argia.eus
INPRIMATU
Alavatik Arabarantz?
  • Urruti eta ia ahaztuta dauzkagun maiatzeko hauteskundeek joko-zelai politiko berririk utzi al digute arabarroi? Ate berririk ireki ote diete euskaltasunari eta abertzaletasunari? Eman diezaiogun gaiari errepaso bat.

    Biltzar Nagusietako eserlekuei erreparatuta, ezin da esan aldaketa handirik gertatu denik; izan ere PPk eta PSE-EEk, 2007an, 29 batzarkide lortu dituzte eta indar horiek gehi Unidad Alavesak –orain desagertuta– beste horrenbeste atera zuten 2003an ere. Bestalde, Euskal Herriari izaera propioa eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea onartzen dizkioten gainontzeko indarrek 22 eserleku izan dituzte guztira, 2007an, hau da, 2003an bezain beste. Hortaz, indar korrelazio orokor horietan aldaketa nabarmenik ez.
IƱaki Martinez De Luna @imartinezdeluna 2013ko maiatzaren 03a
Asteak joan, asteak etorri eta euskal sena erroturik daramagunok nolabaiteko lasaitua hartu genuen Arabako Foru Aldundiko ardura EAJ-EA-Aralar hirukoak bere gain hartu du-eta. Baina, zer ondorio izan lezake horrek?

Jakina da euskal politikaren mapa bi ardatzek osatzen dutela, nagusiki: bata, ezker-eskuin ardatza; bestea, espainoltasun-euskal abertzaletasunarena. Bietatik herritar xumearengan zirrara handiena pizten duena bigarrena izaten da. Hortaz, Arabako Foru Aldundiko agintean gertatutako aldaketak gure politikaren muina ukitu du, bigarren ardatz horretan kokatzen da-eta. Horregatik, gure lerroburua: Alavatik Arabarantz? Eta horren galdera ikurra ere ez da alferrikakoa.

Kontua da, foru gobernu berri hori gutxiengo batek baino ez duela Biltzar Nagusietan babesten eta, puntualki EAE-ANVren laguntza lortuta ere, espainiartasunaren ordezkariren batekin (PSE-EE ala PP) beti kontatu beharko dela hirukoaren ekimenek aurrera egingo badute. Hortaz, ondorio garbi bat: Nafarroan bezala, Arabako politikan ere euskal eta espainiar alderdien arteko zehar-lerroko planteamendua ezinbestekoa da.

Gauzak horrela, Arabako foru-aginte berriak egin lezakeen ekarpenik beharrezkoena hauxe da, nire uste apalean: Araban, harria bezala lo dagoen euskal nortasun/euskal kultur/euskara eremu zabalari astindu bat ematea.

Uste/eskaera/itxaropen horren oinarrian dauden arrazoiak, hainbat dira. Lehendabizi, PPren foru gobernu ohiak –Gasteizko alkate alderdikidearen estrategiarekin bat eginda– espainiartasuna hedatzeko ahalegin ugari egin duelako, zortzi urtez; hortaz, Euskal Herria ipar hartuta egin litekeen edozein ahalegin eta ekimen, noranzko aldaketa galanta litzateke arabar kultura eta nortasunarentzat. Bigarrenik, euskal nortasun/euskal kultura/euskararen aldeko ekimen batzuk –ez, nahi beste– abian jartzeko Biltzar Nagusietan beharrezkoak diren EAE-ANVren laguntza eta sozialisten babesa lortzea –baiezko aktiboa zein abstentzioa– ezinezkoa ez litzatekeelako. Hirugarrenik, arabar gehienek –euskal abertzaleak izan ala ez– ongi ikusiko luketelako euskaltasunaren aldeko neurriak hartzea; gaizki ez, behintzat, baldin eta neurri horiek alderdien arteko politika frentista –euskaltasun versus espainiartasun– baten auzi ez badira bihurtzen.

Azkenik, Euskal Herri asmoaren aldeko lan-ildo horri ezin hobeki ekiteko Foru Aldundiaren, Arabako beste erakunde publikoen eta herrigintzaren arteko elkarlana ezinbesteko estrategia litzateke. Hala ere, eragile horien guztien ahalegin koordinatuak behar-beharrezkoak izanagatik, horrelako jardun-bide bati ekiteko batzuek eta besteek duten gaitasunaz, tamalez, duda egiten dut. Uste horretan oker banintz –hala bedi!–, legealdi honetan Alavatik Arabaranzko bidean barna abiatuta geundeke. Ez litzateke gutxi izango!