak kontatzen zizkigun, guk ilusioz entzuten genituenak, bandiduen istorioak. Beraz, bazegoen halako maitasun bat eta halako inteligentzia bat, nahiz eta behartsuak izan. Eta baldintza horietan hazi nintzen ni. Baina azken-azkenean, nire bizitza kontatu eta gero, esango nioke, “biloba, baina ni berriz jaioko banintz, eta aukera emango balidate, berriz ere bizitza bera aukeratuko nuke, bizi izan naizen bezala bizi nahiko nuke berriro”.

Aitona, baina hori entzuna neukan lehenago. Zergatik ez didazu beldurrezko istorio bat kontatzen?


Egun batean nire aita gaixotu egin zen, eta izugarrizko oinazeek hartu zuten, minez sufritzen zuen. “Seme, nire etsaiei ere ez diet opa daukadan mina!” egiten zuen garrasi. Eta nire amak ur freskoa pasatzen zion kopetatik, hori zen bere erremedio bakarra. Orduan ez geneukan ez penizilinarik, ez morfinarik, ez ezer. Mila duro behar ziren sendabidea emateko, eta gizon bat hitz emana zen aitari sosa utziko ziola. Diru haren bila bidali ninduen aitak, baina gizonak ez zizkidan eman, ez omen zeuzkan. Aita, ezin gehiago jasanez, hil nezan galdezka hasi zitzaidan: “Seme, zuk badauzkazu potroak, eta hil ezazu zure aita nahi baduzu!”. Hainbeste sufritzen zuen gaixoak, eta hainbeste sufritzen genuen beste denek... Labana handi bat hartu nuen. Kaskanten zegoen banku txikira hurbildu nintzen. Banku txiki hartan ikusiak nituen billete pilak. Eta bi aldiz saiatu nintzen bankua asaltatzen, baina horretarako hango emakume langilea hil behar nuen. Hamalau edo hamabost urte nituen, eta bietan, bertaraino hurbildu eta atzera egin nuen. Eskerrak. Egin izan banu ordubete beranduago atxilotuko ninduketen.

Hain pobreak zineten, aitona?


Pentsa, apenas izaten genuen zer janik eta zer jantzirik. Baina horri esker asko ikasi nuen, pobrezia izan zen niri begiak zabaldu zizkidana, eta aurrez egituratua zegoen guztiari errespetua galtzera eraman ninduena, elizari, jabetza pribatuari, eta estatuari. Eta autoritateari errespetua galtzeak zapore gozoa du, badakit nik hori. Aldiz, aberatsa izan banintz ez nuen holako beharrik edukiko. Eta orduan pentsatzen nuen, edo amets egiten nuen, “nire bizitza emateak konponduko balu jendeak ogia edukitzea, eta gauza gehiago, nik bizitza emango nuke”.

Aitona, eta zu txikia zinenean mundua gaur bezain handia al zen?


Gaur baino handiagoa zen orduan mundua! Ezin zen esplikatu. Entzuten ziren Ameriketara joaten zirenen kontuak, baina nik ez nekien zer zegoen han. Orain denak buelta hartu du, eta konturatzen naiz gauzak oso txikiak direla. Hementxe ikusten ditut Amerikako leku guztietatik etorritakoak, Mexikotik, Txiletik, Brasildik, Afrikatik ere bai, eta orduan ikusten dut mundua txikia dela. Unibertsoa handia da, baina mundua txikia niretzat.

Eta zu ez zara inoiz beldur izan, aitona?


Bai, sekulako beldurrak pasatu ditut bizitzan. Adibidez, beranduago, diru lapurretak egiten nituenean galtzetan pixa egiten nuen, beldurrez. Baina beldurra beharrezkoa da, beldurrik ez duena gaizki dabil. Kontzientzia eta inteligentzia eduki behar dira beldurrari aurre egiteko, baina beldurra ere behar da.

Eta norena da ganbaran dagoen Thomson metraileta handia?


Hori Quiqorena da, biloba.

Eta nor da Quiqo?


Francisco Sabate zena, kataluniar anarkista. Oso pertsona ona zen, izugarria, idealista, eta heroi bat garai hartan. Bere bi anaiak galduak zituen ordurako, bat guardia zibilek tiroka hila, eta bestea garrotearekin exekutatua. Leku guztietako poliziek eta armadek bilatzen zuten. Nire etxean bizitzen hasi zen. Gordeleku ona zuen, ni ez bainengoen erreta orduan. Berarengandik jaso nuen nik jakituria hau, eta horrek eragiten dit erreakzionatzea, eta izatea, berari zor diot nik egin dudan dena. Quiqorekin bizi izan nintzelako onartu nuen zenbait gauza debekatu egitera ausartzea. Eta orain ez dit inongo lotsarik ematen inori esateak nik asko lapurtu dudala, izan makinak, materialak, zazpi edo zortzi banku atrakatu ditudala, txeke eta billete faltsuak metaka fabrikatu ditudala...

Armak ere lapurtu zenituen, aitona?


Ahal izan ditudan guztiak! Egin dut, eta berriz egin beharko banu, egingo nuke. Ez naiz lotsatzen, alderantziz, zer ohorea! Niri arima lotsatan eroriko litzaidake norbaiti ezer txarra egin izan banio. Baina guk bezala lapurtzea ekintza iraultzaile bat da. Hori da egin behar dena. Bankuak bandidu batzuk dira eta! %30eko eta %40ko benefizioak egiten dituzte! Zer ohorea horiei lapurtzea!

Baina aitona gu ikastolan zigortu egiten gaituzte lapurtuz gero. Eta jotzen badugu ere bai, gaur lagun bat jo dut eta kanpoko garairik gabe gelditu naiz... Andereñoak esan dit jotzea ez dagoela ongi.


Biloba, ni bortizkeriaren aurka nago, baina zenbait momentutan, adibidez, zenbait buruk erabakitzen dutenean mundu guztiaren patua, nik uste dut bortizkeria beharrezkoa dela. Bat mundura datorrenean, bortizkeria bere baitan duela etortzen da, amak ere minez ekartzen gaitu mundura, eta bortizkeriak gutako bakoitzaren baitan habia egina du. Esan dut hala ere, ni ez nago bortizkeriaren alde, baina bortizkeriak zenbait gauza konpontzen baldin baditu, zergatik ez?

Orduan jo nezake?


Nik esango dizut defendatu dezazula zure burua, baina inteligentzia, inteligentzia dela beti.

Ba nik irakasleari esan diot nire aitonak bizitza guztia pasatu duela borrokan, eta ez diotela zigor handirik jarri...


Ez naute asko zigortu, zergatik? Horixe galdetzen dut nik ere, zergatik? Batez ere lagun handi bat izan dudalako, asko lagundu didana. Lagun handi bat izan dut nik, eta ez banu hura izan, kartzelan usteltzen egongo nintzateke oraindik. Bost bilatze eta atxilotze-agindu nituen bizkar atzean. Polizia guztiak nire atzetik zebiltzan, itsaso, lur, eta aire. Ez banu LJ deitzen dudana, Mitterranden eta bere ministro guztien aholkularia zena gobernuan, ondoan eduki, oraindik kartzelan nengoen. Hark lagundu zidan, eta gainera abokatu onak ere eduki ditut, Rolad Dumas, Henry Torres... Horiek lagundu didate. Horiengatik ez balitz milaka urtetarako kondenatuko ninduketen.

Beraz arrazoi dute esaten dutenean nire aitona gangster bat dela, lapur handi bat.


Zure birramonari ere, nire amari, hori esaten zioten, “zure semea bandidu bat da!”. Eta badakizu zer erantzun zien gure amak? “Nire semea santu bat da”. Ba, zuk ere esaiezu banku bat lapurtzea ekintza iraultzaile bat dela, eta ahal baduzu, egin ezazu zuk ere. Baina ez zuretzat. Zuretzat lapurtzea ez dago ongi, ni ez naiz epailea inor kondenatzeko, baina ideal baten alde baldin bada, ospitale bat egiteko, edo liburutegi bat egiteko, poztuko nauzu, bestela ez.

Eta nola lortzen zenuten hainbeste diru, aitona?


Adibidez faltsifikazioak eginez. Oso errazak ziren. Bortizkeriarekin ere diru asko hartzen genuen, asaltatuz, baina oso arriskutsua zen, eta niri ez zitzaidan gustatzen. Horregatik hasi ginen hori utzi eta txekeak eta faltsifikatzen. Eta ondradua izanda, inori minik eman gabe, nahi genuen guztia biltzen genuen, milioi asko! Eta gero traveller txekeekin hasi ginen, zenbait bankutako travellerrak, Italiakoak, Espainiakoak, kobratzen genituen. Orduko futboleko sarrerak bezalakoak ziren, errazagorik ez zegoen faltsifikatzeko. Eta travellerra nahi zenuen lekuan kobra zenezakeen, nahi zenuen herrialdean, beti ere nortasun agiri egokia eramanez. Nortasun agiriak ere faltsifikatzen genituen.

Zer egiten zenuten gero diruarekin, aitona?


Taldeak laguntzen genituen, presoentzat, abokatuak ordaintzeko, etxeetarako, azpiegiturarako, behar genuen guztirako. Hego Amerikara ere laguntza asko bidali dugu.

Eta ez duzu zati txiki bat gorde niri emateko?


Ez umea. Bada jendea uste duena batzuk aprobetxatu egin direla, eta esango dizut, nik jende pila bat ezagutu dut gurekin harremanetan, izan miliak, izan polimiliak, izan brigadistak, izan Action Directe-koak, izan GARIak, izan Tupamaruak, izan boliviarrak, eta nik ez dut bat bera ere ikusi aprobetxatu denik.

Eta aitona, hain lapur ona izanda, ez dut ulertzen. Zergatik joaten zinen egunero lanera?


Moralagatik. Nire indarra horixe izan da, goizero jaiki eta lanera joatea. Ni salbatu nauena lana izan da. Atzo lagun handi bat etorri zen hona, Antonio Martin, Granados eta Delgadorekin ibilia, bera izan zen leku batzuetan bonbak jarri zituena, eta horretaz aritu ginen hizketan; gure indarra hori izan dela, finak izatea. Poliziak beti eduki du errazkeriarako joera, arinkerirakoa, kafeak hartzekoa, tontakeriak, eta gu ez ginen holakoak.

Ba lanera joateko jaiki behar baldin bada goizero, nik kasik nahiago dut politiko handi bat izan, eta ministro izango naiz: ez da ezer jakin behar eta nahi dena egiten da.


Bai, baina hori ere... Nik ez izateko esango nizuke. Zoritxarrez, horien artean ez dago adibide onik. Frantzian ez dago gizon baten adibidea baino, ni lagundu ninduen gizon horrena hain zuzen. Eta adibide txarrak izugarri dira. Ez dut sinesten gizon horiengan, eta nahiago dut naizena izan. Ez daukat soluziorik, ez uste ni anarkista naizela esan eta soluzioa hori denik, baina nik nahiago dut naizena izan, anarkista, uste dudalako dezentea naizela.

Zer da anarkista bat aitona?


Anarkista izatea arduratsua izatea da. Gobernuaren aurka bazaude, eta elizaren aurka, ardura bat eduki behar duzu, arduratsua izan gabe ezin zara izan anarkista.

Eta zer egin zuten anarkistek?


Anarkistarik izan ez balitz, Francok ez zuen kalera ateratzeko beharrik izango, eta Espainian ez zen deus ere gertatuko. Gertatu zena zen Espainian anarkistek iraultza egin nahi zutela. Utopikoa, ezinezkoa, nahi duzuna, baina bide bat zetorren. Espainiako historia anarkistek idatzi dute. Eta anarkistak izan ziren gerra aurretik benetan lurrak okupatu zituztenak, okupatu eta behar zituztenen artean banatu, kolektibitateak sortu. Eta horregatik izan ziren Nafarroan hainbeste fusilatu. Zer krimen egin zuten, zer bekatu? Santu batzuk ziren eta, oso jende ona, lurrak okupatzen zituzten, eta banatu behartsuenen artean. Zein gauza handia! Hori ez zuketen anarkistek egin beharko, hori elizak egin beharrekoa zen! Eta horregatik fusilarazi zituzten hainbeste pertsona falangistek, erreketeek eta batik bat elizak, konturatu zirelako beraiek baino jende hobea zirela praktikan. Inbidia izan zen, jelosia.

Baina aitona, zuk esan zenidan egun batean lehen ministro izan zinela...


Hori istorio bat zen, biloba, Matignonen afaltzen egon nintzeneko istorioa. Lagun horrek deitu zidan, “Lucio, nahi al duzu Matignonera afaltzera etorri?”. Eta ez nion ez baiezkorik eta ez ezezkorik eman. “Zure entrepresako harginik zaharrenarekin etorri” esan zidan, eta hala eseki nuen telefonoa erantzunik eman gabe. Handik pixka batera deitu eta “konforme, kamioneta batean joango naiz” esan nion. Joan, eta atea zabaldu zidaten, “orain jaitsiko dira zure bila”. Badator nire bila laguna eta igo ginen gora. Lehenik xanpain kopa bat hartu genuen gero dena bisitatzeko. Heldu ginen lehen ministroaren bulegora, Roccard zen orduan, eta lagunari telefonoak jo zion. “Hemen uzten zaituztet, nahi duzuena bisitatu, ikusi nahi duzuena, baina mesedez ez zaitezte eseri lehen ministroaren aulkian, hori ez!”. Joan zen bezain pronto eseri nintzen ni, eta leloarena eginez ibili nintzen nire lagunaren aurrean, “Benito, begira... hemen Luzio lehen ministroaren etxea okupatu duena, hemen gaude gu okupa bezala”. Laguna itzuli zenean sekulako errieta egin zidan. Eliseoan ere izan nintzen beste behin afaltzen.

Aitona, kontatu orain Cheren istorioa.


Garai hartan iraultza kubatarrak ilusio handia piztu zuen, guretzat stalinismoak frakasatu egin baitzuen. Eta Parisen zegoen Kubako enbaxadorea ezagutu nuen, Rosa. Emakume hori jatorriz Nafarroako mendietakoa zen, eta Espainiako iraultzaz hitz egiten nionean entusiasmatu egiten zen. Hitz egiten nion Durrutiz, kolektibitateez, nire erara. Halako batean afaltzera joan ginen, eta dolarren bi agiri atera nizkion, eta esan nion: “Rosa, AEB arruinatzeko aukera daukagu”. Nik orduan ez neukan ezeren beldurrik, eta nire bizitza emango nuen Kubagatik. Guk, Laureano Cerradak eta guk mediorik gabe txapuza horiek egiten baldin bagenituen, ez paper fabrikazio, ez filigrana, pentsa Kubakoa bezalako gobernu batek, dena Amerikako Gobernuak bezala egiteko aukera zeukanak, pasta fabrikazio berdinarekin, espezialista berdinekin, fotograbatzaile berdinekin, marrazkilari berdinekin, zer egin ote zezakeen. Hori zen nire ilusioa, dolarrak tonaka faltsifikatzea. Eta Rosari, hasieran, esplikatu eta erakutsi nionean, txundituta gelditu zen, eta are gehiago faltsuak zirela esan nionean. Hitzartu genuen berak Cheri deituko ziola eta Che ekarriko zuela. Ekarri zuen eta Orlyko aireportura joan ginen biak, han egon ginen ia egun oso batean, goizetik hasi eta ia gauera arte.
Che ordurako oso berezia zen. Ez zen gu bezalakoa, hizketan ere ez zen gure mailan jartzen, eta gainera militarra zen, oso autoritarioa, oso ezberdina gugandik. Nire asmoa azaldu nion, “amerikarrena bezalako gobernu batek baldintza hauetan fabrikatzen baldin baditu, guk ere berdin egin genitzake. Eta guk nahi dugun jendea mugitu genezake. Tonaka egin eta AEB arruinatuko dugu”. Bi agiriak beretzat hartu eta joan zen, eta sekula ez nuen erantzunik jaso beregandik. Erantzun guziak Rosarengandik jaso nituen. Ezin zela hori egin, eta egiten baldin bazen AEB are gehiago indartuko zela. Baina historiak erakutsi digu ez zela hala, arrazoi nuela. Arazoa da Che botereko gizon bat zela, boterea gustatzen zitzaiola, eta hanka sartu zuela, gauza gehienetan sartu zuen bezala. Ni ez ninduen errespetuan hartu. Idealista zen gizona, ondradua ere bai, sinesten zuen bere bideetan, baina ikusten duzu azkenean nola hil zen, zer baldintzatan... Ez genuen traturik egin. Alde batetik hobeto, Rosak esan izan balit baietz, egin egingo nuen. Baina zer egingo nuen? Komunismoa babestu, eta horrek ez du deus ikustekorik iraultzarekin.

Beraz aitona, zuk ematen didazun paga ez da billete faltsuzkoa izango, ezta?


Ez, ez. Kar, kar, kar. Tira, baina zuk norbaiti ematen baldin badizkiozu, eta hark gizartearen onerako erabiltzen baditu, zergatik ez? Nik gaur hirurogeita sei urte ditut, baina lagunak baditut, eta jakingo bagenu nola, eta ahalko bagenu fortuna bat egin, berrehun edo hirurehun kilo txanpon sortu, adibidez eskolak edo ospitaleak egiteko, edo ahal dena, ba oraindik ere prest nengoke, eta beti egongo naiz.

Ba aitona, nire lagun batek dio hackerra izango dela, eta hackerrak izorratu dezakeela mundu osoa.


Bide horretatik ikustekoa litzateke. Nik ez dut ezagutzen Internet eta sistema hori guztia, baina konbentzitua nago hortik irits daitekeela gauza izugarriak egitera.

Aitona, eta zergatik egiten dituzte gerrak?


Horixe galdetzen dut nik ere, biloba. Pentsa, AEBko Gobernuak astero 3.000 milioi dolar xahutzen ditu Iraken, hiltzen, eraisten. Eta New Orleansen jendeak kalean egiten du lo, etxerik gabeko jende pila, ezer gabeko jendea, ez dakit esplikatu ote dezakedan sentitzen dudana. Baina hori ikusita nik sinesten dut aberastasunak pertsona izorratzen duela. Gero eta konbentzituago nago, eta jendeak ulertu behar du pobrezia aberastasuna dela, eta aberastasuna, aldiz, pobrezia, miseria. Pobrezia sortzailea da, eta aberastasuna, aldiz, eraislea, dena txikitzen duena. Norbait aberatsa denean AEBekin gertatu dena gertatzen da, derrepentean burua galtzen du, eta ez daki non dagoen. Eta Machiavelok esaten zuen bezala, gobernatu nahi duenak goberna dezala, dena den, gobernatzeko kriminala izan behar da.

Afrikan bezala bizi behar dugu?


Ni ez nago adibidez Haitiko pobreziaren alde, han jendeak lurra jaten du. Hori ez da pobrezia, hori heriotza da. Nik diodan pobrezia da, edozeinek gutxienez jatekoa eduki dezala, horixe, ez baita fortunarik behar bizitzeko, hori gezurra da. Badirudi ahaztu egin zaigula bizitzen, ez dakigula bizitzen. Pobreak borroka egin behar du, hori bere betebehar bat da, eta zoritxarrez, gaur holakorik ere ez da ikusten. Abandonora erori da jendea, bere burua ere abandonatzeraino, lo hartu du jendeak, ez dakit zergatik, oparotasunagatik agian. Eta borrokatzea dagokigu, bestela gu ere konplizeak gara, eta errudunak.

Eta aitona zu nafarra zara, baina euskalduna zara?


Ni ez naiz nazionalista baina ni Arzalluz bezain euskalduna naiz, eta euskalduna bezain nafarra naiz, eta baita frantsesa ere, eta baita espainola ere! Ulertzen? Ni ez naiz nazionalista, ni askoz hobeto ulertuko naiz arabiar iraultzaile batekin euskaldun faxista batekin baino. Interesatzen zaidan jendea jende ona da, eta ona izateko iraultzailea izan behar da.

Orain lotara noa aitona, ordua dut. Baina esaidazu, noiz etorriko da egunsentia?


Hori oso galdera zaila da niretzat, biloba. Egunsentia... Inork ez daki ezer. Borrokatu egin behar da, egunsentia ez da zerutik eroriko. Alternatibarik gabe nahi izatea bezala da, nahi izatea eta kito, segitzea, bueltarik gabe. Bizitza aldatzearen aldeko nahi bat, hori da benetako iraultza, eta sakona da. Bakoitzak dauka bere argitasuna, bakoitza ezberdina da. Ez daude bi pertsona berdin. Baina nik, esan dizut, berriz jaioko banintz ere, bizi izan naizen bezala bizi nahiko nuke, bizitza bera nahiko nuke egin. Hori ez al da egunsentia?

Azkenak
Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Irutxuloko Hitza
Donostiako musika teknikari ezagun bat salatu dute hainbat emakumek, sexu jazarpenagatik

Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


2024-11-28 | Leire Ibar
Tolosan Ertzaintzak pilotakadaz zauritu zuen gaztearen kasua artxibatu dute, biktimak deklaratu aurretik

Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.


Eguneraketa berriak daude